Betidanik izan du gustuko Julen Axpe otxandiotarrak furgonetan alde batetik bestera ibiltzea, baita komedia mundua ere. Beraz, zergatik ez biak batu? Galdera horri erantzuten dio Furgonologo proiektuak; lau gurpilen gainean herriz herri bakarrizketak eskaintzen dabilen gazte baten bizipenak oinarri dituen ikuskizuna. Hasieran, bakarrizketa saioak tabernetan eta kalean eskaintzen zituen; orain, baina, bere furgoneta du oholtza, eta harekin dabil txokoak umorez betetzen, jendeari barrea eraginez. Igande honetan, hain zuzen ere, Sanagustin kulturgunean eskainiko du emanaldia, 19:00etan hasita. Sarrerak Kulturazen webgunean daude eskuragarri, 15 euroan.
Bost urte beteko dira aurten Axpek, komediaz gehiago ikasteko grinak bultzatuta, furgoneta hartu eta Bartzelonara (Katalunia) joateko hautua egin zuenetik. Bertan egin zituen lehen pausoak komedia munduan, jendez betetako oholtza ospetsuetatik urrun. "Bartzelonan eta inguruetan hasi nintzen bakarrizketa saioak eskaintzen, mikrofono irekietan, eta jende gutxiren aurrean", aitortu du Axpek.
Apurka-apurka eskarmentua hartzen joan zen, bere furgoneta oholtza bilakatzeko erabakia hartu zuen arte. "Lagun baten laguntzarekin nire etxea –furgoneta– areto bilakatu nuen, Furgonologo ikuskizunari zentzua emateko asmotan". Bakarrizketariak aipatu duenez, "komedia lau gurpilen gainean" eskaintzen du orain. Hala, herriz herri dabil egun, bere ametsei jarraiki, jendaurrean bakarrizketa saioak eskaintzen.
Urte hauetan zehar une goxoak bezain garratzak bizi behar izan dituela dio umoregileak: "Hiri handi batean nengoen eta beldurrak, kezkak eta zalantzak sortu izan zaizkit behin edo behin". Sentimendu horiek bideratzeko terapia bikaina topatu du, ordea, bakarrizketan: "Sentimendu eta esperientzia horiek guztiek komediarako erabiltzen nituen, hortik sortu ditut gidoiak". Adierazi duenez, berak aukeratu du furgonetan bizitzea, "ez nau inork hau egitera derrigortu; gustuko dudana egiten ari naiz, eta oso zoriontsu naiz horrela". Izan ere, Axperentzat "egiten duzunak ondo sentiarazten bazaitu, merezi du".
Publiko zabalari zuzendutako ordubeteko saioak izaten dira hark eskaintzen dituenak. Aipatu duenez, furgonetan bizi den gazte baten esperientzia du oinarri saioak, baina modu metaforikoan landuta: "Showaren ildoa bizitza honetan zer izan nahi dugun topatzea da, eta bilaketa horretan izan ditzakegun gorabeherez hausnartzea ere bai". Hainbat etapaz eta bakoitzaren garrantziaz mintzo da bakarrizketaria bere saioetan, beti ere umorea ardatz izanda.
Furgoneta bera ere metafora polita iruditzen zaio umoregileari: "Bizitza beti da –eta izango da– mugikorra, hori erakutsi dit furgonetan bizitzeak, eta nik ez diet beldurrik aldaketei. Uste dut, gainera, bueltaka ibiltze hori beti beharko dudala".