Sexu indarkeriak eta mito matxistek emakumeen bizitzetan duten eragina izan dute mintzagai

Nerea Uranga 2024ko mar. 19a, 17:18

Nerea Barjola, Aurora Iturrioz eta Idoia Arraiza atzoko mahai inguruan. (Nerea Uranga)

Sexu indarkeriaren eta mito matxisten eragina eta inpaktua emakumeon bizitzetan mahai ingurua izan zen atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean, Emakumeen Txokoak antolatuta. Larunbaterako Autodefentsa Feminista ikastaroa antolatu dute Emakumeen Txokoan, eta bihar bukatuko da bertan izena emateko epea.

Sexu indarkeriaren eta mito matxisten eragina eta inpaktua emakumeon bizitzetan gai hartuta mahai ingurua egin zuten atzo, astelehena, arratsaldean Sanagustin kulturgunean. Nerea Barjola politilogoa eta ekintzaile feminista eta Idoia Arraiza Emagin ikerketa eta dokumentazio zentroko kidea izan ziren hizlariak, eta Aurora Iturrioz Garaipen talde feministako kideak dinamizatu zuen saioa. Martxoaren 8aren bueltan Emakumeen Txokoak antolatutako saioetako bat izan zen atzokoa. Barjolak berak gazteekin sexu indarkeriaz egindako hainbat ikerketari buruz jardun zuen, eta Arraizak Emaginetik egiten duten lanaz hitz egin zuen. Sexu indarkeriaren inguruan egiten diren politika publikoez ere jardun zuten.

Autofedentsa Feminista ikastaroa, larunbatean

Martxoaren 8aren bueltan Emakumeen Txokoak antolatutako beste ekintzetako bat Autodefentsa Feminista ikastaroa da. Tailer hori larunbatean, martxoaren 23an, izango da 10:00etatik 14:00etara artean, Emakumeen Txokoan bertan. Emagin elkarteak emango du. Ikastaroan parte hartzeko aurrez izena eman behar da 688 75 10 00 telefono zenbakira idatzita edota deituta. Izena emateko epea bihar asteazkena bukatuko da.

Emakumeen Txokoak azaldu duenez, Autodefentsa Feminista ikastaroaren helburua, "emakumeek egunero jasaten dituzten eraso sexistei erantzuteko estrategiak garatzea" da. "Horretarako, indarkeriarekiko ditugun bizipenak trukatuko ditugu, eta gure esperientzietatik abiatuta, eraso sexistak identifikatzen ikasiko dugu", azaldu dute. Horrez gainera,. maila indibidualean zein kolektiboan martxan jarri beharreko hainbat estrategia garatzeko tartea hartuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide