2020, 2022, 2023…
Azpeitiko karroza egile ofiziala bihurtzen ari zara. Ez, ez, ez dut uste. Nik baino gehiago egin dituenik izango da ziurrenik.
Gustuko eginkizuna duzu, ordea.
Bai, oso gustura egiten dut. Azkenean, ilusioa egiten didan zerbait da, herriarentzat egiten dudan gauza bat.
Noiz hasten zara karrozaren proiektuarekin? Nolakoa izaten da prozesua?
Karroza egiteko proiektuak aurkez daitezkeela dioen albistea irakurtzen dudanean hasten da prozesua. Gaia jakitean, buruari buelta pila bat ematen hasten naiz; nahi gabe egiten dudan zerbait da, gauean ohera sartzean ere karrozaren gaia izaten dut buruan. Ezin izaten dut kendu burutik… Informazio bila hasten naiz Interneten, ahalik eta informazio zehatzena eta zuzenena izateko. Normalean azaroan izaten da, hil hasieran, eta hilabeteko epea izaten da proiektua aurkezteko.
Nola garatzen duzu sansebastianetarako karrozaren ideia hori?
Buruan ideia bat egiten dudanean, margotzen hasten naiz, probak egiten. Horrek denbora asko hartzen dit, ahal dudan proiekturik onena egin nahi izaten dudalako, baina, aldi berean, ez dudalako izaten denbora gehiegi, eta proiektua aurkezteko epea nahi baino lehenago iristen zait. Horrek aurkeztutakoarekin erabat gustura ez gelditzera eramaten nau, denbora gehiagorekin proiektu borobilagoa egingo nukeen sentipena izaten dut. Hala ere, ahalik eta lanik txukunena aurkezten saiatzen naiz. Aurretik, gainera, gremioekin hitz egiten dut, proiektua aurrekontuaren barruan sartzen den eta gauzatzeko denbora izango luketen jakiteko. Lehiaketaren irabazle suertatuz gero, berriro harremanetan jartzen naiz gremioekin, arotzarekin eta margolariarekin batik bat. Gabonak beraiekin hitz egiteko eta dena zehazteko aprobetxatu ditut, izan ere, izugarrizko laguntza ematen dute. Norberak diseina dezake proiektua, baina gero egingarria izan behar du. Gainera, egon daitezke hobetu daitezkeen gauzak, eta beraiek gehiago dakitenez, beraiek emandako aholkuei jarraitzen diet. Errege Magoen ondoren, karrozaren plataforma betetzen hasten dira, eta danborrada aurreko egunetan azken detaileak izaten ditugu egiteko. Beno, San Sebastian eguna bera ere horretan igarotzen dugu… Gauza askotan gertatzen den bezala, azken ukitu horiek asko luza daitezke.
"Gaia jakitean, buruari buelta pila bat ematen hasten naiz; nahi gabe egiten dudan zerbait da, gauean ohera sartzean ere karrozaren gaia izaten dut buruan"
Eta dena amaitutakoan, lasaitasuna.
Bai, ikaragarrizkoa.
San Sebastian eguneko haurren danborradako karroza ikusteko irrika handia izaten dute herritarrak. Zu nola sentitzen zara horren aurrean?
Urduri jartzen naiz une horretan. Kalera irteten naiz, eta ezkutuan ez, baina oharkabean pasatzen saiatzen naiz. Danborrada ikusten dut, dena ondo doala ziurtatzeko, eta orduan lasaitzen naiz.
Eta herritarren iritzia entzuten al duzu? Edo kosta egiten zaizu?
Hasieran ez dut gehiegi entzun nahi izaten, baina dena ondo joan dela ikusitakoan, eta ni neu lasaiago nagoenean, gustatzen zait jendearen iritzia jakitea.
Aurreko urteetako lanen aurrean, zer erantzun jaso duzu azpeitiarrengandik?
Zortez, beti iritzi eta hitz onak jaso ditut. Txarrak entzutea ez da ona izaten, eta gustura nago orain arte jasotako erantzunekin. Ea aurten ere horrela izaten den.
Trikitia da aurtengo gaia. Nola hartu zenuen?
Zaila da horrelako gai bati heltzea; izan ere, nola lotu dezakezu Azpeitiarekin? Ezinezkoa da. Gaia orokorrean hartu eta trikitiak berak dituen alde guztiak aztertu behar dituzu: instrumentua, historia, bilakaera… Baditu landu daitezkeen arloak, eta hortik jo dut.
Iaz Azpeitiko Antzerki Topaketak izan zen karrozaren gaia; herriarekin lotura zuzena duen gaia. Azpeitiarekin lotura zuzenik ez duen gaia denean, errazagoa ala zailagoa da proiektua lantzea?
Lotura zuzenik ez duenean, zailagoa egiten zait niri, lotura hori zuk zeuk bilatu behar duzulako. 2020ko urtean ere gauza bera gertatu zitzaidan: orduan baserria izan zen gaia, oso gai zabala, eta zer bide hartu erabakitzea kosta egiten da horrelakoetan.
Aurtengo karrozaren diseinuaren inguruan zerbait aurreratzerik bai?
Ez, ez. San Sebastian egunera arte sekretua da. Aurreratu dezakedan gauza bakarra da bost ume joango direla karrozaren gainean. Sei joan daitezke gehienez, eta umeei aukera eman nahi diedan arren, bost haurrekin nahikoa dela erabaki dut aurten, karroza gehiegi beteta joan ez dadin.
Iaz Amsterdamen zinen lanean. Aurten ere bertan jarraitzen al duzu? Karrozaren lanak eta antolaketa erraz kudeatu al dituzu?
Bertan jarraitzen dut lanean, eta sortze prozesua, beraz, handik egin nuen. Beharrezko dokumentuak eta, adibidez, gurasoek bidaltzen dizkidate, eta gero, Gabonak aprobetxatu nituen gremioekin eta karrozaren gainean joango diren umeekin hitz egiteko. Amsterdamera itzuli nintzen berriro lanera, eta urtarrilaren 12tik Azpeitian nago berriro, dena amaitzeko eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko. Beraz, ondo antolatuta eta udalaren eta gurasoen laguntzarekin egin dut.
"Oso gustura nago emaitzarekin. Gremioek asko lagundu didate, eta lan oso txukuna egiten dute"
Gustura emaitzarekin?
Bai, oso gustura. Gremioek asko lagundu didate, eta lan oso txukuna egiten dute. Paperean margotu nuen nik, baina arotzarengana joan eta dena muntatuta ikustean, hunkitu egin nintzen. Oso ondo egiten dute lan.
Hurrengo urterako proiektua prestatzen hasteko prest?
Ikusteko dago hori, ea non nagoen hurrengo urtean!