Txatar musika taldeak estreinako diskoa plazaratuko du maiatzean

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 1a, 16:25

Txatar, thrash metal hirukoa. (Txatar)

Uneotan, diskoa grabatzen ari dira BlackStorm estudioan Ekaitz Garmendia musikari eta teknikariaren gidaritzapean. Maiatzaren 25ean plazaratuko dute diskoa, eta egun berean zuzenekoa eskainiko dute Sanagustin kulturgunean. 

Nostalgikoentzat izan zitekeen Legen Beltza taldearen itzulera, baina ez; proiektu berri baten hasiera izango da. Txatar musika taldeak Hildakoen Jainko izeneko diskoa plazaratuko du maiatzean. Taldearen estreinako diskoa izango da aurkeztuko dutena, eta Basque Metal Country zigiluaren babesarekin argitaratuko dute. Thrash metal hirukoaren atzean daude Legen Beltza taldeko hiru kide. Hain zuzen, Xanti Rodriguezek (ahotsa eta baxua), Joseba Azkuek (gitarra) eta Edorta Azkunek (bateria) osatzen dute Txatar. 

Uneotan, diskoaren grabazio lanetan murgilduta dabiltza Karrantzako (Bizkaia) BlackStorm estudioan, Ekaitz Garmendia musikari eta teknikari azpeitiarraren gidaritzapean. Garmendiaren elkarbanatu zuten oholtza Txatarreko musikariek Legen Beltza taldean. 

Aurkezpenaren egunerako asko falta den arren, gaur jakinarazi dute diskoaren estreinaldiaren data. Maiatzaren 25ean, larunbatez, plazaratuko dute ontzen ari diren proiektua, etxekoen eta ingurukoen babesean; izan ere, diskoa argitaratuko duten egunean bertan aurkeztuko dute jendaurrean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskainiko duten zuzenekoan. Sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko Kulturaz.eus webgunean. 

Lanaren xehetasunak datozen asteetan iragarriko dituztela aurreratu dute gaur. Dena den, azaldu dute Rodriguezen zinemagintzan eta iruditerian oinarrituriko lana izango dela Hildakoen Jainko diskoa. Besteak beste, LekaimeOspel eta Pasaia filmak zuzendu eta ekoiztu ditu Rodriguezek. Ospel Films ikus-entzunezkoen ekoiztetxearen zuzendaria da zinemagile azpeitiarra. 

Hainbat zuzeneko emanaldi eskaini ditu Txatarrek azken urteetan, hala nola Hator Hator Horror Festen edo Izar-haitz garagardotegiaren urteurrenean. Orain, oholtzara ez ezik, estudiora egin dute salto.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide