Malen Aldalur: "Gure politikek ez dute zentzurik herriko eragileekin interlokuziorik gabe"

Leire Ibar 2024ko mar. 8a, 16:46

Malen Aldalur, Emakumeen Txokoaren atarian. (Leire Ibar)

Azpeitiko Udaleko Parekidetasun saileko teknikaria da Malen Aldalur, eta sailaren egitekoaz eta helburuez gainera, udalak parekidetasunaren arloan dituen erronkez aritu da, baita Emakumeen Txokoarekin eta Emakumeen Mahaiarekin duten elkarlanaz ere. Azpeitiko karnabaletako sexu erasoen salaketen ondoren hitz egin zuen Uztarriak Aldalurrekin, 2024ko martxoko aldizkarirako.

Malen Aldalur (Mutriku, Gipuzkoa, 1992) Azpeitiko Udaleko Parekidetasun saileko teknikaria da, eta genero berdintasuna eta ekitatea sustatzeko politikak antolatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen da. Azpeitiko inauterietan gertatutako sexu eraso larriaren ondorioz udalak festetako egitaraua bertan behera utzi ondoren egin dio elkarrizketa Uztarriak Aldalurri.

Gaur egun zein da Parekidetasun Sailaren egitekoa?

Parekidetasun Saila 2007. urtean sortu zuten Azpeitiko Udalean. Lehenagotik bazen udalean berdintasun politikak aurrera eramateko programa, baina udalaren Gizarte Zerbitzuen Sailaren barruan zegoen. 2007. urtean erabaki zuten sail horretatik ateratzea, perspektiba zabalagoa barnebiltzeko eta udal politiketan genero ikuspegia zehar lerrotasunez landu ahal izateko. Gaur egun, ni Parekidetasun Saileko teknikaria naiz, eta Emakumeen Txokoa dago, eta hor bi langilek egiten dute lan. Nahiz eta lanak banatuta ditugun, egunerokoan sail moduan funtzionatzen dugu.

Teknikari gisa, nire egitekoak hiru arlotan banatzen dira. Lehenengoa, herrian gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko politika gauzatzea izango litzateke, indarkeria matxistaren prebentziorako programak sortzen edota herriko talde nahiz kolektibo desberdinentzako programa espezifikoak diseinatzen. Horrek guztiak helburu du emakumeen ahalduntzea sustatzea, eta baita prebentzioan eragitea ere. Bigarrengo egitekoa udal barruko egiturari dagokiona izango litzateke, genero zehar lerrotasuna udal politiketan lantzea izanik horren helburua; besteak beste, hirigintzako obretan genero ebaluazioaren inpaktua aztertuz, udal aurrekontuei erreparatuz, gizarte zerbitzuetan egiten diren esku hartzeak ikertuz, langileentzako formakuntzak antolatuz... Oso zaila da udal oso batean genero zehar lerrotasuna kudeatzea. Hirugarren arloa, berriz, indarkeria matxistaz arduratzen dena izango litzateke. Parekidetasun Sailak koordinazio orokorra egikaritzen duen arren, bestelako departamentuek ere parte hartzen dute auzi honen kudeaketan. Hain zuzen ere, beharrezkoa baita udaleko sailen artean koordinazio egokia izatea, emakume bat artatzerako orduan ahalik eta arreta onena emateko.

Berdintasun Plana ere badu Azpeitiko Udalak. Noiz onartu zen plana? Eta plan horretan jasotako zein ekintza daude gaur egun martxan?

Azpeitiko Udalean indarrean dagoen Berdintasun Plana 2010. urtean sortua da. Hasieran bere bidea egin zuen plan horrek, eta lerro beretik sortu ziren gaur egun martxan ditugun hainbat zerbitzu. Gaur-gaurkoz, plana berrikusteko beharra identifikatu dugu, azken urteetan planaren eraginkortasun maila zalantzan jarri izan delako. Kontuak era horretan izanda, datozen urteetara begira udalerri mailako berdintasun plan berri bat egitea aurreikusten da.

Parekidetasun Sailaz gainera, Emakumeen Mahaia ere badago. Zein da gaur egun mahai horren egitekoa?

Emakumeen Mahaiak ahalmen handia izan du Azpeitian; aurten, 21 urte beteko ditu. Emakumeen Mahaiaren helburua herritarrek udal politiketan eragin ahal izatea da, zenbait erabaki bertan hartzen direlako eta horrek zuzenean eragiten duelako udalaren jardunean eta berdintasun politiketan. Emakumeen Mahaian Mugimendu Feministako eragileek, herriko norbanakoek, Hezkidetza proiektua aurrera eramaten dutenek, politikariek eta abarrek parte hartu izan dute. Egia da, azken urteetan, parte hartzeari dagokionez beherakada izan duela mahaiak, baina indarberritzeko prozesua jarri nahi dugu martxan. Parekidetasun Sailarentzako ezinbesteko tresna da Emakumeen Mahaia; azken batean, gure politikek ez baitaukate zentzurik herriko eragileekin interlokuziorik ez baldin badago.

Zer-nolako harremana dago Parekidetasun teknikariaren eta Emakumeen Txokoaren artean?

Emakumeen Txokoa agente garrantzitsua da indarkeria matxistaren prebentzioaren esku hartzeari eta erreparazioari dagokionez. Ardura handiko puntua da detekziorako, jende asko joaten baita bertara. Herritar askok jotzen dute hara, agian, zenbait gauza salatzeko beste udal espazio batzuk baino seguruagoa delako. Horrez gain, hainbat aholkularitza zerbitzu eskaintzen dira Emakumeen Txokoan, hala nola juridikoa eta sexualitateari, generoari eta bikoteei dagokiena.

Azken karnabaletan emakumeen kontrako hainbat sexu eraso izan dira; tartean, bortxaketa bat. Udalak festetarako antolatutako egitaraua bertan behera uztea erabaki zuen.

Momentuak eskatzen zuen erabaki politikoa izan zela uste dut. Ohituta gaude jaietan modu horretako erasoen berri izatera, eta tamalez, ia normalizatzera ere heldu gara. Gertatutakoaren larritasuna ikusita, "honaino" esateko momentua izan zen. Udal gisa erantzun irmoa eman behar zitzaiola erabaki genuen. Festak ez badira seguruak, eta udalak ezin badu bermatu modu aske batean guztiok festez gozatu ahal izatea, egitaraua bertan behera uztea justifikatuta zegoela erabaki genuen.

Erasoa gertatu ondoren biktimari babesa emateko zerbitzurik eskaintzen al da?

Guk bi protokolo dauzkagu: bata, erakunde artekoa (Azpeitiko Udalak, Gizarte Zerbitzuek, Ertzaintzak eta Osakidetzak osatzen dutena); eta bestea, erantzun publikoarena. Azpeitiko kasuan, indartsua eta ona da sail guztien arteko koordinazioa. Azpeitiko Udaltzaingoan ere, beste herrietan ez bezala, programa zehatz bat dago kasu horietarako, eta udaltzainetako bat arduratzen da herritar zaurgarrien eta, batez ere, genero indarkeriari lotutako kasuak jarraitzeaz. Eraso baten aurrean, salaketa Udaltzaingoan bertan ere egin daiteke; beste herri gehienetan salaketa jartzera Ertzaintzara joan behar izaten da. Beraz, emakume bat artatzerako orduan ezinbestekoa den koordinazioa badagoela esango nuke.

Festen testuinguruarekin jarraituz, eraso matxistei aurre egiteko zein zerbitzu eskaintzen dira? Eraginkorrak al dira?

Prebentzioa lantzea ez da batere erraza. Azpeitiko Udalak prebentziorako daukan programa indartsuena Hezkidetza Programa da. Azpeitiko ikastetxe guztietan dago martxan programa hori, eta lanketa handia egiten da. Jaien bueltan egiten diren prebentzio kanpaina handienak tabernariekin egin izan dira, ikastaroen bidez. Eraso matxistak salatzeko gunea ere ipintzen da, eta emakume eta neska gazte askok jotzen dute gune horietara beren bizipenak partekatzera. Izan ere, salatzeko espazio askorik ez dugu emakumeok, ez bada, behintzat, oso eraso bortitza jasotzen dugunean. Kontatu dugun eta entzungo gaituzten espazioak behar ditugu. Hala ere, festetan, prebentzioan, oraindik asko daukagu egiteko; ez da erraza udalak hori ondo egiten asmatzea, guztia sostengatzea ia ezinezkoa baita. Dena den, bagoaz bide horretan, eta azkenengo festetako gertakariak ere hor fokua jartzeko aukera emango digu, prebentzioa eta esku hartzea indartzeko.

Karnabaletako sexu erasoak salatzeko herriko plaza jendez bete zen. Indarkeria matxistak salatzeko bestela deitzen diren mobilizazioetara ez da horrenbeste jende joaten. Zer iritzi duzu horren gainean?

Inauterietan gertatutako sexu erasoei herri moduan erantzun oso indartsua eman zitzaien, eta baloratzeko modukoa da Azpeitiko herriak emandako erantzuna. Era berean, egia da horrelako inflexio puntuak daudenean denek irteten dutela kalera. Indibidualizatzeko joera asko dago; hau da, egoera zehatz bat hartu eta momentu horretan pertsona batek egin duena kriminalizatzeko eta salatzeko joera. Gertatutakoa ez da egiturazko marko batean kokatzen. Konturatu behar gara, ordea, gaur egungo sistema egiturazko arazo handi horren erantzulea dela, eta hortik eratortzen direla festetan gertatzen diren erasoak. Gure helburua fokua hor jartzea da, egun seinalatuetatik kanpo, erantzuteko ahalmena izatea eta marko estruktural batean kokatzea gertatutakoa. Biktima itsu-itsuan babestu behar da, emakume izateak daraman zapalkuntzaren ondorioz gertatu baita haren kontrako erasoa.

Zeintzuk dira gaurkoz Parekidetasun Sailak dituen erronkak?

Erronka berriak jartzeko unean murgilduta gaude. Aurten, esaterako, udal barrurako Berdintasun Plana egingo dugu, eta barrura begirako prozesua izango da. Emakume Mahaia indarberritzeko prozesuan ere ari gara, bertan parte hartzen dutenekin elkartuz eta aztertuz nola zabal dezakegun berriro ere herrira. Gainera, udalak lehentasuna eman die indarkeria matxistari aurre egiteko politikei; eta udalak dituen eskumenetatik abiatuta, herri mailan egon daitezkeen gabeziei aurre egiteko prozesua hasi nahi dugu. Nire egitekoa da kasu espezifiko batean esku hartze zehatzera ez mugatzea, eta beti ere, marko hori zabaltzen ahalegintzea.

Horrez guztiaz gainera, Parekidetasun Sailaren beste erronka bat izango da LGTBI+ politikekin lotutakoa. Oso garrantzitsua da interlokuzioa izatea LGTBI+ komunitatearekin, elkarrekin askotariko dinamikak egin ahal izateko. Ekainean diagnostikoa eta ekintza plana aurkeztuko ditugu. Plan hori egin ahal izateko, kolektiboko parte diren hogei herritar inguru elkarrizketatu dira, eta orain eragileekin ari gara lanean. Gero, prozesua eta testigantzak jasoko dituen liburu bat kaleratzea da asmoa. Herri mailan proposamena egin nahi dugu, hortik lanean hasteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide