Iñaki Iurrebaso: "Euskararen egoeraren benetako perspektibarik ez dugu arnasguneetan"

Ihintza Elustondo 2024ko urt. 26a, 11:28

Iñaki Iurrebaso Sanagustinpean. (Azpeitiko Udala)

Soziologoa eta UEMAko ikerketa teknikaria da Iñaki Iurrebaso. Errezilen bizi da, eta azken urteetako diskurtsoak hankaz gora jarri dituen tesiaren nondik norakoak azaltzen ari da herriz herri. Azpeitian hitzaldia eman zuen herenegun.

Soziologoa ikasketaz, ofizio horretan aritu izan da Iñaki Iurrebaso (Legazpi, Gipuzkoa, 1967) hainbat urtez. Gero, EHUn irakasle eta doktore tesia egiten jardun zuen, eta lan hau izan da emaitza: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. Egun, UEMAn ikerketa teknikaria da, eta tesiaren ondorioak herritarrei azaltzen ere ari da azkenaldian. Besteak beste, Azpeitian eta Zarautzen eman ditu hitzaldiak Errezilgo bizilagunak.

Zure lanean, irauli egin duzu azken urteetan euskararen egoera laburtzeko erabili izan den ideia ohikoena: indargunea hizkuntza gaitasunean eta ahulgunea erabileran zegoela zioena. Zergatik ez da hori horrela?

Gaitasuna aztertzerakoan, ez dugulako bakarrik kontuan hartu behar euskara zenbat jendek dakien, kontuan hartu behar dugu gaztelania eta frantsesa zenbatek dakiten ere, baita euskara eta erdara dakizkigunon artean zer hizkuntzatan moldatzen garen errazago ere. Horrela begiratuta, euskaraz errazago egiten duten hiztunen multzoa txikia da: 210.000 lagun dira, hiztun guztien %8. Kopuru hori aintzat hartuta eta euskaldunak askotan euskaraz egiteko aukerarik ez daukala jakinda –mintzakideak ez dakielako euskaraz–, egiten den erabilera handia da, nahiz eta baxua izan.

Zenbatekoa da?

Euskaraz erdaraz baino gehiago egiten dutenak %12 dira.

Dagoen gaitasunerako, euskara asko erabiltzen da, beraz. Motibazioa sendo al dago?

Bai. Hizkuntza bat edo beste erabiltzeko, bi motibazio mota egon ohi dira. Batetik, motibazio praktikoa, erraztasunari lotutakoa: norbaitek errazago egiten badu gaztelaniaz, motibazio praktikoa dauka gaztelaniaz egitera eramango duena, eta euskaraz errazago egiten badu, euskaraz egitera bultzatuko duena. Bestetik, hizkuntzen atxikimenduari lotutako motibazioa dago, euskaltzaletasunarekin lotutakoa, eta hori da euskararen kasuan indartsu samar dagoena. Horrek bultzatzen ditu erdaraz errazago egiten duten elebidun asko euskarari tarte bat eskaintzera. 

Euskara transmititzeko kezka izan dutenak gehiago izan direla diozu, kezka hori izan ez dutenak baino, eta horri esker dagoela euskara bizirik. 

Bai, hala da. Gure historian, familia denetan egon da itogin bat, galera bat, baina segur aski inguruko hizkuntzetan baino polikiago gertatu da galera hori euskararen kasuan, eta gehienek eutsi egin diote familian euskara transmititzeari; hori nabarmena da. Gaur egungo euskaldun gehienek seme-alabei euskaraz egiten diete, eta hori hizkuntza gutxituen munduan ez da hain arrunta. Ahalegin handia egiten dugu umeak euskaraz hazteko.

Zera ondorioztatu duzu: euskara, erabilerari dagokionez, indartsu dagoela, baina ezagutzari dagokionez, ahul. Nola iritsi zara ondorio horretara?

Ezagutzari dagokionez, uste izan duguna baino dezentez ahulago gaude, eta euskara dakitenen zorua kontuan hartuta, daukagun erabilera maila egokia da, indartsu dago erlatiboki, ahultasun orokorraren barruan.

Kontua da, gaur egun dauden harreman sareekin, euskaldunak askotan ezin duela euskaraz egin. Hau da, ni euskalduna banaiz baina bikotekidea erdalduna bada, nahitaez erdaraz egin beharko dut harekin. Eta gauza bera gertatzen da lantokian, lagunartean, medikuarenean... Euskal Herri osoko kopuruak kontuan hartuta, euskaldunak gutxi gorabehera bost egoeratik bitan derrigorrez erdaraz egin behar du.

Urola Kostan datua bestelakoa izango da, ezta?

Ez daukat daturik, ez dut kalkulatu, baina euskaraz egiteko aukerak askoz ere gehiago dira, agerikoa da. Harreman sareak askoz ere euskaldunagoak dira.

Urola Kosta bezalako arnasgune batean, herritarrek ba al dute egoeraren benetako perspektibarik?

Ezetz esango nuke. Urola Kosta, Lea-Artibai eta Nafarroako iparraldea dira zonalderik euskaldunenak. Badira oraindik euskara erdara bezain indartsu edo indartsuago dauden tokiak; gutxi dira, eta leku horietan bizi garenok askotan perspektiba galtzen dugu. Jende gehiena bizi den eremuak oso erdaldunduak daude: Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Baiona... Horietan euskararen erabilera oso-oso txikia da.

Zuk esana da: "Broma gutxi esatearekin arnasguneak galduz gero euskalduntze prozesuak aurrera egin dezakeela".

Hizkuntzak bizirik jarraitzeko, funtsezkoak dira bi prozesu: bat da hurrengo belaunaldietara pasatzea hizkuntza, etxean, kalean eta eskolan egiten den transmisioari esker, eta transmisio hori nonbait betea baldin bada, arnasguneetan da. Arnasguneetan normalean ez dugu ibili behar umeen atzetik esaten: "Euskaraz egin!". Natural irteten zaie euskaraz egitea, testuinguruak horretara bultzatzen dituelako. Eta testuinguruak horretara bultzatzen du, euskara indartsu dagoelako toki horietan. Bestetik, norberak bizitzan zehar bizi ohi dituen hizkuntza prozesuak daude. Hau da, ni jaio naiteke etxe euskaldun batean eta gaur egun erdaraz bizi edo alderantziz; eduki dezaket bilakaera bat. Eta arnasguneetan euskararen aldeko prozesuak gailentzen dira. Beste toki guztietan indartsuagoa da erdalduntzea euskalduntzea baino, eta arnasguneetan ez. Arnasgunea da hizkuntza normalizatu osasuntsu batek duen egoeraren antzekoena, eta hori galtzea litzateke euskararen galera prozesuan beste urrats sendo bat egitea atzeraka.

Euskalgintzan gailendu diren azken urteetako diskurtsoekin kritiko, gauzak beste modu batera planteatu behar direla diozu. Nola?

Ez naiz horretan gehiegi sartzen. Nik gehiago landu dut hizkuntz egoera, hizkuntz politikak baino. Baina argi ikusten dut beste lehentasun bat eman behar zaiola politiketan euskarari. Euskara ikusten badugu hamargarren lehentasun bezala, ez dugu aurrera egingo.

"Euskara askoz gertuago dago heriotzatik, osasunetik baino", esan zenuen elkarrizketa batean. Hiltzera al doa?

Hori egiten dugunaren arabera izango da. Kopuruetara ekarrita, gaur egun hori da egoera, euskara hiltzetik gertu dago, baina, era berean, egia da duela 60 urte baino hobeto gaudela. Gure egoera askoz ere ilunagoa zen 60ko hamarkadan, eta garai hartako euskaltzaleak gai izan ziren joera hura aldatzeko eta euskalduntzea indartzeko. Kontua da ea berriz gai garen bide horretan jartzeko. Azken hogei urteetan badirudi gauzak geldi antzean daudela; lehen zetorren indarberritze prozesu hori apaldu egin da. Apaldu edo gelditu.

Indarrik ba al dago egoerari buelta emateko?

Atera beharko dugu. Gure herria beti izan da herri sendoa, seguru aski orain ez gaude unerik indartsuenean, baina hori ere ziklikoa izaten da, alda daiteke. Horretan jarri beharko ditugu indarrak, lehentasunetara ekarri, kontzientzia hartu, eta aurrera egin.

Azpeitian eta Zarautzen eman dituzu hitzaldiak. Herri horiei  buruz baduzu zerbait esateko?

Justu herri horiek Euskal Herriko bi altxor dira. Zarautz da 20.000 biztanle baino gehiago dituzten herrien artean euskaldunena, eta Azpeitia 10.000tik gorakoetan. Bi herri berezi dira, bereziki zaindu beharrekoak.

Eta Errezil?

Errezil are euskaldunagoa da. Errezil da 500 biztanle baino gehiago dituzten herrietan euskaldunena. Denak errekorrak dira, kasualitatea!

Egoera triste samarra izan arren, eskualdean badira pozteko datuak, beraz.

Bai, besteetan da eskasa egoera. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide