Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

"Gure ametsarekin jarraitzeko beharrezkoa genuen bultzada eman digu Ugaitzen oroimenak"

Erredakzioa 2024ko mar. 11a, 11:57

Urtzi Odriozola eta IƱigo Soraluze UGA kirol zentroan.

Lagunak, kuadrillakoak, eta orain, lankideak. Urteetan zehar landutako ideia eta ametsa egi bihurtu dute Urtzi Odriozolak eta Iñigo Soraluzek, UGA kirol zentroa sortuz. Arriskuak hartu dituztela onartu arren, gustura agertu dira biak hasi berri duten bidean.

Nola izan da UGA hartzeko prozesua, hau da, ideia4k errealitate izan artekoa?

Urtzi Odriozola: Ideia bera aspalditik nuen, baina proiektua duela urte eta erdi sortu zen, Iñigo azaldu zenean. Kuadrillakoa eta laguna dut eta ideiari heltzea proposatu zidan, eta ez genuen dudarik izan. Luze joan zaigu, gora-behera asko izan ditugu, ezagutzen ez genituen gauza asko izan ditugu tartean. Izapide asko izan ditugu egiteko.

Iñigo Soraluze: Esan beharra dut hasiera, berez, kirol zentroaren izenetik datorrela; UGA Ugaitz Kerejeta zenagatik da. Laguna genuen Ugaitz, eta bereziki harreman estua zuen Urtzirekin. Bien ideia zen gimnasioa sortzea, zoritxarrez ezin izan zuten bete, baina Urtzik ametsarekin jarraitu zuen, eta ni lanez aldatzeko gogoz nengoela aprobetxatuz, bat egitea erabaki genuen. Prozesu luzea izan dela eta ezagutzen ez zenituzten gauza asko aurkitu dituzuela bidean esan duzue. Zein edo zeintzuk izan dituzue bidelagun bide horretan zehar?

I.S.: Bidelagun batzuk izan ditugu: kuadrillako baten aita obrak egiten ibiltzen da, eta proiektua eta obrak egiten laguntza handia eskaini digu. Berak zabaldu zigun bidea. Ondoren, proiektua abian jarrita, Iraurgi Berritzen garapen agentzia izan zen laguntza eman ziguna; izan ere, konpetentziarekin azterketa egiten lagundu ziguten, gure indarguneak nora bideratu jakin izateko, ekonomikoki kontuan hartu beharreko arloak zeintzuk diren jakiteko…

U.O.: Gainera, administraritza ikasketak ditut nik, eta lanean harreman ona nuen lagun batekin elkarlanean aritu gara aholkularitza arloan, eta konfiantzazkoa aholkularitza izan dugu.

Asko ikasi duzue prozesu horretan zehar?

I.S.: Edozein proiektu berritan gertatzen den bezala, ez genekien ezer: nondik hasi, nora joan… ezezaguna da gauzak nola egin behar dituzun. Horregatik, prozesuan zehar asko ikasten duzu, espero ez dituzun gauza asko egitea egokitzen zaizkizu, eta gorabehera asko egoten dira.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezue?

U.O.: Beldurra ez dugu sentitu, konfiantzarekin heldu genion proiektuari. Ekonomikoki apustu handia egin dugu, batik bat, gure adina kontuan hartuta, izan ere, aurrezkiak izateko aukera gutxi duzu gaztea izanda. Errespetoz hartu dugu, hori bai, baina beti izan dugu konfiantza esfortzu ekonomikoari iraulia emango geniola.

I.S.: Ekonomikoki arriskatu ginen, baina ingurukoen babesa sentitu dugu beti, eta horrek ere lasaitasuna eman izan digu. Beti duzu kezka puntu bat, ekintzaile bihurtu eta zerbait gaizki joan daitekeela pentsatzea, zaila den arren, 2020ko gisako beste pandemia bat adibidez.

U.O.: Momentu zailak izango ditugu, eta izan ditugu. Baina une horietan ere oso garbi izan dugu aurrera jarraitu behar genuela, eta gogoan izan dugu beti Ugaitz. Gure ametsarekin jarraitzeko beharrezkoa genuen bultzada eman digu gure Ugaitzen oroimenak.

Otsailean zabaldu zituen ateak UGA kirol zentroak. Zer moduz doaz lehen asteak?

I.S.: Ondo. Zortez esan dezakegu oso ondo hasi garela. Kalkulu batzuk atera genituen Iraurgi Berritzenen laguntzarekin, eta lehen egunetan urteko guztiko estimazio horietara iritsiko garela ikusi dugu. Horrek lasaitasuna eman digu.

U.O.: Jende ugarik eman du izena UGA kirol zentroaren zerbitzuetan, hasiera oso ona izan da, baina argi dugu bezeroa zaindu behar dugula hurrengo urteetan zehar. Hala ere, lehen aste hauetan jaso dugun erantzuna oso ona izan da, nahiz eta hobetzeko puntuak ditugun, eta horrekin geldituko gara.

I.S.: Interesa dutenek gerturatu daitezke informazio bila. Horretarako astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara etor daitezke Azkoitiko Oinartxo industrialdeko 113 eta 114 pabiloietan dugun zentrora. Horrez gain, 634 46 07 00 telefono zenbakira deitu dezakete, ugakirolzentroa@gmail.com e-postara idatzi edota Instagram kontutik ere jar daitezke harremanetan.

"Jende ugarik eman du izena UGA kirol zentroaren zerbitzuetan, hasiera oso ona izan da, baina argi dugu bezeroa zaindu behar dugula hurrengo urteetan zehar"

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

I.S.: Abantaila garbia da; guretzat egiten dugu lan, eta nire kasuan behintzat, hori da nahi nuena. Hemen sartzen ditugun ordu guztiak eta produzitzen dugun guztia guretzako dira. Desabantaila gisa, aldiz, deskonektatu nahi izanez gero, oso zaila duzu, batik bat, lanari zenbat denbora eskaini behar diozun jakitea. Zeure burua zaintzea ere garrantzitsua baita.

U.O.: Erabat ados nago Iñigok esandakoarekin.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak? Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

I.S.: Diruaz gain, gure kasuan behintzat, balentria behar da. Gu biok, adibidez, oso desberdinak gara eta eskerrak, ni bestela ez nintzen horrenbeste atrebituko eta. Urtzi, zentzu horretan, gehiago da aurrera egiteko prest dagoena beti. Lasai hartzeko gomendioa emango nieke, Iraurgi Berritzenek eskaintzen dituen zerbitzuak erabili eta aztertu egoera, konpetentzia… Pausoa eman dezatela, baina seguru eman dezatela pausoa. Gauzak ondo egiteko gogoa behar da. Batik bat gazteak animatuko nituzke, gaizki atera arren, prozesu interesgarria delako, asko ikasten delako, eta aurrera begira, oraindik garaiz izango direlako beste bide batzuk zabaltzeko.

U.O.: Gero eta ekintzailetza gutxiago dagoela uste dut, eta herritarrak erabat animatuko nituzke pausoa eman eta buruan duten ideia aurrera ematera. Bizitza bakarra da, eta benetan egin nahi dena egiten saiatu behar gara. Beste aukerarik ez dugu izango. Irakasle nahi duzula izan, zeure negozioa nahi duzula izan, borrokatu egin behar duzu.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

U.O.: Kirol zentro integrala nahi dugu izatea. Horregatik, kirola egiteko gune onena izateaz gain, zerbitzu aukera zabala eta egokia eskaini nahi dugu. Horien artean batzuk baditugu dagoeneko: bezeroa gidatzeko eta makinak azaltzeko monitore zerbitzua, edota taldekako klaseak. Horiez gain, eta etorkizunera begira, fisioterapia, psikologia edota nutrizioa latzeko gelak izateko lanak egin nahi ditugu. Bezeroen nahien eta beharren arabera. Entrenamendu pertsonalizatuak sartzeko asmoa ere badugu. Ahalik eta zerbitzu integralena eskaini nahi dugu.

I.S.: Zentroa gune desberdinetan banatu dugu, pertsona bakoitzak behar dunaren arabera eginez: muskulazioa, kalistenia, crossfit, boxeoa…. Aurrez egin genuen azterketa horren ondorioz gure indarguneak hiru izan behar zutela erabaki genuen; monitoretza, ordutegia eta makineria. Monitoreak izatea ezinbestekoa da gaur egun, gimnasioan hasiberriak direnentzat batik bat. Gero eta emakume gehiago ari dira gimnasiora joaten, eta horientzat eta lagungarria da, horrela esan digute behintzat. Bestetik, gaur egungo lan ordutegiak direla-eta, UGA 06:00eatik 00:00etara dugu zabalik. Aukera zabal hori asko eskertu digute. Azkenik, makinerian diru asko inbertitu dugu, baina merezi izan du. Aukera anitza dugu, eta bezeroak pozik agertu dira

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide