Eroritako kimuaren kimua, zutik

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 28a, 10:01

Gernikako arbolaren kimua euripean, atzo, Zelai Luzen. (Aitziber Arzallus)

Azaroan erori zen Azpeitiko Gernikako arbolaren lekukoa hartuko duena landatu dute aste honetan Zelai Luzen. Aurrekoaren kimua da, Joxe Esnaolak hazitakoa.

Hiru hilabete pasa joan dira Azpeitiko Gernikako arbola erori zenetik, eta Gernikako arbola berri baten kimua zutitu dute berriro aste honetan. Joan den azaroaren 22an jo zuen behea Gernikako juntetxeko haritzaren arbasoaren kimu batetik sortu eta 1905ean Azpeitira eramandako landaretik hazitako zuhaitz zahar eta dotoreak. Herrian ia 120 urte, eta gaur egun Done Jakue izenarekin ezagutzen den kalean 112 zeramatzan zutik azpeitiar askorentzako kutuna zen arbolak, Frontoi Txikiaren ondoan, burdinezko hesi batek inguratuta. Haren kimu berria ez dute toki berean landatu: Zelai Luzeko lorategietan zutitu dute, Enparan dorretxearren atarian, orain arte zumitzezko txorimaloa zegoen tokian.

"Iturraldetarren amamak, Alejandra zenak, esaten zuen pilotalekuaren ondora eraman aurretik Iturritxikin egon zela zuhaitza", dio Joxe Esnaola Panadero-k (Azpeitia, 1940) duela hiru hilabete eroritako zuhaitzaz. Duela hilabete inguru egin zioten ebakuntzatik osatzen eta "indarrak berreskuratzen" ari den honetan, pozik dago Esnaola; izan ere, berea da Azpeitiko Udalak herenegun Zelai Luzen landatu zuen Gernikako arbolaren kimu berria.

Berak utzitako landarea aldatu zutenean ez zen bertan egon, baina ikusi du nola gelditu den eta gustatu zaio. "Oso kurioso jarri dute", dio. "Erregadio faltarik behintzat ez du izango", zioen atzo goizean Esnaolak, irribarrez, kimua landatu eta ondorengo orduetan botatako euri jasei keinu eginez.

Beste errespetu bat

Pilotaleku ondoko Gernikako arbolarengandik metro gutxira dagoen etxe batean jaiotakoa eta hazitakoa da Esnaola, bere gurasoek okindegia eta bizitokia zuten eraikina zuhaitz haren "aurrez aurre" zegoen. "Guretzat beti izan da oso berezia", dio Esnaolak; "ez zen beste haritzak bezalakoa, beste errespetu bat eragiten zigun, bagenekien-eta Gernikakoaren kumea zela". Urte askotan, saninazioetarako herrian jartzen zituzten barrakak Gernikako arbolaren bueltan jartzen zituzten. "Zenbat sufritzen genuen guk", gogoratu du Panaderok tiobiboekin akordatuta. Azpeitiarraren esanetan, "orduantxe izorratu" zen pilotalekuko Gernikako arbola, "tiobiboetako kableak-eta adarretan lotzen" baitzizkioten.

Joxe Esnaola 'Panadero' atzo, bere etxean. (Mailo Oiarzabal)

Ezkur biltzen

Urte asko igaro ziren Joxe Panadero Gernikako arbolaren kimuaren kimuak landatzen hasi zen arte. "Jubilatu eta gerora" hasi zen udazkenean Frontoi Txikiaren ondoko haritzari erortzen zitzaizkion ezkurrak jasotzen eta haiek Soreasu bideko familiaren baratzean landatzen. "Ezkur itxurosoenak aukeratzen nituen, osoenak edo, horiek hobeto ernatuko zirelakoan", kontatu du. "Ez nituen ezkur denak era berean landatzen, batzuk ipurdiz gora eta besteak ipurdiz behera baizik. Orain, ez dakit ernetakoak zein aldetara landatutakoak izan ziren. Batzuetan hamar landatu eta bakarra ernatzen zen, hurrena bat ere ez...".

"Kontu horietaz gauza handirik ez" dakiela dio azpeitiarrak, baina denbora-pasako ahaleginak fruituak eman izan dizkio. Izan ere, orain Zelai Luzen zutitu dutena ez da Esnaolak landatutako ezkurretatik hazi den kimu sendo bakarra.

Hazparnen beste bat

2017ko irailean, Azpeitiko eta Hazparneko herriak senidetu zireneko 30. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan, herriko Gernikako arbolaren kimua eraman zuten azpeitiarrek Lapurdiko herrira, eta hango belardi batean landatu zuten. Kimu hura ere Esnaolaren baratzean hazitakoa zen.
Hazparnera eramandako harekin batera beste bat ere ernatu eta hura lagun bati eman ziotela gogoratu dute Esnaolak eta Amaia Egaña emazteak. Eta berak aitortu bezala ezkur gehienek fruiturik eman ez arren, kimu gehiago ere oparitu izan ditu Esnaolak azken urteetan, "lauzpabost" guztira. Hain zuzen ere, Done Jakue kaleko Gernikako arbolaren lekukoa Zelai Luzen hartu duen kimuak ere badu ondorengo bat. "Orain landatu dutenak lau urte ditu, eta badut hiru urte dituen beste bat", azaldu du Panaderok. Azpeitiko Gernikako arbola zaharra erori aurretik hari jasotako azken ezkurrak ere gordeta ditu. "Baditut bost bat ezkur gordeta, eta egunen batean landatuko ditut". Ezkurrak landatzea "erraza" dela dio azpeitiarrak: "Nahikoa da erreten bat egitea eta ezkurrak han sartzea. Gero zaindu egin behar, noski".

Esnaolak uste du bereez gain Azpeitiko Gernikako arbolaren kume gehiago egon daitezkeela herrian, bera ikusita "jende gehiago ere" hasi zelako ezkurrak jasotzen; eta bereziki, erori zen egunean. "Segituan" jaso zuen Esnaolak abisua arbola erori zenean, adarrak beren jaiotetxeraino iritsi baitziren. "Pena" izan zen kimu jabearentzat eta emaztearentzat arbola zaharra erorita ikustea; "egia esanda, asko maite genuen".

Aurrerantzean, Esnaolak berak ateratako kimuak hartuko du ehundik gora urtetan herrian zutik iraun zuen eta azpeitiar askorentzat ikur izan den zuhaitzaren lekua, beste toki batean bada ere. Aurrekoa Done Jakueko jaiotetxetik oso gertu ezagutu zuen Panaderok, eta oraingoa ere, aurrekoa bezainbeste ez, baina bizi den etxetik hurbil dauka, nola indartzen den ikusi ahal izateko. Hala ere, "ondorengoek" bere kimutik hazitako zuhaitza ikusteak sortzen dio ilusioa Esnaolari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide