Sansebastianak 2024

Haur danbor jotzaileek hartu dituzte kaleak

Intza Trula eta Nerea Uranga 2024ko urt. 20a, 15:14

Haurren danborradako hamar taldeak eta karroza izan dira gaur eguerdian Azpeitiko sansebastianetako protagonistak. 500 danbor jotzaile inguruk giro ederrean egin dute haurren danborrada.

Hotza egin arren, eguraldi eta giro bikaina izan da gaur, San Sebastian egunez, haurren danborradan. 12:30ean abiatu da danbor jotzaile gaztetxoen desfilea Olazko Andre Mariaren plazatik; Karmelo Etxegarai ikastolako ikasleek osatutako gastadoreen taldearen atzetik, hurrenez hurren honako taldeak joan dira danborradan: Karmelo Etxegaraiko napoleoi gorriak, Iraurgiko Zumalakarregi taldea, Ikasberriko soldaduak, Iraurgiko mikeleteak, Karmelo Etxegaraiko napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskola, Karmelo Etxegaraiko Bizkaiko tertzioak, Itsasi, Iraurgiko ezpatadunak eta Ikasberriko sukaldariak. Taldeen atzetik Trikitia gai izan duen karroza joan da. Aurten ere Aitor Expositok diseinatutakoa izan da.

Alde Zaharreko kaleetan ibilbidea egin ondoren, herriko plazan elkartu dira danbor jotzaile gazteak, eta danborradako sei pieza jo dituzte. Bitartean, banderadunak udaletxeko balkoira igo dira, eta han astindu dituzte banderak.

500 gaztetxok parte hartu dute aurtengo haurren danborradan ere.

Gauerdira bitartean San Sebastian eguneko ekitaldiek jarraituko dute. Hona hemen egitaraua:

  • 16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. 20:00etara bitartean ohiko ibilbidea egingo du sokamuturrak.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborradaren hasiera. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten zazpi taldeak: Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak, Barratsu eta Basazabal.
  • 00:00. Banderaren jaitsiera plazan. Udal Musika Bandak joko ditu danborradako piezak, zuzenean.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide