Udaberrirako prestatu duen eskaintzaren berri eman du Emakumeen Txokoak. Izena eman behar den ikastaroetarako izena emateko epea ireki du, eta otsailaren 2ra bitartekoa izango da. Besteak beste, Jabetze Eskolaren barruan zazpi ikastaro jarri ditu aukeran, parte hartzearekin eta integrazioarekin lotutako hiru ekintza antolatu ditu eta teoria feministetan sakontzeko hiru hausnarketa edota eztabaida saio prestatu ditu. Ekainean, berriz, Sexu Askatasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan, LGTBI* Astea antolatu du.
Jabetze Eskolaren barruan, otsailetik ekainera bitarterako, hainbat ikastaro eta tailer antolatu ditu Emakumeen Txokoak. Horietan izena emateko epea otsailaren 2ra artekoa izango da, Azpeitiko Emakumeen Txokora joanda, 943-15 70 55 edota 688 75 10 00 telefono zenbakietara deituta edota emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita. Honakoak dira ikastaroak:
- Xaboigintza komunitarioa. Aiora Urbietak emango du ikastaroa, eta bi orduko lau saio izango dira Emakumeen Txokoan, ostegunetan, 17:30etik 19:30era. Otsaileko lau ostegunetan izango dira saioak, hala nola otsailaren 8an, 15ean, 22an eta 29an. Ordaindu beharreko prezioa 9 euro da.
- Ez! Limiteak jartzearen plazera izeneko ikastaroa. Emun Aüka elkarteko psikologoak emango du. Bi orduko sei saio izango dira Emakumeen Txokoan, ostegunetan, 17:30etik 19:30era. Maiatzaren 16an, 23an eta 30ean eta ekainaren 6an, 13an eta 20an izango dira. Parte hartzeko prezioa 17 euro izango da.
- Eskaladako hastapeneko ikastaroa, Esther Cruz eskalatzailearekin. Sei orduko ikastaroa izango da, apirilaren 19an, 17:30etik 19:30era, eta apirilaren 20an eta 27an, 09:30etik 11:30era artean. Ikastaroan parte hartzeko 7 euro ordaindu beharko dira.
- Eskalada 2.0. izeneko ikastaroa, Patri Espinarrek eta Aitziber Salegik emanda. Eskaladako hastapeneko ikastaroa gainditu duten edota noiz edo noiz eskalatu duten emakumeei zuzendutakoa da. Hamabi orduko ikastaroa izango da, eta maiatzaren 31n, 17:00etatik 20:00etara egingo dute, eta ekainaren 1ean, 14an eta 15ean, 10:00etatik 13:00etara. Ikastaroan parte hartzeko prezioa 17 euro izango da.
- Baratze ikastaroa. Etxean baratze bat landatzeaz, laborantza barietateak ezagutzea, landareak ezagutzea, jaten ikastea... izango ditu xede ikastaroak. Mar Garrotek eta Izaskun Urdanetak gidatuko dituzte saioak, gazteleraz eta euskaraz. Guztira, zortzi ordu izango dira, 17:30etik 19:30era, apirilaren 11n, 18an, 25ean eta maiatzaren 2an. Ikastaroan parte hartzeko 11 euro ordaindu beharko dira.
- Batukada feminista ikastaroa. Ainara Sarasketak eta Arantza Albizuk eskainiko dute. Hilean behin Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan izango dira saioak, eta beste behin Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Astelehenetan bi astetik behin egingo dituzte bi orduko saioak, 18:00etatik 20:00etara. Otsailaren 19an izango da aurrenekoa, eta gainontzekoak martxoaren 4an eta 18an, apirilaren 15ean, maiatzaren 6an eta 20an eta ekainaren 3an eta 17an. Ikastaroan parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko dira.
- Ziklo menstruala ezagutzeko hitzaldi tailerra. Apirilaren 10ean izango da, 18:00etatik 20:00etara, Emakumeen Txokoan. Aiora Olaizolak eskainiko du tailerra. Doan da parte hartzea.
Parte hartze, sentsibilizazio eta integraziorako ekintzak ere antolatu ditu datozen hilabeteetarako Emakumeen Txokoak, nahi duten herritar guztiei zuzendutakoak izango dira hauek:
- Otsailak 7, 18:30ean, Emakumeen Txokoan. Chicas prepago film laburraren emanaldia eta filmaren zuzendariarekin eta Putas en lucha elkarteko kide batekin solasaldia. Hizlariak: Isabel Saez eta Carol Clemente Villar. Gazteleraz izango da.
- Martxoak 3, igandea. Azpeititik denok batera Lilatoira ekimena. Parte hartzeko izena Azpeitiko Emakumeen Txokoan edota 688 75 10 00 telefono zenbakian eman daiteke.
- Martxoak 6, asteazkena, 17:30ean, Arana kalearen eta Buztintzuriko Errebalaren artetik hasita. Ibilbide dinamizatua: Matazak.
"Eztabaidak azaleratzeko espazioa"
Teoria feministetan sakontzeko espazioaren barruan, hiru saio antolatu dituzte. "Azken urteetan Mugimendu Feministak mahai gaineratu dituen eztabaida desberdinak azaleratzeko espazioa izango da", azaldu du Emakumeen Txokoak. Hiru saioak Emakumeen Txokoan bertan egingo dituzte:
- Martxoak 26, asteartea, 17:30etik 19:30era. Nola ulertzen dugu deskolonialitatea? Zer jartzen du zalantzan deskolonialitatearen feminismoak? Feminismo deskolonialera hurbiltzen. Gazteleraz izango da. Luciana Alfaro izango da hizlaria.
- Apirilak 13, larunbata, 10:30etik 12:30era. Amatasun feministei buruzko hausnarketa tailerra, Amandra amatasun feministak elkartekoak izango dira hizlariak.
- Maiatzak 9, osteguna, 17:30etik 19:30era. Zaintzaren egungo egoera eta honen demokratizazioa hitzaldia, gazteleraz. Hizlaria: Tania Cañas, Enarak Koop. Elkartekoa.
LGTBI Astean, hitzaldiak eta Zinegoak film laburrak
LGTBI* Astea ere iragarri dute Emakumeen Txokokoek ekainerako, baita horren barruan antolatuko dituzten ekintzak ere:
- Ekainak 19, asteazkena. 18:00etan, Emakumeen Txokoan. Hitzaldia: LGTBI+ kolektiboaren korapiloak eta beharrak hausnartzen. Hizlariak: Eihera kooperatibako kideak.
- Ekainak 21, ostirala. 18:00etan, Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko LGTBI+ errealitatearen inguruko diagnostikoa eta ekintza plana. Hizlaria: Eihera kooperatibako kideak.
- Ekainak 25, asteartea, 19:00etan, Soreasu antzokian. Zinegoak film laburren emanaldia.
- Ekainak 28, Sexu Askatasunaren Nazioarteko Eguna.
Ikasturte osokoak
Ikasturte osoan zehar Emakumeen Txokoan eskaintzen diren beste hainbat ikastarotako saioen hitzorduen inguruko informazioa ere eman dute. Honakoak dira:
- Irakurri eta ahaldundu ikastaroa, Ainhoa Aldazabalen eskutik. 17:30etik 19:30era. Saioak honako egunetan izango dira: otsailaren 15ean, martxoaren 7an, apirilaren 18an, maiatzaren 2an eta 23an eta ekainaren 20an. Prezioa 15,5 eurokoa izango da.
- Enpalabramiento ikastaroa, gazteleraz. Nerea Del Campok emango du, astelehenetan eta asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara. Doan da.
- Noka hika ikastaroa, Euskaltegiko irakaslearekin eta Garbiñe Bereziartuarekin. Otsailaren 21etik martxoaren 27ra, asteazkenetan, 16:30etik 18:00etara. Sei saio izango dira. Prezioa 10 euro izango da.
- Gizontasuna desmuntatzen: indarkeriatik aukera feministetara tailerra. Gizonentzat bakarrik da tailerra. Apirilaren 26an, 17:00etatik 20:30era. Iñigo Etxezarretak emango du tailerra, eta doan da.
Zerbitzu eta baliabide feministak ere martxan izango dira Emakumeen Txokoan, hala nola liburutegi feminista, erreminta mailegua, aholkularitza juridikoa eta Lardaxka: sexu, genero eta bikote aholkularitza. Zerbitzu horien gaineko informazioa eskatzeko eta hitzordua hartzeko, Emakumeen Txokora jo edota 688 75 10 00 telefono zenbakira deitu beharko da.