Sexu indarkeriaren eta mito matxisten eragina eta inpaktua emakumeon bizitzetan izenburuko mahai ingurua izango da astelehenean, martxoaren 18an, 18:30ean, Sanagustin kulturgunean. Nerea Barjola (Santurtzi, Bizkaia, 1980) politilogoa eta ekintzaile feminista, eta Idoia Arraiza Emagin ikerketa eta dokumentazio zentroko kidea izango dira hizlariak; Aurora Iturrioz Garaipen talde feministako kideak dinamizatuko du saioa. Martxoaren 8aren bueltan Emakumeen Txokoak antolatutako saioetako bat da astelehenekoa.
Sexu indarkeriaren eta mito matxisten eragina eta inpaktua emakumeon bizitzetan da mahai inguruaren izenburua. Zein da saioaren ideia orokorra?
Sexu indarkeriaz hitz egiteko eta nola gertatu den azaltzeko erabiltzen den modua ez da hizkuntza-komunikazio hutsaren ondorio den diskurtso inozentea, baizik eta sexu indarkeria mantentzeko, sostengatzeko eta gauzatzeko modua. Beste era batera esanda, sexu indarkeriaren mitoen eta estereotipoen gainean sexu arriskuari buruz egindako irudikapenek emakumeen egunerokotasunean eta praktiketan eragina dute. Ez dira neutralak, izu sexuala eraikitzen dute menderatze elementu nagusi gisa.
Azpeitiko inauterietan sexu erasoen bi salaketa izan ziren. Horrek ezinegon handia sortu du herrian. Zer egin behar da egoera horri buelta emateko?
Uste dut interesgarria dela haserre hori hartzea erasotzaileengan fokua jarriko duen irakurketa kritikoa egiteko. Azken batean, beldurrean edo izu sexualean arreta jarriz gero, emakumeen eskubideak murrizten dira. Beharrezkoa da eztabaida eta hausnarketa zabaltzea sexu indarkeriak biolentzia matxistaren esparruan kokatzeko, eta ez "gertatzen" den zerbait bezala edota zoriz gertatzen den zerbait bezala hartzea. Sexu indarkeriek arrazoi bat dute atzean, eta arrazoi horri aurrez aurre ez begiratzeak indarkeria horiek berezkotzat hartzea dakar. Esaterako, Emakumeen Txokoa egiten ari den lana funtsezkoa da beldurraren kontakizuna neutralizatzeko eta ikuspuntu egokia ezartzeko.
Sexu erasoek alerta erreakzioa eragiten dute, ordea, eta normalean, emakumeei eskatzen zaie erne egoteko. Zer gogoeta egiten duzu horretaz?
Uste dut alerta tokiz aldatu behar dela, bestela emakumeok zigortzen gaituelako. Ezinbestekoa da beldurraren kontakizuna desaktibatzea, espazio publikoan libre sentitu behar dugu, aske sentitu behar dugu gure desirak eta sexu askatasuna azaltzeko. Gure oinarrizko eskubideak urratzen dituztenengan jarri behar dugu arreta eta fokua. Alertak, beraz, egiturazko indarkeriari aurrez aurre begiratzeko balio behar digu.
Sexu indarkeriari lotutako beldurraren inguruan Microfísica sexista del poder. El caso Alcásser y la construcción del terror sexual [Boterearen mikrofisika sexista. Alcasser auzia eta izu sexualaren eraikuntza] liburua duzu idatzita. Lan horretan sexu mekanismoek sortzen duten izua aztertu duzu. Zeintzuk dira mekanismo horiek?
Izu sexuala emakumeoi beldurra eragiteko eta erasoen erantzukizuna egozteko modu bat da; are gehiago, gizonei erasoen erantzukizuna kentzeko era da. Erasoa nola gertatu den azaltzeko erabiltzen diren moduak –mitoz eta estereotipoz beteta, erasoa jasan duen emakumea egiten ari zenari buruzko xehetasunekin– izu sexuala zabaltzeko kanpaina sistematikoak dira, eta berariazko helburu bat dute: emakumeon gorputzak eta jarrerak zelatatzea eta kontrolatzea. Emakumeak zelatatzen eta zigortzen dituen sistema sozial zigortzaile indartsu bat dago. Autokontrola eta autodominioa indarkeria matxistaren existentzia desegiteko oso modu eraginkorrak dira. Kontakizunen garrantzia ez dago soilik emakume jakin batzuek jasandako erasoetan, baizik eta besteei igortzen zaien mezuan.