Jose Luis Larrañaga: "Jende gehienak pentsatzen du gainetik margotzen dugula"

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 4a, 14:28

Jose Luis Larrañaga, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko graduko laborategian. (Haizea Salazar)

EHUko Arte Ederren fakultateko irakaslea da Jose Luis Larrañaga (Azpeitia, 1975), Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko graduan. Urteak eman ditu zaharberritze lanak egiten, eta egun, irakasle aritzen da. Doktore tesia ere ari da gauzatzen, Donostiako Maria Kristina zubiko margoen gainean. 2024ko otsaileko Uztarria aldizkarikoa da elkarrizketa hau.

Arte Ederrak ikasi zenituen EHUn. Nondik datorkizu arterako joera?

Egia esanda, ez dakit. Familian ez dago inor arlo hori landu duenik, baina institutuan marrazketa-eta gustuko nituen, eta ikasketak aukeratzerakoan, Arte Ederrak egiteko eman nuen izena. Hasiera batean, nire asmoa ez zen zaharberritzea ikastea, eskultura edo pintura gehiago gustatzen zitzaizkidan, baina, gero, arlo horri buruzko zenbait irakasgai landu nituen, eta gustatu egin zitzaidan. Orduan, kontserbazio eta zaharberritze espezializazioa egin nuen. Egia esan, pila bat gustatzen zait zaharberritzea, eta oso gustura sentitzen naiz arlo horretan.

Irakaslea izateaz gain, doktore tesia garatzen ere ari zara.

Autonomo bezala ibili nintzen urteetan, hainbat enpresarentzat lanean, eta orain dela sei urte, unibertsitatean lan egiteko aukera eskaini zidaten; eskaintza hori onartu, eta guztiz alboratu nuen nire ordura arteko ogibidea. Unibertsitate bitartez, lankidetza batzuk egin ditut, eta proiektu batean parte hartzeko aukera sortu zitzaidan: Donostiako Maria Kristina zubiaren egitasmoan, hain zuzen. Lehenik, zubi horren egitura konpondu zuten ingeniariek, eta, gero, kanpoaldean dagoen dekorazioa –eskulturak– konpontzeko zaharberritzaileei deitu zieten, eta ni zuzendaritza teknikoaren aldean aritu nintzen. Zaharberritze esku hartzea egin genuen, baina ikusi nuen gabezia batzuk zeudela, gehiago aztertu beharko litzatekeela han aplikatu genituen pinturak zenbateraino diren iraunkorrak egoera latz horretarako: itsasotik gertu dago zubia, tenperatura aldaketa handiak izan ohi dira, kutsadurak eragina du, argiak ere bai... Pintura horien egonkortasuna benetan baldintza horietara egokitzen den edo ez ikertzea aitzakia ona iruditu zitzaidan doktore tesia egiteko. Izan ere, unibertsitatean gelditzeko tesia egitea eskatzen digute.

Gaur egun, zaharberritzea irakasten duzu zeuk ikasi zenuen unibertsitate berean. Baina irakasle izatera iritsi aurretik, museoentzat, aldundientzat, udalentzat, partikularrentzat eta abar lan egin zenuen.

Bai, hala da. Udalen eta elizen ondarearen parte izaten dira eskulturak eta pinturak. Hasieran eskulturak egiten hasi nintzen, erretaulak lantzen batez ere, baita mihiseak egiten ere. Gero, bilakaera bat izan zen, eta fatxadetako lanak egiten hasi nintzen; enpresa batentzako lan egiten nuen, eta Viktoria Eugeniako fatxadan mantentze lanak egiten aritu nintzen. Horrek bultzatuta, harriaren inguruko ikasketak ere egin nituen; beka bat eman zidaten, espezializazio hori egiteko. Partikularren eskariak, normalean, eskulturak eta pinturak izaten dira. Udalek batzuetan eskatzen dizute armarri bat egiteko edo etxaurre bat konpontzeko, baina baita eskulturak eta pinturak zaharberritzeko ere. Horrela hasi nintzen, eta hortik unibertsitatera egin nuen jauzi.

Urteak eman dituzu artelanak zaharberritzen. Zertan datza jarduera hori? Zer prozesu jarraitzen duzue halakoetan?

Hasiera batean, pieza bat heltzen zaigunean, garaikidea denean, artistarekin hitz egiten dugu lehenengo, bizirik baldin badago, jakin nahi dugulako bere artelanak zaharberritu nahi dituen ala ez, eta nola zaharberritu nahi dituen; eta, gero, erabakitzen dugu zer esku hartze egin. Batzuetan beraiek esku hartzen dute, eta beste batzuetan zaharberritzaile bati uzten diote lan hori. Arte garaikideko lan bat ez den kasuetan –baita garaikidea denean ere–, egiten duguna da aztertu artelan hori. Historikoki nahiz artistikoki, aurretik zer esku hartze izan dituen aztertzen dugu, ahal ditugun txosten guztiak lortzen ditugu; batzuetan ez da izaten posible, esku hartzeak ez dituelako zaharberritzaile batek egin eta dokumenturik ez dagoelako. Gero, artelan horren teknika ezagutzen dugu, eta haren kontserbazio egoera aztertu ondoren, esku hartze proposamen bat egiten dugu. Proposamen hori onartzen denean, esku hartzen hasten gara. Esku hartze guztia dokumentatu egiten dugu, biharko egunean jakin dezaten zer egin den, nola egin den eta zergatik.

Jende gehienak pentsatzen du guk nolabait gainetik margotzen dugula; zurrumurru hori edo ideia hori dago gizartean. Eta justu alderantziz da: egiten duguna da artelanak garbitu eta ukitu txikiak eman falta diren tokietan.

Helburua zer izaten da, artistak bere garaian egin zuen obraren ahalik eta antzekoena lortzea zaharberritzean?

Itxura hori lortzea, baina beti originala kontserbatuz. Batzuetan hain galduta egoten da lan originala, ez dugula berregiten. Erabiltzen ditugun materialak artelan hori kaltetuko ez dutenak izaten dira. Gainera, atzeragarriak izan behar dute materialek, egunen batean zaharberritze irizpideak aldatzen baldin badira, kentzeko modukoak. Eta, gainera, ahalbidetu behar dute guk egin duguna eta originala zein diren antzematea, faltsu historikorik ez sortzeko. Irizpideak nahiko lotuta daude, batez ere arte tradizionalean. Arte garaikidearen kasuan, batzuetan beste mota bateko esku hartzeak egiten dira, artistak horrela erabakitzen duelako, baina tradizionalean gauzak oso lotuta egoten dira. Eta eskerrak. Prentsan agertzen diren esku hartzeak, Ecce Homo-rena eta, salbuespenak dira. Horiek ez dira zaharberritze esku hartzeak, esku hartu duena ez delako zaharberritzailea. Intentzio onenarekin egin arren, ez ditu zaharberritze irizpideak jarraitzen.

Zientzia eta artea itxura batean oso urrun dauden bi arlo dira. Uste bezain urrun al daude bi eremu horiek?

Ez daude hain urrun. Gure formakuntzaren parte bat kimika da, adibidez. Ondarean esku hartu behar denean, lankidetzak egiten ditugu, arkitektoekin, historialariekin, ingeniariekin, kimikariekin nahiz biologoekin. Lankidetza hori beharrezkoa da, esku hartze bat ondo gauzatu ahal izateko. Eta horrek badauka zientziarekin zerikusia. Adibidez, ni orain egiten ari naizen doktore tesian aztertzen ari naiz nola zahartuko diren pinturak. Zahartze ganbara batean sartzen ditut pintura horiek, eta ikusten dut zer aldaketa gertatzen diren.

Zaharberritze lanean, zer leku du sormenak?

Ez dauka lekurik. Sortzailea izan zaitezke esku hartzea proposatzerakoan, baina zuk esku hartzen duzunean, ezin duzu sormenik landu. Bestela beste zerbait egiten ariko zinateke, ez zaharberritzen. Egin zuten hori irudikatu behar duzu, baina sortu ez. Gure arloa ez da sormenari lotutakoa.

Larrañaga, Arratzuko Santo Tomas elizako irudietako bat garbitzen. (Utzitakoa)

Aipatu duzu pintura, eskultura... gustatzen zitzaizkizulako murgildu zinela artearen munduan. Ez al duzu sortzearen faltarik sumatzen? Edo beste tarte batzuetan egiten duzu hori?

Hasi nintzen beste tarte batzuetan egiten, baina utzi egin nuen. Gero, zaharberritzean murgildu nintzen, eta ez dut horren faltarik sumatu. Gustatzen zait sormena lantzea, joaten naiz museoetara eta gozatzen dut besteen lanak ikusiz, baina neuk ez dut sortzen une honetan.

Autonomo aritzetik irakasle izatera igaro zinen. Zure ogibidea aldatu da denbora baterako. Zer ematen dizu irakasle lanak eta zer zaharberritzeak?

Aldaketa batek beti dauka eragina. Egia da niri zaharberritze lana asko gustatu izan zaidala, asko ikasi dudala horretan; eroso nengoen, baina unibertsitatean lan egiteak gauza berriak ikasten laguntzen dizu, birziklatu egiten zara, eta jende gaztearekin lan egiteak aberastu egiten du.

Ikerlari ere jarduten duzu. Nola uztartzen dituzu irakasle eta ikerlari jardunak? Bietarako denborarik ateratzen al duzu?

Ez da erraza. Egin behar den zerbait da. Unibertsitateak ikerketan aritzera bultzatzen zaitu, nire lanaren parte da. Baliabideak ditut unibertsitatean, eta aukera hori ezin dut galdu. Azkenean, egiten dudana da lo gutxiago egin eta ordu gehiago sartu, denek egiten duten bezala, pentsatzen dut.

Jende askok ez du ezagutzen zaharberritzearen jarduera. Gizakia noiz hasi zen horretan?

Historian zehar beti zaharberritu izan da. Greziarrek zaharberritzen zuten, egipziarrek ere bai... denek egin izan dute hori. Denek zaharberritu izan dute beraientzat garrantzitsua zen hori, baina ez zituzten gaur egungo irizpideak jarraitzen. Askotan egiten zutena zen gauzak berregin, edo gauzak aldatu momentuko modaren arabera. Gaur egun ez da hori egiten. Zaharberritzearen azken irizpideak XX. mende erditik aurrera aplikatu izan dira, eta bilakaera bat izan dute horiek arte garaikidean.

Irizpide horiei lotuta, legedia bat ere badago, ezta? Eraikin batzuen etxaurreak ezin dira bota, esaterako.

Legedia bat dago, bai, eta hori errespetatu egin behar da. Batzuetan kultura ondarea denez, ez dugu hain garrantzitsutzat jotzen, eta aurretik eramaten ditugu gauza asko. Baina legedia hori artelanak eta ondarea babesteko dago, eta bete egin behar dugu. Ondarea babesteak biharko egunean ondare hori izatea ahalbidetuko digu. Bestela, egingo genukeena da modaren arabera eta garaian-garaian gauza batzuk kendu eta berriak jarri. Gaur egun ondare hori mantentzen baldin badugu, norbait hori kontserbatzeaz arduratu delako da.

Garrantzitsua da, beraz, bestela historiaren parte bat galduko litzatekeelako.

Bai. Historiaren parte da, eta mantendu eta kontserbatu egin behar da. Azkoiti-Azpeitian egundoko ondarea daukagu; erlijioarekin oso lotuta dago parte handi bat. Artelana ondo kontserbatzen denean, gehiago baloratzen dugu.

Zer ondare daukagu Azkoiti-Azpeitian? Adibiderik?

Eraikin pila bat, Loiolatik hasi, Azkoitiko eta Azpeitiko parrokiak, baserriak ere bai, ermitak... Eraikin horien barruan dagoen artelan kopurua ere handia da. Eta partikularrek dauzkaten zenbait ondare ere garrantzitsuak dira.

Zer lan egin izan dituzu Azpeitian?

Elolaren kaperan aritu nintzen, lankidetza batekin, enpresa batentzako lanean. Parrokian ere egin izan ditut zenbait lan, Elolako ezkutuak ere zaharberritu izan ditut, Loiolarako eta Olatzerako ere egin izan ditut zenbait gauza, udalarentzako, partikularrentzako ere bai...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide