Azken sokamuturra balitz bezala

Intza Trula 2024ko ots. 1a, 09:19

Enok Sudupe 'Herri baten korapiloak. Sokamuturraren museoa' erakusketan. (Maialen Etxaniz)

Herri baten korapiloak. Sokamuturraren museoa erakusketa zabaldu du Enok Sudupek Azpeitiko Betharram aretoan. Parodiatik zein irudimenetik asko du ilustratzailearen lanak.

Azpeitian "pil-pilean" dagoen sokamuturraren gaia oinarri hartuta sortu du Enok Sudupek Herri baten korapiloak. Sokamuturraren museoa erakusketa. Astelehenean zabaldu zuen, Betharram aretoan, eta bisitatzeko aukera egongo da otsailaren 10era bitarte. Bertaratzen direnek egiaztatu ahal izango dutenez, parodiatik zein irudimenetik asko du ilustratzaile azpeitiarraren lanak.

Denbora da Sudupek sokamuturraren gaiari heltzearen ideia buruan zuela, eta azken urtean, Azpeitiko Udalak emandako sormen bekak bultzatuta ondu du proiektua: "Aspalditik nuen horrelako zerbait egiteko nahia. Instagramen ikusi nuen sokamuturraren inguruko erakusketa baten beharra zegoela zioen argitalpen bat, eta hortik otu zitzaidan ideia", azaldu du egileak. Sudupe: "Azpeitiarrok sokamutur saio bakoitza azkena izango balitz bezala bizi eta gozatu behar dugu, egun batean horrela gertatuko delako". 500 urte baino gehiago dituen ohiturari lotuta horrelako zerbait proposatzen den lehen aldia dela azaldu du ilustratzaileak.

Hamabost pieza inguruk osatzen dute lana, eta horiek sokamuturraren inguruko hausnarketa bultzatzea eta iritzi ezberdinak mahai gainean jartzea dute xede. "Sokamuturraren iragana, oraina eta etorkizuna ikus daitezke aretoan, inoiz eten ez den soka horren adierazgarri", azaldu du azpeitiarrak.

"Mimo handiz" sortutako proiektua dela dio: "Ordu asko igaro ditut pentsatzen eta egiten. Arreta berezia jarri dut ideiak erakusteko moduan, herritar ororentzat atsegina izan dadin". Hori horrela, adin guztietako herritarrak gonbidatu nahi izan ditu tartetxo bat hartu eta aretoa bisitatzera: "Publiko guztiari zuzendutako lana da. Haurrak ere zipriztintzen ditu, etorkizuneko herritarrak baitira. Sokamuturzaleak etortzea nahiko nuke, baita aurka dagoen herritarren gutxiengoa ere".

"Azpeitiarrok egunen batean erabaki beharko dugu sokamuturraren afera hau nola kudeatu. Eneko Etxeberria alkate izandakoak zioen moduan, 'nolako festak halako herria'". Era berean, gaiaren aurrean instituzio politikoek "ausardiaz" jokatu beharko dutela iritzi du ilustratzaileak: "Erabakiak hartu behar dira bai hezkuntzatik, bai espazio publikoaren okupaziotik, bai festa eredutik, bai feminismotik…".

Irekiera data, gainera, ez da ausaz hautatutakoa: San Sebastian jaien eta Inauteri jaien arteko tartean zabaldu du erakusketa ilustratzaileak. "Polita izango zen urtero garai honetan horrelako zerbait planteatzeko aukera izatea. Kasu honetan areto batean izan da, baina kalera jotzea ondo legoke", gehitu du egileak.

Eztabaidarako espazio bat zabaldu du Sudupek; orain, ordea, azpeitiarrak dira horri erantzuna emateko ardura dutenak.

Herri baten korapiloak. Sokamuturraren museoa erakusketa ikusgai izango da Betharram aretoan otsailaren 10era bitartean, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

Enok Sudupe, erakusketan. (Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide