Tximiniatik kea, surik ez komeni

Nerea Uranga 2024ko mar. 3a, 12:45

Suhiltzaileak Azpeitiko etxebizitza bateko tximinian piztutako sua itzaltzen. (Nerea Uranga)

Negu betean, etxea bero izatea nahi izaten da. Gero eta etxe gutxiago dira su tximinia dutenak, baina Azpeitian oraindik etxebizitza asko daude su kebideak dituztenak. Tximinia ondo mantenduta eta garbi izatea garrantzitsua da, ordea, gero suhiltzaileei deitu beharrik ez izateko. 2024ko otsaileko Uztarria aldizkariko erreportajea da hau.

Kalean hotza denean, hainbat etxebizitzatako tximinietatik keak irteten du. Adierazgarri ona da hori, etxe horiek barruan bizia duten seinale. Urteen poderioz, etxebizitzetako berokuntza sistemak aldatzen eta hobetzen joan dira, baita teilatuetan tximiniak gutxitzen ere. Azpeitian asko dira tximinia duten etxebizitza eraikinak, eta horiek garbi eta ondo mantenduta izatea garrantzitsua da, ezustekorik eta suhiltzaileen jardueraren beharrik ez izateko.

Azpeitian arlo horretan lan egin duen enpresa da Bastida Tximiniak; 1977. urtetik ari da. Bere bidea bukatzear du, ordea. Hala adierazi du enpresa horretako Maria Jesus Aranburuk: "Adinean aurrera goaz, eta gure jardunari segida emateko prest dagoenik ez dago. Gaur egun ere lan asko dago arlo honetan, tximiniak muntatzen eta mantenuan, baina tximiniekin lanean ari direnak gutxitzen ari dira". Herrian ez ezik, kanpoan ere lan asko egin dute Bastida Tximiniakekoek, hala nola inguruko herrietan, Bizkaian eta Araban.

Etxebizitzetako berokuntza sistemak "asko aldatu" dira azken urteetan, eta etxebizitza berri asko su tximinia jartzeko egokitu gabe eraikitzen dituzte. Hala ere, Azpeitian etxebizitzen eraikin asko dira egurra erregai duten sistemak jartzeko prestatuta daudenak, eta baserri ia gehienetan ere hala da.

Egurraren berotasuna "gozoagoa" da, hori da berokuntza sistema horren hautua egiten duten askoren esana, Aranbururen arabera. Garai batean, ia etxe guztietan izaten zen ekonomika, eta oraindik ere etxe askotan dira horrelakoak. "Ekonomikak asko hobetu dira, eta orain sukaldeko altzari bat gehiago bezala ekoizten dituzte. Errendimendu handiagokoak dira, eta gainak bitrozeramikazkoak dituztenak badira, baita garbitzeko errazagoak direnak ere. Beheko suak berdin, hobeak ekoizten dituzte egun. Lehen ez bezala, itxi-itxiak izaten dira, askoz gehiago berotzen dutenak eta seguruagoak". Pelleta –egurraren deribatua– erregai gisa erabiltzen duten berokuntza sistemak ere ugaritu egin dira. "Oso boladan egon da urte batzuetan pelletaren sistema jartzea etxeetan, nahiz eta pixka bat egonkortu egin den. Berokuntza sistema erosoa da hori, eta gainera, bakoitzak nahieran programatzeko aukera ematen duena". Sistema horrek ere etxean tximinia izatea eskatzen du, kebidea, alegia.

Maria Jesus Aranburu, Bastida Tximiniakekoa, beheko su baten ondoan. (Nerea Uranga)

"Erraustegi txikiak"

Kebideak edota tximiniak ondo mantentzeak eta erabiltzen den erregaiak berebiziko garrantzia dute ezusteko suteak saihesteko. Horretan bat datoz Bastida Tximiniakekoa eta Jose Luis Garate Azpeitiko Urolako suhiltzaile etxeko sarjentua. Sutarako egurra lehorra izatea oso garrantzitsua da, baita edozer gauza ez botatzea ere. "Egurra hezea baldin bada, horrek ke gehiago sortuko du eta tximinia gehiago zikinduko du. Horrez gain, edozer gauza ez da bota behar sutara". Garai batean, etxeko ekonomikak "erraustegi txikiak" zirela gogoratu du suhiltzaileak: "Dena botatzen zen sutara eta edozer erabiltzen zen sua pizteko, eta hori ez da komeni. Kedarra sortzen da tximinian, eta horrek su hartzen duenean tenperatura altua hartzen du. Gainera, ustekabean tximiniaren hodia pitzatuta badago, eta gertu suharbera den zerbait badago, sutea sor daiteke".

Erregai egokia erabiltzeaz gain, tximinia garbi ere izan behar da: gutxienez, bi urtetik behin tximinia eta kebidea garbitzea komeni da. "Tximiniaren mantenua bakoitzaren erabileraren neurrikoa izan behar da, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago erabiliko dutelako; beraz, asko erabiltzen den kasuetan, urtean behin bada ere garbitzea da egokia", esan du Aranburuk.

Tartean behin, tximiniaren batek su hartu duela-eta suhiltzaileen beharra izaten da. Azken bost urteetan, tximiniako sutea tarteko, 35 kasutan aktibatu dira Azpeitiko suhiltzaileak: 2019an, bost irteera egin zituzten; 2020an, bederatzi; 2021ean, hiru; 2022an, zortzi; eta gehienak iaz, hamar irteera. "Suhiltzaileen koordinazio zentroan tximiniako sute baten abisua jasotzen dutenean, bi suhiltzaile parke jartzen dira martxan. Gauez bada sutearen abisua, eta egurrezko etxe batean, hiru parke aktibatzen dira". Ondorioz, Azpeitiko suhiltzaileak herrira bakarrik ez dira irteten tximinietako suak itzaltzera, inguruko beste batzuetara ere joan behar izaten dute.

Suhiltzaileek ere aldatu dute tximiniak itzaltzeko lan egiteko modua, Garatek kontatu duenez. Garai batean, su hartutako tximinian goitik behera sartzen zuten mahuka ur txorroa presioan botaz: "Gero, baldekada urak ateratzen ziren behetik". Gaur egun, mahukari puntan aluminiozko zulo txikidun estalkia jartzen diote eta ura lainoztuta botatzen dute tximinian, horrek errazago hozten eta bustitzen baitu. "Askoz ur gutxiago erabilita, sua itzaltzeko modu eraginkorragoa da egungoa".

Sua eta ura belaunetik behera, dio esaera zaharrak. Bada, egurrarekin egindako suaz gozatzeko, neurriak hartu behar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide