Amagoia Gurrutxaga: "Eskubidea dugu baldintza onetan lan egiteko, gaixotzeko..."

Intza Trula 2024ko ots. 14a, 09:54

Amagoia Gurrutxaga 'Ez gatoz Paristik' podcasta grabatzen. (Kulturaz)

Entzunezko Argia saria jaso du Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak ekoitzitako Ez gatoz Paristik podcastak. Amagoia Gurrutxagak (Matxinbenta, 1971) gidatzen du saioa.

Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak ekoitzitako Ez gatoz Paristik podcastari eman diote aurten entzunezko Argia saria. Besteak beste, euskaraz kultura egiten duten langileen baldintzak ezagutarazteko sortu dute proiektua. Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971) Zarautzen bizi den azpeitiarrak gidatzen du saioa.

Lanarteak ekoitzitako Ez gatoz Paristik podcastak entzunezko Argia saria jaso du. Nola hartu zenuten berria?

Sorpresaz, egia esan; eta poz handiarekin, jakina, aitortza ere badelako. Argia sariak euskarazko kazetaritzan ematen diren sari nagusiak dira, azken batean, Rikardo Arregi sariekin batera, eta oso eskertuta gaude. Aitortzak entzule gehiagorengana iristeko aukera eman dezake orain, eta hori da gure helburu nagusia: ahalik eta jende gehienarengana iristea. Horregatik, gure webgunean esekitzeaz gain, Berria egunkariari eskatu genion Ez Gatoz Paristik bere plataformetatik zabaltzea. Horrek ere mesede handia egin zigun.

Euskaraz kultura egiten duten langileen baldintzak ezagutaraztea izan da podcastaren helburuetako bat. Zergatik?

Idazle, musikari, bertsolari, irudigile, itzultzaile, aktore, dantzari, ipuin kontalari… izanik, langileak garelako, eta guk ere badugulako eskubidea baldintza onetan lan egiteko, gaixotzeko, beldurrik gabe bizitzeko, pentsio duinak izateko. Prekarietatea eguneroko ogia dugu, beste askok bezala. Sozialki, baina, guri ukatu egiten zaigu langile izaera, beste askori ez bezala. Eta erakunde publikoek gure prekarizazioa bukatzeko neurri eraginkorrik ez dute planteatzen. Are, prekarizazio hori betikotzen laguntzen dute beren kultur politikekin, merkatuaren legearen eta burokraziaren atzaparretan utziz gure oraina eta geroa. Merkatua eta administrazio ia guztiak makro-ebentoen logikan sartuta daude, eta hizkuntza hegemonikoen errealitateari erantzunez antolatzen da ia dena. Guk, baina, ez dugu sortzen ez gaztelaniaz, ez frantsesez, ez ingelesez. Guk hizkuntza subordinatu bat dugu lan tresna, euskara. Aukera berdintasunean bageunde bezala tratatzen gaituzte, geuk ere estatu baten babesa eta milioika hiztuneko komunitatea bagenitu bezala. Kultur, ogasun, lan, hizkuntza eta hezkuntza politikak diseinatzen dituztenak ez daude gu eta gure lanak propio laguntzeko prest. Bateko eta besteko kultur sailetako txostenetan ez da sekula hitz egiten gure lan baldintzez, gure lanaren balio ekonomikoaz eta sozialaz. Askoz gehiago aipatzen dira guri kontratu abusiboak eta ordain negargarriak eskaintzen dizkiguten enpresen eta enparauen beharrak. Gero eta gehiagotan aipatzen duten kultur industriako parte ez gara, antza, gure kultur sistemaren lehengai lehena sortzen eta interpretatzen dugunak izan arren. Hor bizi gara gu, eta bizi dugunari buruz hitz egiteko sortu genuen podcasta: artistei ahotsa emateko, kontzientzia kolektiboa sustatzeko eta gizarteari gure egoera ezagutarazteko.

Egoera hori hobetzea izango litzateke Lanarteak duen beste asmoetako bat. Zer egiten duzue horretarako?

Lan ildo desberdinak ditugu. Lehenik eta behin, sektoreko langileei begira egiten dugu lan. Horretarako, sektorearen diagnostiko etengabea egiten saiatzen gara, lehenik eta behin, arazo eta indargune komunak detektatzeko. Eta gogoetarako guneak eskaintzen saiatzen gara. Urrian, esaterako, Euskal Artisten I. Mintegia antolatu genuen Oiartzunen (Gipuzkoa), eta gure neurriko Artistaren Estatutua izan genuen hizpide. Sektoreko hainbat eragilerekin elkarlanean ari gara, baita ere, sortzaileek nozitzen duten zama administratiboa arintzeko neurri zehatzak diseinatzen. Neurriok Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunei ere aurkeztuak dizkiegu, indarrean jar ditzaten. Eusko Legebiltzarrera ere joan ginen iaz neurriok aurkeztera. Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien kultura sailetan ere izan gara, gure egoeraren eta proposamenen berri emateko helburuarekin. Azkenik, iritzi publikoan eragin nahi dugu. Horretarako egin genuen, esaterako, Loreak belaunetan dokumentala, euskal artista gazteei buruzkoa. Duela bi urte estreinatu genuen, eta hogeitik gora herritan eman dugu jada. 

Azpeitiko Dinamoa sormen gunean grabatu duzue Ez gatoz Paristik, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Noiz eta nola sortu zen ideia?

Podcasta egiteko ideia duela bi urte sortu zitzaigun, gure mezua guk nahi moduan eta momentuan gizarteratzeko aukera ematen digun formula delako. Baliabide faltagatik, urtebete atzeratu behar izan genuen proiektuaren abiaraztea, baina. Iaz, ideiari heltzea erabaki genuenean, Kulturazekoengana jo genuen. Azken batean, kulturari buruzko kezka eta gogoeta ugari partekatzen ditugu eurekin. Gure kultur sistemako belaunaldi berriaren egoeraz hitz egin nahi genuen, bagenekien zeintzurekin eta zertaz aritu nahi genuen, eta gure asmoa iruditara ekartzen laguntzeko eskatu genien. Berehala erantzun ziguten baietz. Elkarlan hori oso aberasgarria eta interesgarria izan zen guretzat. Aurrekari horrekin, eta bagenekienez Dinamoan soinuaren eremu bat sortu berria zutela, hor grabatzeko interesa azaldu genien. Berehala erantzun ziguten baietz, berriro ere, eta eskerrak, hori gabe oso bestelakoa litzatekeelako emaitza.

Zer entzun daiteke podcastean?

Informazioaren blokearekin hasten da atal bakoitza, gai zentral bati buruzko erreportajearekin eta iritziarekin. Lehen atalean azaltzen saiatu ginen, adibidez, guk erosten dugun liburu edo disko bakoitzaren irabazietatik zenbat izaten den liburu eta disko horren sortzailearentzako. Patxi Zubizarreta idazleak bere iritzia eman zigun bertan, eta Eider Eibar ilustratzaileak eta Miren Narbaiza eta Joseba B. Lenoir musikariek beren esperientziak kontatu zizkiguten. Hurrengo ataletan hitz egin dugu kulturismoaz –hau da, kultura turismoa erakartzeko amu huts gisa tratatzeaz–, Guggenheim-Urdaibai proiektuaz, Adimen Artifizialaz, euskal artisten estatutu baten beharraz, eta kulturak hezkuntza sistema orotan behar lukeen tokiaz. Erreportaje horiez gain, atal bakoitzean kantu berri bat eskaini dugu, musikariei gustuko literatur puska bat musikatzeko eskatuta. Sormen txoko horri Zubi-musu bat deitu diogu, eta Gartxot Unsain, Eneritz Furyak, Peru Galbete, Eñaut Elorrieta, Don Inorrez eta Morau izan ditugu musu emaile. Azkenik, Harkaitz Canok idatzitako Hi bizi haiz hi irrati satira aldarrikatzailearen piezak ixten du gure podcasta.

Sei kapitulu egin dituzue. Aurrera begira, ba al duzue berriz ere podcastari heltzeko asmorik?

Jakina. Beste sektore batzuetan bezalaxe, gurean ere prekarietatea erabat normalizatuta dago, eta hori iraultzeko bidean, podcastari eutsi nahi diogu. Orain arteko sei ataletan 40tik gora artistak parte hartu dute. Euren eta Azpeitiko Kulturaz kooperatibaren ofizioa eta eskuzabaltasuna gabe, ez litzateke Ez gatoz Paristik hau izango. Ander Mujikaren eta Xanti Agirrezabalaren lana nabarmendu nahi nuke bereziki, Harkaitz Canorekin batera, atal guztietan egin dutelako beren ekarpena, eta ez nolanahikoa. Proiektuari eusteko bideak aztertzen ari gara orain. Beti bezala, baliabide ekonomiko eza da gure galga.

Ander Mujika, Xanti Agirrezbala eta Amagoia Gurrutxaga podcasta grabatzen. (Kulturaz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide