"Erakutsi nahi dugu ikasleok batuta eta antolatuta helburuak lortzea posible dela"

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 18a, 20:00

Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak ikasle greba deitu du asteazkenerako Inposaketen eta negozioen hezkuntza borrokatu lelopean. Urola Erdiko IAko kideak dira Ricardo Gomez azpeitiarra eta Maider Aizpurua zestoarra. Greba deialdia ez ezik, eskualdeko ikastetxeetan martxan jarritako borrokak eta lorpenak izan dituzte hizpide. Asteazkenean Donostian mobilizatuko dira. 

Ikasle greba deitu duzue asteazkenerako, martxoaren 20rako. Zer dela eta? 

Rikardo Gomez: Orain grebara deitu dugun arren, greba deialdia ez da ezerezetik sortu. Ikasturte hasieran, eskolaz eskola borroka prozesuak jarri genituen martxan, hezigune bakoitzean zeuden arazoak aztertu ostean. Era berean, gaur egungo hezkuntza hartzen ari den norabideaz hausnartu genuen, eta ohartu ginen gaur egun hezkuntza erabat bideratuta dagoela enpresen eta politikarien interesetara. Erabakimen handia dute hezkuntza esparruan. Gainera, datuek diote aurtengo ikasturtea inoizko garestiena dela. Hori ez ezik, ikasleon %50 baino gehiagok klase partikularrak jasotzen ditugu. Jarrera erreakzionarioen gorakada ere ikaragarria da, baita ikasleoi ezartzen zaigun kontrola ere. Egoera ikusita, ezinbesteko ikusi genuen auzi horiek guztiak gizarteratzea zein borrokatzea, eta horretara dator greba deialdia.

Inposaketen eta negozioen hezkuntza borrokatu lelopean deitu duzue mobilizazioa. Zein dira grebaren aldarrikapen nagusiak?  

Maider Aizpurua: Grebarako hautatu dugun leloak dioen bezala, bi frontetan egiten dugu salaketa. Alde batetik, inposaketei aurre egin nahi diegu, eta, bestetik, negozioetara soilik bideratutako hezkuntza borrokatu nahi dugu. Horrekin zer esan nahi dugu? Finean, hezkuntza eredu zehatz bat ezartzen digutela, enpresarien eta politikarien interesak oinarri dituena. Ikasleak lanerako soilik nahi dituzte, eta ez dute nahi ikasleek jakintza teoriko eta kritikoa garatzerik. Modu horretan, ikasle profil zehatza sortzen dute, trebetasun jakin batzuk soilik dituena eta ez dena behar baino gehiago kexatuko. Gainera, enpresek geroz eta erraztasun handiagoarekin esku hartzen dute hezkuntzan, eta horren ondorioz, besteak beste, graduen eta masterren matrikulak ez dira eskuragarriak ikasle langileontzat. Matrikulen prezioak etengabe doaz gorantz, eta horrek erabat baldintzatzen du ikasleon formakuntza prozesua.

R.G: Ikasle eredu zehatza nahi dute, eta modu horretan hezten gaituzte. Horrenbestez, ikastetxeetan ezartzen dituzten gaitasun horiek soilik hartzen dituzte kontuan ebaluazio irizpideetan, eta horren arabera puntuatzen nahiz baloratzen dituzte ikasleak. Aldiz, profil kritikoagoa garatzen duten ikasleak, gizarte arloan ekarpena egin nahi dutenak, institutuetan politika egin nahi dutenak edo hezkuntzan aldaketak nahi dituztenak erabat isiltzen dituzte. Kontrola ezartzen dute haiengan.

M.A: Ikasleon kritikotasuna sustatu nahi dutenen aurka jotzen dute, eta hori argi ikusi da gure eskualdeko ikastetxeetan.

Hezkuntza sistemak ba al du eraginik ikasleen arteko harreman eta lehiakortasunean?

M.A: Erabatekoa. Sistemak bere baitan sustatzen duen kultura da hori. Hau da, sistema kapitalistaren oinarrian dago norbanakoen arteko lehia eta indibidualismoa. Bere ezaugarrietako bat da, eta hezkuntza sisteman hori islatzen da. Gainera, hezkuntza sistemaren bitartez ere lehia bultzatzen du. Ikasleon arteko lehia normalizatzen du, laguntasuna bazterrarazten du, emaitza onenaren borroka bultzatzen du eta onena izatearen lorpena goraipatzen du.

R.G: Eskoletan saltzen digute badaudela beste irakaskuntza metodo batzuk, baina, finean, guztiak oinarritzen dira trebetasunetan, gaitasun-probetan eta lehiakortasunean. Eredu horietako batzuk dagoeneko indarrean daude gure ikastetxeetan, eta oinarrian betiko ezaugarri berberak dituzte.

Grebara begira egin al duzue lanketarik herri eta eskualde mailan?  

M.A: Bai, ahal izan dugun bezala, baina antolatu gara. Alde batetik, asanblada irekiak egin genituen ikastetxeetan. Ikasberrin eta Iraurgin, esaterako, ikastetxeetan asanbladak egiteko aukera eman digute, eta ikasleek han egin dituzte informazio asanbladak. Urola BHI-n, berriz, ez digute baimenik eman, eta gure denbora librean, arratsaldeetan, egin ditugu bilkurak. Horrez gain, grebaren harira, ikasle jaialdia antolatu genuen. M20ko xehetasun guztiak azaltzeaz aparte, ikastetxe desberdinetako ikasleok elkar gehiago ezagutzeko aukera izan genuen. 

Zer nolako erantzuna izan du greba deialdiak ikasleen artean? 

M.A: Ikasle gehienak esaten dugunarekin ados daude, eta aldarriak elkarbanatzen dituzte. Baina, oro har, ez dago ondo ikusita politika egitea. Ondorioz, jendeari erreparoa eta nagia eragiten dio manifestazioetara joateak edota protesta egiteak. Orokortuta dagoen zerbait da, zoritxarrez.

R.G: Ikaragarria da ikasleen despolitizazio maila. Gainera, hezkuntza egituretatik hori betikotu nahian dabiltza. 

M20ko greba ez ezik, bestelako borrokak ere abiatu dituzue ikasturte honetan Urola Erdiko ikastetxeetan. Esaterako, errekuperaketen baldintzak hobetzeko eta propaganda egiteko eskubidea bermatzeko antolatu zarete. Zein dira martxan jarri dituzuen borrokak eta zein dira orain arteko lorpenak?   

M.A: Azkoitia BHIn, Urolan, Ikasberrin eta Iraurgin errekuperazio-azterketen sistema aldatzen saiatu gara; izan ere, ikasturte hasieran identifikatu genuen eskola guztietan zegoela arazo bat arlo horretan. Iraurgin, esaterako, Batxilergoan ez zegoen arazorik, baina bai DBHn. Alde batetik, adierazi nahi izan genuen errekuperazioak arratsaldez egitea ikasleen kalterako zela. Ikasberrin, esaterako, zortzi ordu eskolan igaro ostean, klase guztiak amaitutakoan, egiten ziren errekuperazioko azterketak. Ikasle orok dauka burua lehertu beharrean egunaren amaieran. Ez da justua azterketak baldintza horietan egin beharra. Urolan, berriz, goizez egiten ziren azterketak, baina ikasleek klaseak galdu behar izaten zituzten azterketak egiteko.

R.G: Iraurgin ere errekuperaketak amaitu arte ikasgaietako saioak eteteko eta aurrera ez jarraitzeko eskatu genuen. Izan ere, errekuperaketa dutenek irakasgai horretako saioak galtzeak ez dauka zentzurik. Dena den, ez dute gure proposamena onartu, aldaketek oinarri pedagogikorik ez dutela argudiatuz.

M.A: Ikasberrin, hainbat bilera egin ostean, ondo ikusi zuten gure proposamena, eta lortu dugu azterketak goizez egitea, baita klaseak etetea errekuperazioak amaitu arte. Urolan, hainbat protesta egin genituen, eta azkenean iritsi ginen adostasun batetara. Iraurgin eta Azkoitia BHI-n ez dugu helburua lortu, zoritxarrez.

Joan zen astean gutuna kaleratu zenuten Urola BHIko zuzendaritzaren hainbat jarrera salatzeko. Zer dela eta egin duzue salaketa hori publiko?

M.A: Ikasturte hasieran bilerak egiteko gela bat erabiltzeko baimena eskatu genion zuzendaritzari, beste eskoletan horretarako baimena ematen baitzaie ikasleei. Gelak erabiltzeko baimenaren faltan, jolastokian egiten genituen batzarrak. Gelak erabili ahal izateko kontratu moduko bat sinatzera bultzatu gintuzten, zeinetan hainbat arau jasotzen ziren. Besteak beste, kontratuak zioen ezin genituela bi kartel baino gehiago jarri ikastetxeko sarreran, ezin genituela gela-pasak egin, pankartak jartzeko 48 ordu lehenago eskatu behar genuela baimena, pankartaren lelo eta guzti. Ez genuen onartu, noski.

Propaganda egiteko eskubidea da aldarrikatzen duguna; izan ere, eskolan kartelak jartzen baditugu, ordu gutxiren bueltan kartel guztiak kenduta agertzen dira. Gainera, ez digute klase-pasarik egiten uzten. Hori bai, ikasle talde batek bizkotxoa saldu nahi badu, egin ditzake klase-pasak arazorik gabe. Aldiz, guk ezin dugu Martxoaren 8aren harira deitutako kontzentrazioaz informatu. Hori adibide soil bat besterik ez da.

Jaso al duzue erantzunik?

M.A: Ez, ez dugu erantzunik jaso. Ikusteko dago zer gertatzen den. Argi dagoena da gure jarduna oztopatu nahi dutela. Greba egiteko eskubidea dugula onartzen dute, baina grebara begira lanketa egiteko aukera guztiak zailtzen dizkigute. Guk, ordea, gure eskubideen defentsan jarraituko dugu, antolatzen eta borrokatzen.

Grebara begira, zer mezu emango zeniekete eskualdeko ikasleei?

R.G: Guk ikasle antolakunde baten baitan egiten dugu lan, pentsatzen dugulako eskoletan lortu diren gauza asko ikasleen antolakuntzari esker izan direla. Hori dela eta, erakutsi nahi dugu ikasleok batuta eta antolatuta helburuak lortzea posible dela. Orokortuta dagoen despolitizazio maila zenbatekoa den ikusita, eta hezkuntza negoziora bideratu nahi dutela ikusita, adierazi nahi dugu ezinbestekoa dela antolatzea gauzak aldatu ahal izateko. Finean, gure hezkuntza delako eta etorkizuneko hezkuntza izango delako.

M.A: Guztiok ikusten dugu gero eta kontrol mekanismo gehiago jartzen ari direla ikastetxeetan. Guztiok ikusten dugu ikasketa-baldintzak okertzen ari direla. Nola ez gara mobilizatuko? Ez badiogu egoerari aurre egiten gehiago zapalduko gaituzte, eta orain arte lortutako eskubideak ere kenduko dizkigute.

Aurrera begira zer asmo dituzue?  

R.G: Ikasle Abertzaleakek aldarrikatzen duen hezkuntza sistema zehatza da: doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala. Funtsean, hezkuntza sistema sozialista. Hori, ordea, helburua handia da. Beraz, helburua ahaztu gabe, gure ikastetxeetan borroka txikiak antolatzen jarraituko dugu, ikasleen jakin-mina eta kritikotasuna sustatzen, ikasleon oinarrizko beharrak bermatuko dituen hezkuntza aldarrikatzen eta, euskara ardatz, ikasle langileon baldintzak borrokatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide