"Familia txiki bat osatu dugu hemen entrenatzen dugunok"

Intza Trula 2024ko urt. 24a, 10:00

Crossfit Azpeitiako kirolariak dira Nagore Berrondo, Amaia Salegi eta Ane Illarramendi. Zarautz Northfit 3.0 txapelketan estreinatu ziren talde modura, Scaled kategorian.

Azpeitiko crossfiteko lokalean entrenatzen dute Nagore Berrondok (Errezil, 2000), Amaia Salegik (Azpeitia, 1986) eta Ane Illarramendik (Azkoitia, 1992). Crossfitaren mundura nor bere aldetik heldu bazen ere, talde gisa lehiatu zuten lehendabizikoz joan den urtarrilaren 13an, Zarautz Northfit 3.0 txapelketa erraldoian. Sirenitak izenarekin aurkeztu ziren lehiaketara, eta zilarrezko domina eskuratu zuten Scaled kategorian.

Noiz eta nola hasi zineten crossfitean?

AMAIA SALEGI: Hirurotatik ni izan nintzen lehena crossfit egiten. Egun batean Azpeitiko lokalaren ingurutik igaro nintzen, eta entrenatzeko gunea ireki zutela ikusi nuenean, probatzea erabaki nuen. Bost urte pasatu dira ordutik.

ANE ILLARRAMENDI: Ni duela hiru urte inguru hasi nintzen, lagun batekin. Betidanik izan genuen buruan kirol bat probatzeko nahia, taldean zerbait egiteko. Egia da azkenean berari ez zitzaiola asko gustatu, baina nik jarraitzen dut oraindik.

NAGORE BERRONDO: Ni duela bi urte eta erdi hasi nintzen. Lagun batekin animatu nintzen probatzera, nahiz eta berak orain utzi egin behar izan duen, ikasketengatik kanpora joan behar izan baitu bizitzera.

Astean zenbat aldiz entrenatzen duzue?

A. S. : Astean denbora asko eskaintzen diogu crossfitari. Ni, adibidez, ia egunero etortzen naiz lokalera.

N. B. : Antzera entrenatzen dugu hirurok. Lau entrenamendu egiten ditugu gutxienez astean, eta gehienetan bost izaten dira.

A. I. : Entrenamendu bakoitzak ordubeteko iraupena du, baina amaitzean gure kabuz jarraitzen dugu beste pixka batean. Beste ordu erdi edo ordubete egiten dugu gure kabuz.

Denbora daramazue dagoeneko crossfitaren munduan. Entrenatzaile bat daukazue ala zuen kabuz jarduten duzue?

A. I. : Crossfitak berak plangintza bat ematen digu astero. Entrenamendu saio horietan begirale bat izaten dugu gurekin, egiten duguna zuzentzen.

N. B. : Lehen esan bezala, ohiko entrenamendua amaitzean gure kabuz jarraitzen dugu beste pixka batean. Denbora horretan ez dugu entrenatzailerik izaten, eta gure artean zuzentzen eta laguntzen gara. Halere, zalantzarik baldin badugu, lokalean dagoen entrenatzailearengana jotzen dugu.

Crossfitak harrapatu egiten duela diote. Egia al da hori?

A. S. : Bai eta ez. Denetarik dago. Badaude probatu eta batere gustatzen ez zaienak eta itzultzen ez direnak, baita harrapatu egiten dituenak ere.

N. B. : Hainbeste mugimendu eta hainbeste ariketa daude, pixkanaka denak ikasten joan nahi duzu. Harrapatu egiten du hasi zinenetik zenbateko aurrerapausoa eman duzun ikusteak. Jarraitzeko eta gehiago ikasteko gogoa pizten zaizu.

A. I. : Egunero gauza ezberdinak egiten eta ikasten dituzu, eta horrek ere harrapatzen du.

Gehienetan bakarkako lana egin behar da kirol honetan, baina gimnasioan sartu orduko talde giroa nabaria da. Zer diozue horren inguruan?

A. S. : Hala da, bai. Familia txiki bat osatu dugu; izan ere, egunero ikusten dugu elkar.

A. I. : Gutxi gorabehera antzerako orduetan entrenatzen dugu beti, eta betikoekin egoten gara.

A. S. : Gainera, badakigu bakoitzaren maila zein den, eta norbaitek zerbait berria lortzen duenean, denok emozionatzen gara.

N. B. : Nahiz eta entrenamendu saioak bakarkakoak izan, lagun giroa sortzen da. Hemen inor ez da bakarrik sentitzen.

Zarautz Northfit 3.0 txapelketa jokatu zen urtarrilaren 13an. Lehendabizikoz lehiatu zineten talde modura, Scaled kategorian. Nolatan animatu zineten bertan izena ematera?

N. B. : Lokalean entrenatzen genbiltzan udan Amaia eta ni, eta gurekin zegoen entrenatzaileak esan zigun txapelketa batera apuntatu beharko genukeela. Orduan pentsatu genuen: ‘Eta, zergatik ez?’. Horrelaxe izan zen. Bi ginen, eta hirugarrena falta zitzaigun taldea osatzeko, eta Ane fitxatu genuen.

Scaled kategorian lehiatu zineten, baita zilarrezko domina eskuratu ere. Zer sentsaziorekin itzuli zineten bertatik?

A. I. : Sufritutakoa izan zen.

A. S. : Kosta zitzaigun bigarren postu hori eskuratzea. Mentalizatuta geunden, eta dena ematera joan ginen.

A. I. : Disfrutatu egin genuen. Gauzak ahalik eta ondoen egitera joan ginen, baina, batez ere, gure artean disfrutatzea zen asmoa. Momentu batetik aurrera, ikusi genuen aukerak genituela postu on bat lortzeko, eta horrela izan zen.

N. B. : Oso gustura geratu ginen.

Aurrera begira beste txapelketa batean izena emateko asmorik ba al duzue?

A. S. : Maiatzean, adibidez, Nagore eta ni bikote modura joango gara beste txapelketa batera.

N. B. : Ez dira hiruko taldeetan lehiatzeko txapelketa asko egoten. Uste dut, aurrerago beste lehiaketa bat jokatzeko aukera badugu, animatuko garela.

A. S. : Ziur itzuliko garela hurrengo urtean berriz ere Zarautzera.

Ane Illarramendi, Nagore Berrondo eta Amaia Salegi. (Urtzi Oteiza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide