Euskararen egungo egoeraz hitzaldia eskainiko du Azpeitian Iñaki Iurrebasok

Nerea Uranga 2024ko urt. 18a, 17:00

Iñaki Iurrebaso Sanagustin kulturgunearen kanpoan. (Azpeitiko Udala)

Datorren asteazkenean, urtarrilaren 24an, 18:30ean da hitzaldia Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Euskararen Mahaiak eta UEMAk antolatuta. Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMAko ikerketa teknikaria da, eta euskararen benetako egoera ezagutzeko hainbat giltzarri plazaratu ditu doktore tesian.

Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek? Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren eta UEMAko lan ikerketa teknikariaren hitzaldi zikloa antolatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hainbat herritan, udalen, euskara elkarteen eta tokiko eragileekin lankidetzan. Hitzaldi horietako bat Azpeitian izango da datorren asteazkenean, urtarrilaren 24an, Azpeitiko Euskara Mahaiarekin elkarlanean antolatuta. 18:30ean da hitzaldia, Sanagustin kulturgunean.

Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa doktoretza tesia aurkeztu zuen iazko otsailean Iurrebasok, eta euskararen benetako egoera ezagutzeko eta diagnostiko zehatzagoa osatzeko hainbat giltzarri plazaratu ditu azken hilabeteotan. Horiek labur azalduko ditu soziolinguistika doktoreak datorren asteazkeneko hitzaldian, "euskararen biziberritzerako gako eta oinarri garrantzitsuak" direlakoan, UEMAk azaldu duenez.

Doktoretza tesian eta bertako gako nagusiak zabaltzeko artikuluetan eta hitzaldietan, Iurrebasok euskalgintzan azken urteotan nabarmendu den kezkari heltzen dio zuzenean, UEMAren arabera: "Euskararen ezagutzari begiratu izan diogu betidanik, baina argi dago ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea handia dela eta areagotuz doala. Zergatik? Euskaldunen profila aldatzen ari da. Hezkuntzaren ondorioz, gero eta herritar gehiagok daki euskaraz, baina horietako askorentzat ez da lehen hizkuntza, ezta ohiko hizkuntza ere. Kontzientziarik ezean, horrek eragin handia du gero erabileran". Horregatik, Iurrebasoren arabera, hizkuntza gaitasunari behatzea da gakoa, "bereziki ahul" baitago euskara hizkuntza gaitasunean. Ikerlariak landutako datuen arabera, hizkuntza gaitasunari erreparatuta, "euskara ahul dago gaur egun Euskal Herrian, eta indartsu gaztelera eta frantsesa".

UEMAri "garrantzitsua" iruditzen zaio euskararen biziberritzerako ezinbestekoak diren gako horiek ezagutaraztea, eta horretarako antolatu du Iurrebasoren hitzaldi zikloa hainbat herritan, tokian tokiko eragileekin batera. 

Herriz herriko saio horiez gainera, udalerri euskaldunetako euskara teknikarientzat eta udal ordezkarientzat ere antolatu ditu UEMAk aurkezpen sakonagoak. Iurrebasoren tesiko gakoak ezagutarazteko eta zabaltzeko asmoz, beste zenbait ekimen prestatzen ari dela aurreratu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, beste hainbat eragilerekin batera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide