Gutuna

Izarraitzen ere, 'bizkarsorokeria' nagusi

Joxe Migel Muguruza Eizagirre 2024ko urt. 28a, 09:00

Baso lanetaz ohartarazteko seinalea gaztelera hutsean, Izarraitzen. (Joxe Migel Muguruza)

Izarraitz aldean baso lanetaz ohartarazteko seinale guztiak gaztelaniaz daudela-eta Joxe Migel Muguruzak idatzitako gutuna da hau.

Atzo goizean, Izarraitz aldetik mendi bueltatxoa egiten ari nintzela eta beheruntz nentorren, pistatik. Goiko Saletxe baserriaren ondoren eta Sahatseta baserria baino lehenagoko tarte horretan baso lanetan ari dira eta horren berri emateko hiru bide seinale aurkitu nituen. Eta hiru bide seinale horietan datza nire kexuaren zioa, hirurak ere gaztelera hutsean baitaude, non eta Izarraitzen! Alegia, Izarraitzen ere, bizkarsorokeria nagusi. Nola liteke?

Eta bai, bakakit gazteleraz eta ulertu ditut seinaleetako oharrak. Frantsesez eta ingelesez ere badakit pixka bat, horrelako oharrak ulertzeko adina bederen. Ba niretzako, seinale horiek gaztelera hutsean jartzea frantses edo ingeles hutsean jartzea bezain mingarria eta iraingarria da, ez gutxiago. Biziki mingarria eta iraingarria izango da neure hizkuntza gisa sentitzen dudana –euskara, alegia– aintzakotzat hartzen ez duten bitartean, hori ni neu aintzakotzat ez hartzea baita. Jakin beza hori norbait salaketa hau dela-eta mindua sentitzen bada.

Bide seinale horiek jarri dituenak izango du inguruan norbait hiru ohar horiek euskaraz jartzeko adinako ezagutza duena, eta bestela, Azpeitian aurkituko du norbait... Borondate kontua besterik ez da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide