Txikitatik "oso sortzailea" izan dela adierazi du Angela Etxanizek (Azpeitia, 2002), eta aktore izateko "kuriositatea" ere haurra zenetik sentitu duela. Hala ere, hasiera batean, ez zen ausartu urrats hori egitera, inguruan ez zuelako "inolako erreferenterik" eta ez zuelako ezagutzen "mundu horretan lan egiten zuenik". Batxilergoa ikasten ari zela, ordea, Madrilera joateko erabakia hartu zuen: "Buruan aspalditik nuen ideia zen, eta horren aldeko apustua egitea pentsatu nuen".
18 urterekin, maletak egin eta Madrilera joan zen. Han, unibertsitate ikasketak egitearekin batera, klaseak jasotzen hasi zen aktore eskola batean. Lehenengo ikasturte hartan, astean arratsalde batez jasotzen zituen eskolak; izan ere, aurretik antzerako ezertan ibili gabekoa zen Etxaniz, eta probatu egin nahi zuen jakiteko gustatzen zitzaion ala ez. Hala ere, azkar jakin zuen hurrengo pausoa norantza emango zuen: "Madrilgo bigarren urtean, Irrits film laburrean parte hartu nuen, eta horren ondoren, aktore lanetan serioago hastea erabaki nuen".
Work in Progress izeneko eskolan hasi zen aktore azpeitiarra. "Lehenengo urtean, astean behin joaten nintzen eskolak hartzera: zapatuetan izaten genituen saioak, hamar orduz jarraian. Gero, berriz, astean bi arratsaldez joaten nintzen, eta egun bakoitzean bost ordu egiten nituen". Eskolan interpretazioa, dantza, antzerkiaren historia eta inprobisazioa landuz garatu ditu aktore abileziak Etxanizek. "Oso gustura egon naiz eskola horietan, nire zaletasun berberak dituen jende asko ezagutu dut eta haiekin ideiak partekatzeko aukera ederra izan dut".
Madrilera joateko erabakia han aukera eta eskola gehiago daudelako hartu zuen aktoreak, eta baita "gustu berdinak partekatzen dituen jendearekin elkartzeko" ere. Gaur egun, Madrilen bizimodu "kaotikoa eta mugitua" duela sentitzen du Etxanizek. Astelehenetik ostiralera lan ordu asko sartzeaz gain, lanean ez dagoen momentuak lagunekin kafea hartzeko, filmak ikusteko edota zinemara joateko aprobetxatzen ditu: "Madrilek plan asko egiteko aukera ematen du, eta libre nagoen bakoitzean alde batetik bestera ibiltzen naiz, lagunekin edo bakarrik".
Aktore lanetan, ilusioz
Duela urtebete agente edo ordezkari bat lortu zuen Etxanizek, ordezkaririk gabe casting-en eta aktoreen hautaproben berri izatea "ia ezinezkoa" delako. Telesail batzuetarako probak egin eta "ezezko asko" jaso ondoren, irailean, Azpeitian zegoela, bere ordezkariaren deia jaso zuen: "Hurrengo egunean Madrilen egon behar nuela esan zidan. Beraz, trena hartu eta ahalik eta azkarren joan nintzen hara". Aurrez aurreko casting bat egin zuen, eta handik bost egunera, unibertsitaterako agendak erosten ari zela jaso zuen zain zegoen deia: "Era horretan jakin nuen La 1 kateko La Promesa telesaileko Veraren papera interpretatuko nuela. Ezin nuen sinetsi".
La Promesa telesaila egunero botatzen dute telebistan; horrenbestez, grabaketak ere egunero izaten dituzte. "Ordu asko kentzen dituen lana da, baina asko gozatzen dut lanean", adierazi du Etxanizek. "Sekulako aukera da La Promesa bezalako proiektu batean parte hartu ahal izatea", azpimarratu du. Lantalde "gaztea eta oso jatorra" daukatela esan du. "Nire lankideak duela urtebete inguru hasi ziren telesailaren grabaketekin, eta lantaldean oso ondo hartu naute". Telesailean parte hartuz "asko ikasten" ari dela ere aitortu du.
Lanerako inspirazioa "begiak ahalik eta zabalen" izanda lortzen duela azaldu du azpeitiarrak; era horretan ahalegintzen da "gauza txikiak barneratzen". Behatzailetzat du bere burua, eta kalean gurutzatzen dituen pertsonen keinuek, antzezlanek edota filmek balio diote aktoreari inspirazioa lantzeko. "Gustatu zaizkidan eta eragin didaten obra asko daude", eta orain ere saiatzen da hilean pare bat alditan antzerkira joaten, Madrilen bizi duen lehengusuarekin batera. Azpeitiko Antzerki Topaketetan ikusitako antzezlan bat ere badu bereziki kutuna: "Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari antzezlana ikustera joan nintzen, eta aktore gazte haiek agertoki gainean ikusteak motibatu egin ninduen. Haiek egin ahal bazuten nik zergatik ezin nuen pentsatzera eraman ninduen antzezlan horrek. Antzezlan hori askotan etortzen zait gogora, eta haren posterra logelan gordeta daukat".
Etorkizunean aktore izatetik bizimodua ateratzeko esperantza du Etxanizek, eta gustatuko litzaioke "ahalik eta proiektu gehienetan parte hartzea, askotariko esperientziak eta esperientzia desberdin asko bizitzea, jendea ezagutzea eta haiengandik ikastea". Proiektu askotan lan egitea lortzen badu, lehenengoan bezainbeste "disfrutatzea" nahiko luke: "Niretzat aktore izatetik bizitzea sekulako pribilegioa da".
Lanbidearekin lotutako ametsei buruz galdetuta, berriz, aitortu du "benetako ilusioa" egingo liokeela euskal proiektu batean parte hartzeak: "Euskal kultura asko baloratzen dut, eta euskaldun bezala asko identifikatzen gaituen zerbait da. Euskal aktoreak ikusten hezi naiz, eta horren parte izatea gustatuko litzaidake".
Motzean
Adina: 21 urte.
Ikasketak: Administraritza gradua eta Interpretazioa.
Lanbidea: aktorea.
Aktorea ez banintz... sormenarekin lotutako zerbait egingo nuke.
Lanetik ateratzean gogoko dut... lagunekin kafe bat hartzea terraza batean eserita, haien kontuak entzuten ditudan bitartean.