Gurasoen zein gazteen garapen pertsonalean sakontzea helburu duten hainbat jarduera antolatu ditu udalak datozen asteetarako. Hiru eratako saioak prestatu ditu, hain justu: Guraso Eskolak, aitatasun tailerra eta gazteentzako autoestimua lantzeko tailerra. Leire Sarasua Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, tailer horien bidez herritarrei baliabideak eman nahi dizkie udalak, "egunerokoan izan ditzaketen hainbat egoerari aurre egiteko prestatuago egon daitezen".
Eskaintza osatzeko garaian, udalak berak ikusitako beharrak ez ezik, herriko eragileek egindako proposamenak ere kontuan izan dituztela azaldu du Sarasuak. "Herriko komunitate desberdinetan dauden kezkei eta bizi dugun errealitatean sortzen diren behar berriei erantzun nahi diegu. Aldi berean, gurasoek nahiz nerabeek elkar elikatzeko eta beren bizipenak partekatzeko uneak sortzea nahi dugu".
Guraso eskoletan, adibidez, gai ugari landuko dituzte; hala haur txikienen gurasoek izaten dituzten zalantzak, nola gero eta kezka handiagoa eragiten duen pantailen erabilera. Guraso, tutore edo haurren ardura duten herritar guztiek dute parte hartzeko aukera; alabaina, iaz bezala, aitentzat bakarrik prestatutako beste tailer bat ere antolatu du udalak. "Aitatasuna, zaintza, kudeaketa emozionala eta harremanak landuko dituzte aitek saio horietan", azaldu du zinegotziak.
Gazteek ere badute lekua udalak prestatu duen eskaintzan. Guraso Eskoletako hitzaldietako bat nerabeen buru osasunari buruzkoa izango da, eta, horrez gain, gazteei beraiei bideratutako lau saioko tailer bat ere antolatu dute. "Iaz, lanketa handia egin genuen nerabeen eta gazteen ongizate emozionalean, eta aurten arlo horretan sakontzen jarraituko dugu. Izan ere, horretarako beharra ikusi dute gazteen bueltan lan egiten duten eragileek".
Guraso Eskolak
Azoka Plazako aretoan egingo dituzte saio guztiak, eta 18:00etan hasiko dira denak. Jakinarazi dute itzulpen zerbitzua egongo dela Telegram bidez, eta hori erabili behar dutenek aplikazioa eskuko telefonoan instalatuta izan beharko dutela. Honakoa da egitaraua:
- Urtarrilak 25, osteguna. Gure seme-alabak eta pantailen eragina. Pantailen erabilpenak heldu eta haurren arteko harremanetan duen eragina, arriskuak eta kalteak aztertuko dituzte. 0-6 urte arteko gurasoei, tutoreei eta arduradunei zuzendutako saioa izango da, eta hizlaria, Alvaro Beñaran Aranzabal.
- Otsailak 6, asteartea. Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian. Haur eta nerabeen guraso, tutore eta arduradunentzat saioa izango da, eta Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabalek gidatuko dute.
- Otsailak 15, osteguna. Oinarri sendoak 0-3 urteetan. Adin tarte horretako haurren guraso, tutore eta arduradunentzat saioa izango da eta Nerea Mendizabalek gidatuko du.
- Martxoak 6, asteazkena. Arauak eta mugak. Nola ezarri era asertibo batean. Haur eta nerabeen guraso, tutore eta arduradunentzat saioa izango da, eta Leyre Canok emango du.
Aitatasun tailerrak
Otsailaren 5ean eta 19an eta martxoaren 4an eta 18an izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara, Basazabal jauregian. Ongiz Ezberdin elkarteko Mikel Arakisek gidatuko ditu saioak eta honako gaiak landuko dituzte: aitatasuna, zaintza, kudeaketa emozionala eta harremanak. Parte hartu nahi dutenek, lotura honetan eman dezakete izena.
Autoestimua hobetzeko tailerrak gazteentzat
Otsailaren 16an, martxoaren 15ean, apirilaren 26an, maiatzaren 24an eta ekainaren 7an izango dira saioak, 16:30etik 18:00etara, Basazabal jauregian, eta DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailetako, Lanbide Heziketako ikasleei eta gazteei zuzenduta egongo dira. Saioa Garmendia izango da gidaria, eta parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan eman dezakete izena.
Aurrez Aurrek badu logoa
Guraso Eskolak prestatzeko orduan, besteak beste, Aurrez Aurre taldearen proposamen eta ekarpenak aintzat izan ditu udalak. Eskuko telefonoen eta, oro har, pantailen gehiegizko erabilerak gaztetxoengan izan ditzakeen ondorioek kezkatuta sortu zuten Aurrez Aurre taldea, pantailen erabilera nolabait mugatzeko eta gaztetxoei eskuko telefonoa emateko adina atzeratzeko ekimenak martxan jartzeko helburuarekin.
Hiru ikastetxeetako ordezkariek osatzen dute Aurrez Aurre taldea, udalaren babesarekin, eta dagoeneko zenbait urrats egin dituzte. Alde batetik, gaztetxoek eskuko telefonoa une oro soinean ematea saihesteko, herriko hainbat saltoki, taberna eta bestelako eraikinetako telefonoak haien eskura jartzeko kanpaina gauzatu dute. Egitasmoarekin bat egin duten establezimenduetan eta guneetan pegatinak dituzte bereizgarri.
Bestetik, Aurrez Aurre taldearen behin betiko logoa aukeratzeko marrazki lehiaketa gauzatu zuten Gabonetako oporren bueltan. Herriko hiru ikastetxeetako 723 ikaslek parte hartu zuten lehiaketan, eta Arhane Goenagak egindako marrazkia aukeratu zuen taldearen logoa egiteko oinarritzat. Logoa bera ere prest dute dagoeneko, duela aste batzuk aurkeztu zuten jendaurrean, eta orain Telegram kanala ere sortu dute herritarrekin komunikazioa errazteko helburuarekin.