Zaparraie Euskara Mahaiko kide izango da aurrerantzean

Intza Trula 2024ko ots. 8a, 11:22

Euskara Mahaiko 2024ko lehen bilera, atzo Basazabalen. (Euskara Mahaia)

Zaparraie euskara taldeak eta Euskara Mahaiak estilo eta eginkizun "propioak" izango dituzte, baina elkarlanean jardungo dute hemendik aurrera. Atzo jakinarazi zuten berria, Euskara Mahaiaren 2024ko lehenengo bileran. 

Zaparraie euskara taldea Azpeitiko Euskara Mahaiaren parte izango da aurrerantzean. Azpeitiko Euskara Mahaiak atzo, asteazkena, egin zuen 2024ko lehen bilera Basazabalen, eta bertan jakinarazi zuen berria. Euskara Mahaiak eta Zaparraie taldeak eginkizun eta estilo "propioak" izango dituzte, eta, kasuan, "elkarlanean" eta "koordinatuta" jardungo dute.

Euskararen "normalizazioa" eta "biziberritzea" dira Euskara Mahaiaren helburuak. Hain zuzen, udalak iazko urtarrilean aurkeztu zuen 2023-2026 eperako Euskararen Plan Estrategikoa, eta handik hilabetera jarri zen abian Euskara Mahaia, zenbait eragilek eta norbanakok osatuta. Euskara Mahaiak hartu zuen plana garatzeko eta jarraipena egiteko ardura, Emun kooperatibaren laguntzarekin. 2024ko ekintza plana ere onartu zen atzoko saioan.

Zaparraie euskara taldea, aldiz, 2023ko abenduan sortu zen, aurrez euskalgintzako kideen arteko bilera batean hala erabakita. "Herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragitea", eta euskararen erabilera "sustatzea" dira Zaparraie taldearen helburuak.

Honakoak dira Azpeitiko Euskara Mahaiko eragileak:

  • Azpeitiko Udala.
  • Euskara Patronatua.
  • Urola Ikastola BHI.
  • Karmelo Etxegarai Ikastola.
  • Azpeitiko Ikastola Ikasberri.
  • Iraurgi Ikastetxea.
  • UEMA.
  • Zaparraie euskara taldea.
  • UKT Urolako Komunikazio Taldea.
  • Kulturaz kooperatiba.
  • Uztaro haurreskola.
  • Zutarri Karmelo Etxegarai Ikastolako guraso elkartea.
  • Azpeitiko Ikastola Ikasberriko guraso elkartea.
  • Iraurgi Ikastetxeko guraso elkartea.
  • Hitano lantaldea.
  • Udaleko Gazteria departamentua.
  • Udaleko Hezkuntza departamentua.
  • OB aholkularitza.
  • Norbanako batzuk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide