Aurkeztu dute aurtengo Tutera-Azpeitia ekimeneko ibilbidea

Intza Trula 2024ko ots. 2a, 10:57

Tutera-Azpeitia aurkezpena, atzo. (Lagun Onak MB)

Atzo aurkeztu zuen Lagun Onak MBk Kilometroen barruan antolatutako Tutera-Azpeitia ekimenaren ibilbidea. Helduentzako etapazko ekimenak bederatzi etapa izango ditu, eta igandean irekiko dute lehenengorako izen-ematea.

Prest dute dagoeneko Kilometroen barruan egingo den Tutera-Azpeitia ekimeneko ibilbidea, eta Lagun Onak MBk atzo aurkeztu zituen haren xehetasunak. Bederatzi zatitan banatu dute aurtengo helduentzako etapazko ekimena, eta parte hartzeko interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena lehenengoan.

Tuteratik abiatuko dira lehen mendizaleak, eta Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatuz iritsiko dira Azpeitira. 250 kilometro egingo dituzte guztira, 6.000 metroko desnibel metatuarekin. Hori horrela, lehenengo etapa otsailaren 17an egingo da, eta azkena, urriaren 19an, festa batekin borobilduta.

Mendizaletasunaren eskutik, eta Kilometroak ekimenaren barruan, "Euskal Herrian zehar euskarak bizi dituen egoera desberdinak ezagutzeko aukera" ematen du ekinemenak, antolatzaileek esan dutenez. "EAE ez bezala, Nafarroa hiru eremutan banatuta dago hizkuntzaren ikuspegitik. Ibilaldiak Nafarroa guztia zeharkatuko duenez, zonalde ez euskaldun, zonalde misto eta zonalde euskaldunetako herritarren eta herri ekimen desberdinen bizipenak ezagutu ahal izango dira: Errigora eta Union Tuteraren adibideak, zonalde ezberdinetako ikastolen ibilbideak... Ahalik eta Beasaindik barrena, Azpeitian amaitu arte: euskararen arnasgune izendaturiko herria. Urrun dagoena hurbilduz, Euskal Herriaren altxor nagusiaren ezagutzan sakonduz eraikiko da beraz Azpeitia eta Tutera arteko zubia".

Aurtengo Tutera-Azpeitiak azken urteetan Lagun Onak MBk antolatu dituen helduentzako etapazko ekimenen antzerako planteamendua dauka. Hau da, Azpeitia-Hazparren, Azpeitia-Bilbo kostatik, Ardoaren eta arrainaren ibilbidea, Azpeitia-Iruñea eta Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia ekimenen antzeko formatua izango du, baina, lehen aldiz, Azpeitian izango da helmuga. Ekimena mendizale, ibiltari edo naturazaleei zuzendutakoa da, eta egon daitekeen erronkarik "handienetakoa zein politenetakoa" izan daiteke: Euskal Herriko mapako urruneneko puntuetako batetik abiatu, eta handik etxerako bidea egitea, hain zuzen.

Honakoa da ibilbidea: 

  • Otsailak 17: Tutera - Milagro 32 km.
  • Martxoak 16: Milagro - Faltzes 22 km
  • Apirilak 13: Faltzes - Lerin 23 km
  • Maiatzak 11: Lerin - Iratxeko Monasterioa 30 km
  • Ekainak 23: Pilatosen balkoia - Lizarragako mendatea 30 km
  • Ekainak 22: Iratxeko Monasterioa - Pilatosen balkoia 27 km
  • Uztailak 6: Lizarragako mendatea - Etxarri Aranatz 27 km
  • Irailak 14: Etxarri-Aranatz - Beasain 30 km
  • Urriak 19: Beasain - Azpeitia 27 km

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide