Ekaitz Martinez
Ordizian (Gipuzkoa) bizi da Ekaitz Martinez azpeitiarra, eta urtero etortzen da Azpeitira San Sebastian bezperako danborradan parte hartzera.
Herriko danborradako talde ugari igaro ditu Martinezek: 17 urterekin Irrintzi taldean irten zen osabarekin batera, beste bi urtetan Etxera taldeko kide gisa parte hartu zuen danborradan, eta azken Oilo-Soro elkartearekin ere ateratakoa da zazpi edo zortzi urtez jarraian, lagun batek jantzia utzi izanari esker. Zergatik etortzen zara sansebastianetan Azpeitira? Gaur egun, ordea, Ilunpe elkartetik irteten da. 2020an atera zen lehenbizikoz danborradan Ilunpe taldea. Gero, ordea, bi urtetan ez zen festarik izan COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, eta iaz, 2023an irten zen bigarren aldiz. "Oraingoan talde finkoa dut. Bi anaiekin batera jantzia egina dut dagoeneko, eta aurrerantzean beti hortik irteteko asmoa dut".
Ikaragarri gustatzen zaion festa da, eta aitortu du izugarri gozatzen duela danborradan. "Arratsaldetik taldeko kideekin biltzea eta horiek izaten duten gogo berezi hori ikustea da niretzat ederra. Festarako gogoa izaten da, umore ona, eta horrek guztiak dena borobiltzen du. Horrez gain, geroko danborradako unea ere berezia da, nik asko gozatzen dut danborra jotzeko unea, asko gustatzen zait, eta txapa hotsa ere gustatzen zait. Beraz, dena gustatzen zait, afal aurreko uneak, afari garaikoak eta ondorengoak".
Eli Porras
Betidanik Itsasi taldearekin atera da danborradan Eli Porras. Txikia zela euskal dantzak ikastera joaten zen elkarteak antolatutako ikastaroetara, eta hor hasi zen bere lotura dantza eta kultur taldeko danborrada taldearekin. Izan ere, txikitan umeen danborradan parte hartzeaz gain, gaur egun helduen taldean jotzen du danborra. Beraz, urte asko daramatza danborradan irteten.
Aian bizi da azpeitiarra, Elkano auzoan zehazki, nahiz eta eguneroko bizitza Zarautzen egiten duen. Urtarrilaren 19an, ordea, urtero Azpeitirako bidea egiten du, San Sebastian jaien ospakizun nagusian parte hartzeko asmoz. "Normalean ez dut arazorik izaten afarira iristeko, baina oso goiz izaten da-eta noizbait gertatu izan zait danborradara joatea, afaltzera iritsi gabe", azaldu du.
Sansebastianak eta bezperako danborrada oso bereziak dira Porrasentzat: "Emozio handia sentiarazten dit danborradak, gauerdiko plazako une horrek bereziki. Kontuan hartu behar da urte asko direla ez naizela bizi Azpeitian, eta egun hori izaten da berriro herrira itzuli eta azpeitiar sentiarazteko modu bat. Herriaren parte sentitzen naiz. Are gehiago, horrenbeste azpeitiar parte hartzen ari den festa izanik, danborra jotzen edota ikusle gisa".
Antxon Garmendia
Duela 40 urtetik bizi da Antxon Garmendia Oñatin (Gipuzkoa), baina ez du hutsik egiten urtarrilaren 19ko danborradan: "Orain jubilatuta nagoo eta ez dut arazorik, eta lehen, berriz, 19a eta 20a, bi egunak jai hartzen nituen sansebastianak ez galtzeko", esan du.
18 urte zituela, "duela urte asko", Irrintzi elkarteko taldearekin irten zen danborradan Antxon Garmendia. Ordutik, ordea, "eta urte asko igaro dira", Ardozaleak elkartea izan du talde bakarra. "Ardozaleak elkartea osatu genuen ondoren, eta ordutik nire talde bakarra izan da", dio.
Ardozaleak taldeak, gainera, badu berezitasun txiki bat: San Sebastian egunez goizean ere ateratzen da Azpeitiko kaleetara danborra jotzera, Gure Ametsako barrikekin batera. "Gaztetan ez nintzen irtetean goizean, baina azken 20-30 urteetan ateratzen naiz, asko gustatzen zait-eta. Oñatin bizi naiz, eta egin izan dut 19ko danborrada bukatu eta etxera itzuli lo egiteko, eta goizerako berriro itzuli Azpeitira. Orain, ordea, koinataren etxean gelditzen naiz lotan, eta horrela, goizean mugitu beharrik ez dut izaten. Goizeko danborrada hori izugarria da. Ez dago horrelakorik. Sansebastianetako unerik onena da parrokia barruan danborra jotzea eta egiten den soinua entzutea", agertu du.
Izan ere, Garmendia musikazalea da oso, eta hori da, hain zuzen ere, sansebastian festetatik gehien gustatzen zaiona: musika. "San Sebastian jaietako musikak hunkitu egiten nau, izugarri gustatzen zait; asko, gainera. Plazako une hori gauerdian eta San Sebastian egunean parrokia barruan jotzen diren bi une horiek dira onenak", amaitu du.
Idoia Egiguren
Getariatik etortzen da urtero danborradara Idoia Egiguren. Lanean bi txanda desberdinetan aritzen da, eta danborradako egunean saiatzen da goizekoa egiten. "Kasu horietan 13:00etarako, gutxi gorabehera, libre izaten naiz, eta beraz, ez dut arazorik izaten. Bi alaba ditut, ordea, eta hori ere kudeatu beharra izaten da. Senarrarekin gelditzen dira haurrak, berak ere badaki egun horretan eginbehar hori duela… " adierazi du Egigurenek.
Ahizparekin batera irteten da Egiguren San Sebastian bezperako danborradan Irrintzi elkartetik, eta beti «oso ondo» pasatzen duela adierazi du. "Azpeitiarrok, orokorrean, eta nik, bereziki, txikitatik bizi izan ditugu sansebastianak: danborrada ikustera irtenda, ikastetxean danborra joz… Egun berezitzat hartu izan dugu beti. Egun bakarra da gainera, ez da beste festa batzuk bezala, egunetan ospatu behar dela. Danbor hotsa ere ederra da. Arrazoiagatik galdetuz gero, ez nuke ezer konkretuki esaten jakingo, baina asko gustatzen zaizkidan festak dira".
Danborrada gustatzeko arrazoi konkreturik izan ez arren, urtero-urtero Azpeitiko kaleak danborrarekin igarotzeko asmoa du Egigurenek aurrerantzean ere: "Irrintzi elkarteko taldean lekua dudan bitartean, beti etorriko naiz".