Gurasoei, adingabeei eta profesionalei zuzendutako orientazio, detekzio eta esku hartze goiztiarrerako zerbitzua aurkeztu du Azpeitiko Udalak. Zerbitzu horretan herriko lau ikastetxeek, haur eskolek, udaleko Gazteria, Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza eta Parekidetasuna sailek, Osakidetzak eta Udaltzaingoak parte hartzen dute. Zerbitzuaren nondik norakoak azaldu dituzte Leire Goenaga Azpeitiko Udalako Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Aloña Larrañaga udaleko Gazteria teknikariak eta Luis Legorburu eta Janire Basurto psikologoek.
Esku hartze goiztiarrerako zerbitzua bi programak osatzen dutela azaldu du Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Alde batetik, eskoletan gauzatzen den esku hartze goiztiarreko programa dago, eta zerbitzu hori 2019. urtetik dago martxan. Beste aldetik, orain martxan jarriko duten nerabeei eta haien familiei zuzendutako orientazio eta aholkularitza zerbitzua dago. Programa horren bidez laguntza psikologikoa eta pedagogikoa emango dute.
Eskoletan gauzatzen den esku hartze goiztiarrerako programa 2019ko urtarrilean jarri zuten abian, eta Goenagak azaldu du zein helbururekin jarri zuen zerbitzua martxan udalak: "Babesgabetasun eta zaurgarritasun egoerak goiz detektatuz eta horietan esku hartuz, irtenbide bat bilatzeko edo egoera ez okertzeko jarri zen abian programa hori". Zerbitzu berria eta berritzailea izan dela ere nabarmendu du. Modu koordinatuan ematen dute laguntza, "hainbat bidelagunekin, baina bide beretik", adierazi du Goenagak.
Haurrekin esku hartze goiztiarra
Luis Legorburu psikologoa arduratu da orain arte esku hartze goiztiarreko programaz –Janire Basurto psikologoa arduratuko da orain programaz–, eta adin txikikoen eta nerabeen beharrei begiratzea helburu izan dutela adierazi du, "herriko zerbitzuek sarean" lan eginez. "Haur eta nerabeei begiratzeak esan nahi du herriko zerbitzu guztiek parte hartu behar dutela lan horretan. Umeak ez baditugu ondo ikusten, ez da bakarrik gurasoekin lan egin behar, zerbitzuen arteko sareko lan bat egiten da. Hori oso inportantea da", azaldu du Legorburuk. Programa martxan den bost urteotan pixkanaka joan dira batzen zerbitzuak, eta azkena batu dena Osakidetza izan da. “Oso positiboa da Osakidetzaren parte hartzea programan, horrek borobildu egiten duelako zerbitzua”, gaineratu du Legorburuk.
Esku hartze goiztiarreko programan, haurren eta gaztetxoen egoeraren berri jakiteko hainbat adierazle aztertzen dituzte, eta adierazle horien arabera arreta zeinek eman erabakitzen dute, Legorburuk kontatu duenez. Zaurgarritasun egoera arinekoak, zerbitzuan bertan lantzen dituzte; egoera ertaina den kasuak, Gizarte Zerbitzuetara bideratzen dituzte; eta larriak direnetan, kasuak Gipuzkoako Foru Aldundira bideratzen dira. Arrisku egoeraz hitz egiterakoan garrantzitsua da zertaz hitz egiten den jakitea, Legorburuk nabarmendu duenez: "Nerabeen eta haurren ardura duten pertsonek bai edo bai bete behar dituzte haurren eta nerabeen behar fisikoak, sozialak eta kognitiboak. Behar horiek ez badaude beteta, haurren eta nerabeen garapenean eragiten da. Gure lana da egoera horiek antzematea, lanketa egitea eta egoera hori aldatzeko behar dituzten baliabideak eskaintzea".
Nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua
Nerabe eta familientzako orientazio programa da esku hartze zerbitzua osatuko duena. Berria da, eta Janire Basurto psikologoak kudeatuko du. Aloña Larrañaga Gazteria teknikariaren arabera, iaz nerabeekin eta haien gurasoekin egindako lanketa baten emaitza da martxan jarri duten zerbitzu berria. "Nerabeak oso mugituta zeudela ikusten genituen: kaleko giroan, beraien arteko harremanetan... Gaztelekuan jaso genuen informazioa beste esparru batzuetakoekin ere elkarbanatu genuen, hala nola ikastetxeetakoekin, Gizarte Zerbitzuekin, Udaltzaingoarekin... Haiek ere antzeko irudipena adierazi ziguten".
Gazteriakoen hurrengo pausoa nerabeen gurasoengana jotzea izan zen, jakiteko zer-nolako komunikazioa zuten seme-alabekin, kezkarik bazuten... "Gurasoek kezkak eta beharrak zituztela antzeman genuen, baita horiek elkarbanatzeko espazioen edota guneen beharra ere. Horretarako, udaleko prebentzio zerbitzuek gurasoei zuzendutako hainbat saio eskaini zituzten". Dena den, gurasoei eta seme-alabei beren kezkak lantzeko aukera emateko zerbitzu iraunkor bat sortzea beharrezkotzat jota, orientazio eta aholkularitza programa berria martxan jartzea erabaki dute.
Gaztelekuan egongo da nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua, baina beste sarrera bat edukiko du: Emakumeen Txokoaren sarreratik sartu, eta lehen solairuan egongo da. Zerbitzu horren bidez, familia barruan ematen diren zailtasunak eta gatazkak partekatzeko aukera emango diete bai familiei eta baita nerabeei ere. Izan ere, 16-18 urte arteko nerabeek bakarrik joateko aukera izango dute, baina adin horretatik beherakoek arduradunen batekin joan beharko dute.
Zerbitzua doan da, eta arreta ordutegia honakoa izango du: astearteetan 15:00etatik 19:00etara eta ostegunetan 10:00etatik 13:00etara. Aurrez hitzordua eskatu beharra izango da, eta horretarako 943- 15 71 61 telefono zenbakira deitu behar da 10:00etatik 14:00 etara artean edota mezu bat idatzi beharko da txanda eskatuz familiazerbitzua@azpeitia.eus helbiden elektronikora.
Ongizate emozionala, udalaren lehentasun
Gurasoei, adingabeei eta profesionalei zuzendutako orientazio, detekzio eta esku hartze goiztiarrerako zerbitzuaz gainera, iaztik 18 urtetik gorako herritarrentzako psikologo zerbitzua ere eskaintzen du Azpeitiko Udalak. Zerbitzu horiek guztiak udala herritarren ongizate emozionalaren alde egiten ari den ahaleginaren erakusle direla azpimarratu du Goenagak. "Edozein unetan, edonork eduki dezakegu laguntza edo aholku beharra: tristura, gatazka edo zalantza uneak bizi ditugulako, lagun edo familia arteko haserreengatik, beldurrengatik, bakardade sentimenduagatik…Gure asmoa da udal gisa herritarrek dituzten behar horiei erantzuna ematea da", esan du Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.
18 urtetik gorako herritarrentzako psikologo zerbitzuak bost hilabete daramatza martxan, eta orain arte izan duen harrera "oso ona" izan dela nabarmendu du zerbitzuaz arduratzen den Luis Legorburu psikologoak. "30 kasu hartu ditu zerbitzuak, batzuk, Osakidetzaren bidez, Azpeitiko anbulatoriotik bideratutakoak izan dira, beste batzuk Gizarte Zerbitzuetatik, eta besteak, berriz, beren kasa etorri direnak".