Santa eskeko koplak dioen bezala, "eztarriz sano" dabiltzala erakutsi dute gaur Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Urola Ikastolako eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek. Usadioari jarraituz, santa eskean ibili dira goizean zehar ikastetxeetan zein kalean, makilak eskuan hartuta. Santa Ageda bezperako koplak kantatuz eta lurra makila kolpez astinduz, tradizioari so, lurra lozorrotik esnatu dute, udaberriari etorrera emateko.
Aurten, Santa Ageda bezpera, otsailak 4, igandez ospatuko da. Hori dela eta, herriko ikastetxeetako ikasleek astegunez egin dute santa eskea. Iraurgi ikastetxeko ikasleek astelehenean, Santa Ageda egunez, ospatuko dute jaia.
Urola ikastolako gaztetxoak Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzako ikasleengana joango dira koplak kantatzera, 11:00 aldera. Beste hainbat, kalerik kale ibili dira bazterrak kantuz eta koplaz alaitzen. Ikasle eta irakasle, Alde Zaharrean barrena ibili dira santa eskean. Ikasberri ikastolan 12:15etik 13:00etara, askotariko koplak kantatu dituzte Haur Hezkuntzako hirugarren mailatik DBHO bigarren mailara arteko ikasleek ikastolako atarian. Aurten, kilometroen festa gogoan hartuta egin dute santa eskea.
Iraurgi ikastetxekoek astelehenean, Santa Ageda egunez, ospatuko dute jaia. 10:00etan, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak Goienetxera joango dira, eta ondoren, 11:30ean, San Martin egoitzako egoiliarrengana joango dira koplak kantatzera. Arratsaldean, berriz, 16:30ean, HHko eta LHko ikasleek ikastetxeko atarian abestuko dituzte koplak. Kantuari utzi aurretik, HHko ikasleek entzuleen artean izara pasatuko dute, gozokiak jasotzeko.
(Argazkiak: Ikasberri, Urola eta Karmelo Etxegarai)