Merkatariek dituzten arazoei eta beharrei aurre egiteko xedearekin, azken urteetan era askotako ekimenak sortu dituzte inguruko txokoetan, baita Azpeitian ere. Horren adierazgarri dira, esaterako, merkatarien elkarteak: "Lehenik bailara mailako elkarte bat sortu zuten, hainbat herri barnebiltzen zituena –Azpeitia zen bat–, baina arazoak ematen zituen, eta segituan itxi zuten", azaldu du Xabier Aldalur Dendartean (Gipuzkoako Merkatari, Ostalaritza, Zerbitzu Enpresa eta Autonomoen Taldea) elkarteko teknikariak. Urte batzuk geroago, Azpeitiko Alde Zaharreko dendariek bat egin zuten elkarte bat sortzeko, eta 2008an, herri mailako merkatari elkartea sortu zuten: Bertan. "Herri mailako elkarte bat sortzeko beharra nabarmena zen ordurako Azpeitian, eta udalak lagunduta hasi zen pixkanaka proiektua egituratzen. Urte batzuk pasatu dira dagoeneko, eta ikusi dugu funtzionatzen duela", dio Aldalurrek. Besteak beste, merkatarien interesak defendatzea eta dituzten beharrak modu kolektiboan lantzea da elkartearen helburua. "Denon artean bakarka egin ezin ditugun gauza horiek egiten ditugu, herritarrek herrian bertan gehiago eros dezaten", gehitu du.
Gaur egun, 120 merkatari inguruk osatzen dute Bertan. Teknikariaren esanetan, zenbaki hori hazten joan da urtetik urtera: "Udalak asko lagundu du, eta dendariek ere lan asko egin dute guztia bide onetik joan dadin. Oso lantalde polita eratu da, elkarte aktibo bat da eta bazkideen kopurua gorantz doa". Merkatariekin, berriz, kontrakoa gertatu dela dio: "Behera egin du Azpeitiko merkatarien kopuruak azken denboran, bai errelebo faltagatik, bai prezioen igoeragatik, eta baita Interneteko salmentengatik ere".
Teknologiaren garapenak online salmenten gorakada ekarri du eskutik, eta jakina da horrek zuzenean eragin diela herriko denda txikiei, baita Azpeitikoei ere. Merkatari askok amore eman dute beren negozioekin; beste batzuek, berriz, saltzeko modu berritzaile horietara egokitzeko apustua egin dute. "Ez da hain ohikoa webgune bidezko salmenta, baina bai sare sozialen bitartez egiten dena. Ez da erraza, pixkanaka ari dira moldatzen. Bakoitza ahal duena egiten ari da", dio teknikariak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatarien batez besteko adina 54 urte da, eta sare sozialen boomak "jokoz kanpo" harrapatu ditu gehienak, Aldalurren iritziz.
Ildo beretik, Azpeitiko kaleetan "eraldaketa" bat gertatzen ari dela azaldu du merkatari elkarteko teknikariak: "Erosi eta saldu hori ari da desagertzen gehienbat. Lehen herrian arropa eta zapata denda piloa zeuden, eta ez ziren hain ohikoak dentistak edo fisioterapeutak. Eraldaketa gertatzen ari da, teknologiaren garapenak online salmentak bideratu dituelako, eta horrek bereizteko zerbaiten beharra ekarri duelako: kasu honetan, zerbitzuak dira bereizteko modua. Hori ari da islatzen Azpeitiko kaleetan".
Herritarrek kanpora jo dutela dio Aldalurrek: "Lehen ez geneukan beste aukerarik, eta herrian erosten genuen. Gero, jendea merkataritza guneetara joaten hasi zen, garraio publikoa ere gero eta hobea zelako. Horren ondoren etorri zen Internet bidezko salmenta, erosteko modu berri bat. Ez gara pentsatzen jarri online erosketek edo merkataritza guneetara joateak zein ondorio izan ditzaketen herriko merkataritzan. Dendak ixten ari diren heinean konturatuko gara horien garrantzia zenbaterainokoa den". Erreleboaren arazoaz ere mintzatu da teknikaria, eta gauzak aldatu ezean argi du egoerak okerrera egingo duela: "Gauzak aldatzen ez badira, gero eta jabe gehiagok emango du amore. Ez dut uste dendarik gabeko kalerik ikusiko dugunik, baina erosleen gogoetak berebiziko garrantzia izango du horien biziraupenean".
Saltoa sarera
Saltzeko modu berrietara egokitu den adibideetako bat da Furundarena. 1955. urtean zabaldu zituen ateak zapata dendak: "Nire aitonak eta amonak zabaldu zuten Furundarena. Hasieran, pentsua saltzen zuten dendan, eta pixkanaka, alpargatak saltzen hasi ziren. Hortik zapatak saltzera igaro ziren, eta gaur egun horretan jarraitzen dut nik", azaldu du Arantxa Olabarria Furundarenako jabeak.
Familiatik jaso du denda Olabarriak, eta beraz, ez du alokairuaren hileroko kuotari aurre egin beharrik: "Aiton-amonena zen lokala, eta ez dut alokairurik ordaintzen; beraz, ez dut gaur egun merkatari askok duten arazo hori. Alde horretatik lasai nago". Alokairuen prezioen igoeraren jakitun da oinetako saltzailea, baina, halere, eskualdatzeetan dagoen arazoa azpimarratu du: "Azpeitia ez da alokairu garestienak dituen herria, arazo handiagoa dago eskualdatzeekin. Alokairuen prezioak itxieretan zerikusia du, noski, baina baita errelebo faltak ere. Ni hemen astelehenetik larunbatera egoten naiz, goiz eta arratsalde, eta garbi ikusten da egun gazteek ez dutela negozio hauekin jarraitu nahi".
Azken urteetan online salmentek hartu duten indarra ikusi ostean, zerbitzua indartzeko erabakia hartu du Olabarriak, eta Amaia Aizpurua alabaren laguntza giltza izango du horretarako: "Duela bost urte hasi nintzen webgunean online saltzen, baina nik bakarrik ezin nuen guztiarekin. Internet bidezko salmentek denbora eta dedikazio asko eskatzen dute, eta denda fisikoa eta online denda pertsona bakar batek eramatea ezinezkoa da. Hemendik aurrera alabak lagunduko dit horretan", azaldu du saltzaileak. Furundarena ezagutzen ez dutenek haren berri izateko aukera "bikaina" izan daitekeela dio alabak: "Azpeitiarrek eta kanpoko herrietakoek gure berri izan dezakete horrela, eta zerbait gustatzen bazaie ez dute hona etorri beharrik izango. Internet bidez eskatu, eta listo". Zera gehitu du: "Egoera berrira moldatu behar dugu, eta horretarako Interneteko salmentei garrantzia eman behar badiegu, horrela egingo dugu. Gure alea jarri behar dugu dendak herrietatik desagertzea nahi ez badugu".
Halaber, eroslearen eta saltzailearen arteko harremana zaindu nahi dute Interneten ere: "Eroslearen eta saltzailearen arteko harremana dendan erosita bezain gertukoa izatea nahi dugu. Goxotasun eta tratu hori mantendu nahi ditugu", dio Aizpuruak. "Datorren urtean 70 urte beteko ditu dendak, eta niri sekulako ilusioa egiten dit alabarekin lanean hasteak. Indarrak eman dizkit aurrera jarraitzeko", gehitu du Olabarriak.
Kontzientzia, saltokiaren oinarri
Bada Internetetik saltoki fisikora salto egin duenik ere. "Erokeria" horren atzean daude Oihana Odriozola (Azpeitia, 1988) eta haren bikotekidea. 2023ko irailean, guraso izan ostean, hasi ziren Ohana Barefoot proiektuarekin. Orduan jabetu ziren haurren oinetakoek duten "garrantziaz". Kontzientzia hartu izanak bultzatu zituen gaur egun esku artean duten proiektua abiatzera, haien berezko lanbideak utzi gabe, ordea. Odriozola erizaina da lanbidez.
"Guraso izan ginenean konturatu ginen oinetakoek garrantzia handia dutela pertsonaren osasunean eta garapenean. Jakin genuen badaudela pertsonara egokitzen diren zapatak, oinaren anatomia errespetatzen dutenak, eta horiez informatzen hasi ginen. Orduan konturatu ginen apenas zegoela horrelakoen eskaintzarik inguruotan, ez dendetan, ezta Interneten ere". Abentura berriari ekin zioten, aurrena Interneten. "Aholkularitzan lan egiten duen lagun batengana jo genuen, eta hark animatu gintuen sareko proiektua martxan jartzera". Webgunea irekitzearekin batera, proiektua hedatu egin zela kontatu du Ohanakoak, eta horrek zerbitzua birpentsatzera bultzatu zituela. Odriozola: "Informazioa zabaltzen doan bezala, jendeak zapatilak probatu nahi ditu. Hara eta hona ibili ginen hasieran, jendearengana joaten neurriak hartzeko edo materialak probatzeko. Eskaera goraka ari zela ikusita, leku fisiko bat irekitzea pentsatu genuen, bezeroentzako ere errazagoa izan zedin. Hala ere, asko pentsatutako erabakia izan zen, Ohanaz gain bakoitzak geure lana dugulako". Erabakia "beldur pixka batekin" hartu zuten arren, oraingoz gustura daude saiatu izanarekin.
Azpeitiko merkataritza "oso gaizki" dagoela uste du Odriozolak, eta aitortu du kontziente dela "zorakeria" izan dela denda irekitzea, "gastua oso handia baita": "Lokala zurea baldin bada, agian posible da gastuei aurre egitea, baina bestela alokairuak oso garesti daude. Hilabeteko gastuei buelta emateko diru sarrera handia behar du denda batek, eta makroenpresa bat ez baldin bazara, akabo". Hori dela eta, ez daukate oso argi zer gertatuko den saltokiarekin. "Denborak esango du".
Txikiak, betikoak
Saltoki handietarako joera egonagatik, badaude betiko saltoki tradizionalak ere, denetarik saltzen duten denda txikiak. Eredu horretako hainbat denda itxi dituzte azken urteetan Azpeitian, baina badira irauten dutenak. Horietako bat da Sanjuandegiko Laur janari denda. Duela hamabost urte ireki zuten saltokia Sanjuandegiko Urbitarte auzunean, eta haren arduraduna "gustura" dago orain arte egindako bidearekin. Dena den, onartu du "joerak aldatzen" ari direla. Laurrera jotzen duten herritarren gehiengoa adinez heldua dela esan du: "Egunerokoan bezeroen joan-etorri polita izaten da dendan. Hala ere, ez da hasieretan zena bezalakoa, antzematen da beherakada. Hona etortzen diren bezero gehienak auzotarrak edo etxepekoak dira, adinez helduak".
Janaria, fruta, urdaitegiko produktuak, ogia, egunkariak... Egunero erabiltzen diren produktuak saltzen dituzte Laurren, eta horrek "eguneroko mugimendua" bermatzen du. Dena den, "saltoki handien menpe" daudela uste du arduradunak, orokortuta dagoen kezkarekin bat eginez. Etorkizunari gehiegi begiratu gabe, "azken hamabost urteetako balorazio ona" egin du, saltoki txikien esentziari garrantzia emanda.
Zuk erosi, haiek eraman
Erosketa joerak aldatzen ari diren garaiotan sortu zuten Enkarguk zerbitzua. Whatsapp bidez herriko saltokietan erosteko aukera eskaintzen duen proiektua da. 2020an, pandemia garaian, abiarazi zuten zerbitzua, eta hasieratik hona joera aldatu dela kontatu du Usoa Etxeberria Enkargukeko kudeatzaile arduradunak: "Egunerokoan herriko saltokietan erosten duen jendeak konfinamenduan erabiltzen zuen Enkarguk. Gaur egun, horiek ez dute erabiltzen. Dena den, erabiltzaile berri asko ditu zerbitzuak".
Urte hauetako balorazio "positiboa" egin duten arren, Etxeberriak nabarmendu du oraindik jendeak asko jotzen duela saltoki handietara, erosotasun bila: "Ohiturak aldatzea ez da erraza, eta herritar askok ez dakite zer den Enkarguk, ezta nola funtzionatzen duen ere. Gainera, errutinak jaten gaitu, eta ohitura handia dago supermerkatuan aparkatu eta han erosketa guztiak egiteko".
Enkarguk erabiltzen duten pertsonen profilari erreparatuta, "haurrak dituzten guraso gazteak" dira zerbitzura jotzen dutenak, eta eskari gehienak astearteetan izaten dituzte. "Azpeitian mantentzen da azokako produktuak erosteko ohitura, eta hara joaten ez diren askok eskatzen dituzte produktuak Enkarguk bitartez. Merkatariek ere nabaritzen dute jende gehiago ibiltzen dela astearteetan dendetan".
Etxeberriak ez daki hilero "zehatz-mehatz" zenbat erabiltzaile izaten dituzten, baina esan du hamabost pertsona inguruk zerbitzua astean behin baino gehiagotan erabiltzen dutela. "Enkarguk probatu dutenek, errepikatu egin dute. Aipatzen dute zabor gutxiago sortzen dutela, behar dutena soilik erosten dutela, kalitate handiko produktuak jasotzen dituztela, eta prezioan ez dutela antzematen", dio arduradunak. Elikadura produktuak dira gehien eskatzen dituztenak, baina bestelako enkarguak ere egiten dituzte: "Sansebastianen bueltan kamiseta termikoak eskatu dizkigute, eta lentilen bila joateko edo zapata dendetatik pasatzeko ere eskatu digute. Zapatilak ere erosten dituzte, gero eta gehiago, eta lan asko egiten dugu tindategiekin".
Aurten, zerbitzuan berrikuntzak izango direla aurreratu du Etxeberriak; izan ere, Europako Next Generation laguntzei esker, "gauza berriak" eskaintzen hasteko asmoa dute; besteak beste, herriko beste punturen batean kontsignak jarriko dituztela aurreratu du, baita app-a martxan jarriko dutela ere. "Helburua dira Enkarguk proiektua gero eta jasangarriagoa izatea eta zerbitzua herriratzea. Horretarako, ikerketa batzuk ere egingo ditugu. Komunikazioa landuko dugu, herritar gehiagok ezagutu ditzaten zerbitzuak eskaintzen dituen aukerak eta funtzionamendua. Beraz, Uztarriaren bidez nahiz herrian barrena postuak jarrita, zerbitzuaren berri ematea da gure asmoa".