Santutxo auzoan babestutako 28 etxebizitza eraiki ahal izateko proiektuari lotuta, Urbanizatzeko Jarduketa Programa onartu du Azpeitiko Udalak behin betiko; programari onespena otsaileko ohiko udalbatzarrean eman zioten udal ordezkariek. Urbanizatuko duten eremu osoak, guztira, 4.402 metro koadro hartuko ditu, eta urbanizazio kontrataren aurrekontua 2.942.436 eurokoa (BEZ barne) da.
Azpeitiko Udalak iazko martxoan onartu zuen behin betiko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren 4.1. Santutxo eta 1.2. Done Jakue kalea eremuetako hiru azpieremuetarako Plan Berezia. Plan horrekin Santutxo auzoan babestuko 28 etxebizitza eraiki nahi ditu herri erakundeak; horietatik hamar etxebizitza babes ofizialekoak eta hamazortzi udal sustapenekoak izatea du aurreikusita. Plan bereziaren onarpenaren eta Santutxon eraiki asmo dituzten etxebizitzen berri eman zutenean, "pauso garrantzitsua" zela azaldu zuten Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga zinegotziak.
Pauso "garrantzitsua" eman arren, proiektua hasierako fasean zegoela ere azaldu zuten orain dela urtebete, eta egitasmoa agintaldi honetan gauzatzeko asmoa zutela adierazi zuen alkateak. Santutxon etxebizitzak eraikitzeko egitasmoak urrats bat aurrera egin du udalak Urbanizatzeko Jarduketa Programa (UJP) behin betiko onartuta. Orain, lursailen partzelazioa egin beharko dute, eta ondoren, etxebizitzak eraiki ahal izateko lehiaketa publikoa jarri beharko du martxan udalak. Urbanizatzeko Jarduketa Programan jasota dagoenez, urbanizatze eta eraikitze lanak egin ahal izateko baimenak lortzeko lau urteko epea dute.
Santutxo auzoan eraikitzeko proiektua hiru helbururekin abiatu zuen udalak, egitasmoa aurkezterakoan alkateak azaldu zuenez: "Batetik, etxebizitza babestuen eskaintzaren bidez, azpeitiarren etxebizitza premiari erantzun nahi diogu; bestetik, Santutxo auzorako irisgarritasuna hobetu nahi da; eta hirugarrenik, Alde Zaharra biziberritzeko beste pauso bat eman nahi da".
28 etxebizitza eraikitzearekin batera, Santutxoren eta Alde Zaharraren lotura eta irisgarritasuna hobetzeko esku hartzea ere egin nahi du udalak. Done Jakue kaletik Santutxo auzorako eskailerak eraberritzeaz gainera, igogailu publikoa eraikitzea ere aurreikusita dute.