San Jose egunaren atarian, martxoaren 16an, egingo dute Azpeitian aurtengo Sanjosetako Trikiti Jaialdia. Aspaldiko urteetan bezala, Soreasu antzokian elkartuko dira musikariak eta zaleak, eta antzokiaren atarian elkartu dira gaur goizean Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko (EHTE), antolatzaile taldeko eta Azpeitiko Udaleko kideak, jaialdiaren 34. aldia aurkezteko. Hala ere, Jose Luis Etxeberria Xapre Zaldibiako (Gipuzkoa) soinujolea izan da aurkezpeneko protagonista nagusia, eta halaxe izango da datorren zapatuan 17:30ean hasiko den jaialdian ere, bera omenduko baitute aurtengoan.
Sanjosetako Trikiti Jaialdia antolatzeaz arduratzen den lantaldeko kidea da Jose Luis Garmendia Laja. "Bi urtean behin" trikiti munduan esanguratsua den norbait omentzea dute "ohitura", azkoitiarrak azaldu duenez; duela bi urte Tomas Soraluze Epelde omendu zuten, eta aurten Xapreren txanda izango da. "Umila" eta "maitea" izan dira gaur Xaprez hitz egiterakoan Lajak zein EHTEko kideek gehien erabili dituzten hitzak. "Aspaldian Urola aldeko jendea omentzen ari ginen, eremua pixka bat zabaltzea pentsatu genuen eta Xapre aukeratu genuen. Asko maite dugu Xapre eta, gainera, merezi du, bizi osoa soinuaren, pilotaren zein euskararen alde lanean aritzeagatik", azaldu ditu Lajak aurtengo omendua izendatzeko arrazoiak, eta beste bat ere gaineratu du: "Omenaldiak politak izaten dira bizi direnei egiten zaizkienean. Ahal dela, behintzat".
Sinisteko bigarren arrazoia
Irribarretsu eta soinu txikia maletan hartuta agertu da gaurko hitzordura Xapre. "Sekula ez zitzaidan burutik pasatu eta pasatuta gelditu nintzen", esan du, Sanjosetako Trikiti Jaialdian omentzeko aukeratu zutela esan ziotenean izan zuen sentipena azaltzerakoan. Bere buruari eta merituei garrantzia kendu die Xaprek Soreasuko atarian, bere umiltasuna nabarmendu duten kideei arrazoia emanez. "Trikitilari izan naizela sinisteko eguna izango da", bota du zapatukoaz, duela urte asko Bergaran (Gipuzkoa) Iñaki Garmendia Laja zenarekin batera jo zuenean hari esandakoa gogora ekarrita: "Egun guztia elkarrekin pasatu genuen, eta "orain ja trikitilaria naizela sinistuko diat', esan nion Lajari".
Urduritasun puntu batekin, baina zapatukorako gogotsu eta pozik dago Zaldibiakoa. Plazak utzita dago "erabat", zazpi-zortzi urte dira ez duela jendaurrean soinurik jo, baina Soreasun 'lanean' jarriko dutela badaki. Ordurako prestatze aldera edo, Aitziber Otegik panderoarekin lagunduta, pare bat pieza jo ditu gaur. Aurrena, Auntxaren Ernioko aitzetan hau:
Bere burua saltzen du
"Komatxo artean esanda, baina berdin zaie zeinek jotzen duen", zioen EHTEko Andoitz Antzizarrek aurkezpenean, Azpeitian egiten duten jaialdiak urtero izaten duen harrera beroaz hizketan. "Jendeak data ezagutzen du. Hilabete lehenago hasten dira egun zehatzaz eta sarrerak salgai noiz jarriko ditugun galdezka, eta kito, hortik aurrerako guztia berdin zaie", azaldu du Antzizarrek, eta "jendea zain-zain" egoten dela gaineratu du Maider Jauregik. Hain zuzen ere, sarrera apur batzuk besterik ez ziren gelditzen saltzeko gaur goizean. Antolatzaileek badakite aparteko sustapen kanpainarik ez dutela beharko sarrerak saltzeko eta Soreasu betetzeko; bere burua saltzen duen jaialdia da sanjosetakoa.
Azpeititik mugitu gabe, kokapen eta formatu desberdinak ezagutu ditu jaialdiak hiru hamarkada pasako ibilbidean, baina urteak dira Soreasu antzokian egiten hasi zirela, eta tokiari zein formatuari dagokionez "egonkortuta" dagoela dio Antzizarrek. "Hemen funtzionatzen du, Azpeitian eta Soreasun, eta hori nabarmena da. Giro zehatz bateko jaialdia da eta giro horretako jendea etorri egiten da, antzokia betetzen du eta jendea kanpoan gelditzen da", EHTEko kidearen hitzetan. Jaialdia bukatu ondoren Azpeitiko kaleetan "sortzen den giroa" ere azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek aurkezpenean: "Jaialdiak irauten dituen ordu eta erdiaz edo bi orduez haratago doan zerbait da".
Aurtengo beste protagonistak
Trikitizaleen fideltasun ukaezinak ez du esan nahi, ordea, antolatzaileek ez dutela mimorik jartzen jaialdia antolatzeko eta oholtzara igoko direnak inguratzeko.
Aurten ere, askotariko musikariak igaroko dira Soreasuko agertokitik –baita bertsolari ezagunak ere–, ezagunak eta ez hain ezagunak, adin eta joera desberdinetakoak, denak ere soinu txikiak batuta; eta, zapatukoari dagokionez, Xaprek batuta ere bai.
Zazpi emanaldi prestatu dituzte jaialdirako, protagonista hauekin:
- Lixarra anaiak.
- Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte.
- Zaldibiako lagunak.
- Xabier Zabala eta Andoni Egaña.
- Jon Ostolaza eta Andoni Larrañaga.
- Daniel Oiarbide eta Pello Urdangarin.
- Imuntzo eta Beloki, Iker Allur eta Jokin Tolosa.