Gutuna

Bortxaketa eta gu

Oihana Elduaien Uranga 2024ko ots. 14a, 15:27

Karnabaletako sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea plazan. (Ihintza Elustondo)

Oihana Elduaien Urangak idatzitako iritzi artikulua da honakoa:

Denok mugitu gaitu karnabaletako bortxaketak. Denok. Bakoitza bere lekutik. Batzuk gehiago, besteak gutxiago.

Bortxatzailea preso sartuagatik bortxak kalean segitzen du. Nagore Alkorta alkateak ondo esan bezala, egiturazkoa da arazoa, ez dago erasotzaile profil zehatz bat. Erasotzaileek hala izatea ahalbideratzen dien sistema oso bat dute beren alde. Eta patriarkatua izena du. Hori da aldatu behar dena. Etengabea den zirimiria. Izan ere, non hasten da bortxaketa bat? Noiz hasten da bortxatzailea hori egiteko gai sentitzen? Non? Zergatik? Zenbat eraso "txiki" izan ote dira festetan, bortxaketa honetaz gain?

Geldiarazi behar ditugu eraso guztiak. Astelehen Karnabalean plazan isiltasun ozenean esan genuen bezala, argi geratu bedi ez dugula emakumeen kontrako erasorik onartuko, inolakorik; ez Azpeitian eta ez inon. Eta prestatu gaitezen, elkartu gaitezen eta antolatu gaitezen helburu horiek lortzeko.

Alabak ditugu, eta haiekin kezkatzen gara. Eman diezazkiegun mundu honetan egoteko behar dituzten erremintak. Egin dezagun haiekin jabetze eta ahalduntze lan bat. Konturatu daitezela zer gertatzen den. Beldurrik ez, baina norbere burua defendatzeko tresnak behar dituzte. Aske bizitzeko tresnak. Ahizpatasuna eta autodefentsa feministarako ikastaro asko beharko dira. Baina ez dezagun jar fokua emakumezkoengan. Erasotzaileak ez dira beraiek.

Semeak ere baditugu. Kezkatu gaitezen haiekin ere. Egin dezagun haiekin ere jabetze lana. Hezi ditzagun feminismoan eta ez patriarkatuan. Hezi ditzagun berdintasunean eta errespetuan. Eta ez badakigu hori ondo egiten, elkartu gaitezen, saretu gaitezen, kezkatu gaitezen, lagundu diezaiogun elkarri, landu dezagun.

Seme-alabak ditugunok zerikusi berezia dugu haien heziketan, bai; baina esan beharrik ez dago heziketa hori ez dela gurasoena bakarrik. Familiak hezten gaitu, lagunek hezten gaituzte, eskolak, herriak… Guztiok dugu ardura eraikitzen ari garen gizartean. Guztiok egin dezakegu zerbait.

Mugitu gaitu bortxaketak, baina gehiago mugitu beharko dugu hau dena geldiarazteko. Mugitu geu, eta horrela besteak mugiarazi. Sistema aldatzeko. Honek bukatu egin behar du.

Biktimei elkartasun eta babesik handiena. Ez zaudete bakarrik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide