Iraurgi saskibaloi klubaren 50. urteurrena ospatzeko urte guztia hartu dute. Horri lotuta, klubeko gizonen eta emakumeen talde nagusiek –Juaristi ISB eta Domusa Teknik ISB– etxean jokatzen dutenetan, elkartearekin nolabaiteko lotura izan duten taldeei edota norbanakoei omenaldiak egiten ari dira, eta baita klubaren inguruko dokumentala prestatzen ere, ekain aldera estreinatzeko asmoarekin.
Klubaren mende erdiaren ospakizunak antolatzeko batzorde bat eratu dute Iraurgikoek, eta hango kide da Txetxu Urbieta. "Ekitaldi handi eta ponpoxorik egiteko asmorik ez dugu, baina urtemugarekin lotuta hainbat ekintza antolatuko ditugu. Etxeko partidetan egiten ari garen omenaldiek Azkoitia-Azpeitian saskibaloiak izan duen ibilbidea eta klubaren historia erakusteko balio dute, jendeak jakin dezan nondik datorren Iraurgi saskibaloi kluba", azaldu du Urbietak. Besteak beste, Gipuzkoako Saskibaloiaren Gala Azpeitian egingo dute aurten, ekainaren 6an.
Saskibaloi kluba 1974an sortu zuten; Lagun Onak izenarekin hasi ziren saskibaloizaleak, estatutuak behar zituztelako. Lehenengo partida, 1974ko azaroan jokatu zuten. Aurretik, 1971n, Anaitasuna-Illarra izeneko saskibaloi talde bat osatuta zuten Azkoitiko eta Azpeitiko mutil batzuek, eta lagunarteko partidak jokatzen zituzten. 1980ra arte, Lagun Onak izenarekin jardun zuen, eta urte hartan bere estatutu propioekin Iraurgi izena hartu zuen.
50 urte eta gero, saskibaloi kluba bizi-bizi dago: federatutako neska-mutilen 22 talde ditu, eta 500 fitxa inguru. Horrez gain, saskibaloiko teknifikazio eskolan, 2012etik 2014ra arteko 180 neska-mutil dabiltza, nesken bederatzi taldetan eta mutilen zortzitan banatuta.
Bideari hasiera
Saskibaloi klubaren hasierak eta aurrekoak gogora ekarriz, argazki erakusketa dago ikusgai Azpeitiko kiroldegian. Argazki zaharrak daude zintzilikatuta saskietan. Jexusmari Garmendia Fari-k (Azpeitia, 1953) muntatu du erakusketa, berak eskuz egindako saskiekin. Lanbidez arotza da; 33 urtez arotz lanean jardundakoa ETBn. Iraurgi saskibaloi klubaren sorrerako kideetako bat ere bada. Anaitasuna-Illarra taldeko jokalaria izan zen, Telefonicako emakumeen saskibaloi taldearen entrenatzaile ibili zen, baita Iraurgin entrenatzaile ere. "Lehen bi urteetan, Azkoitian Anaitasunaren babesean jokatu genuen saskibaloian, eta gero, beste bizpahiru urtean, Azpeitiko Lagun Onaken izenean. Ondoren, saskibaloi elkartea sortu eta zer izen jarri erabakitzeko bilera egin genuen Telefonicaren eraikin zaharrean –egun Udal Euskaltegia dagoena–". Azkoitia eta Azpeitia biltzen zituen Iraurgi izena jartzea erabaki zuten, eta Ramon Rubiok hartu zuen Iraurgi saskibaloi klubaren presidente kargua. "Rubio Toledotik, Talavera de la Reinatik [Espainia], etorri zen Azpeitira Telefonican lan egitera, eta gurekin ibiltzen zen saskibaloian".
Kirolerako abila zen Garmendia, eta ikasle garaian Donostian atletismoan nahiz arraunean ibiltzeko eskaintzak ere jaso zituen. "Azpeitiko lehen maratoi txikia egin nuen, baita Donostiako Maratoia ere". Etxean, berriz, txirrindularitzaren zaleak zituen gehiago, anaietako bat txirrindularia zuelako. "1,90 metro neurtzen nituelako hasi nintzen ni saskibaloian".
Gaur egun ez bezala, garai hartan ez zuten saskibaloian jokatzeko ez saskirik, ez lekurik. Bestelakoak ziren kontuak. "Loiolan, jesuitetan zeuden saskietan ibiltzera ezkutuan sartzen ginen, baina handik bidali egiten gintuzten. Azkoitiko profesionaletan ikasten hasi ginenean, bazeuden bi saski han. Azpeitian, berriz, Jesus eta Maria komentuan zeuden saskiak, eta Esklabetan ere bai eskas batzuk. Saskibaloiko lehen entrenamenduak Jesus-Mariatan egiten genituen; hartxintxarrezko jolaslekua zen. Gainontzean, entrenamendu asko saskirik gabe egiten genituen, eta baloiak ere gutxi geneuzkan".
Saskibaloirako lehen kantxa Betharramdarretan egin zuten. Hura lortzeko, herriko gazteen artean sinadurak bildu eta udaletxean aurkeztu zituzten. "Betharramdarretako jolastokia ere dena hartxintxarra zen, eta han egin zuten aire zabaleko hormigozko lehen saskibaloi kantxa. Xaxarkik egin zuen obra. Guk hari esan genion lurrak garbi-garbia izan behar zuela saskibaloian jokatzeko, eta horren garbia egin zuen txirrist egiten genuela, distira eta dena zuen". Saskiek nolakoak izan behar zuten jakiteko, Donostiara jesuiten saskibaloiaren arduradunarengana joan ziren Garmendia eta Jose Ignacio Zurutuza. "Jesuiten saskibaloirako atariarekin harrituta gelditzen ginen, saskiz beteta zegoen, poste bakoitzak saski bana zuen. Saskientzako zer neurritako taulak behar ziren neurtu, eta geuk egin genituen. Hasieran, baina, saskiek kontrapisurik ez zuten, eta erori egiten ziren. Gero, Oñazbidean zegoen Perratzailearenera joan eta hari enkargatu genizkion saskiak, zeinek ordainduko zituen arrastorik gabe; azkenean, udalak ordaindu zituen". Joko eremuko arrastoak margotzeko, berriz, bost zentimetroko oholak Garmendiak berak prestatu zituen, eta jokalariek beraiek margotu zituzten marrak.
Garmendiak-eta saskibaloian jokatu ahal izateko bidea hasi zuten. "Bateren batek hasi behar izaten du zerbait egin nahi baldin bada, eta guk ekin genion". Orain dela bost hamarkada hasitakoak gaur egungo emaitza izango zuenik ez zutela espero dio Garmendiak. "Orduan guk ez genuen pentsatu ere egiten kluba gaur egungo neurrietara iritsiko zenik. Iraurgiren bueltan jendeak egin duen lana neurrigabea da, eta gurasoen parte hartzea txalogarria. Ni 17 urterekin hasi nintzen, eta orain 10 urteko haurrek saskibaloian jokatzeko aukera dutela ikustea zoragarria da".
Boluntario guztiei esker
Iraurgi saskibaloi klubean jokalari, nesken zein mutilen taldeen entrenatzaile eta teknifikazio eskolaren eta saskibaloi topaketen antolatzaile ibilia da Maixol Rezola Amilibia (Azpeitia, 1971). Kirol klub batek aurrera egingo badu, boluntarioen lana ezinbestekoa dela argi du Rezolak, bere ibilbidean ondoan izan dituen boluntario guztiak eskertu ditu Iraurgi SBren 50. urteurrenean, eta haiei zuzendu zaie: "Nire ibilbidean nirekin boluntario ibili zareten guztioi eskerrik asko bihotz-bihotzez. Iruditzen zait klubak aitortza zor diela haiei. Klub bat aurrera ateratzeko boluntarioak behar dira; boluntario lanetan entrenatzaileak behar dira, zerbait antolatzen denean erratza pasatzeko ere jendea behar da, gazteek partida bat dutela-eta jokalariak autoetan eramateko ere boluntarioak behar dira... Klub batek, berdin da zer kiroletakoa den, boluntario jende horri guztiari esker egiten du aurrera, eta herriak ere aitortza zor die boluntario horiei, horien lanari esker herriko umeek kirola egiteko aukera dutelako; berdin taldeko kiroletan edota bakarkakoetan".
Esklabak ikastetxean ikasten ari zela izan zuen saskibaloiaren berri Rezolak. 9 urte zituen. Garai hartan, futbolerako joera zuten mutilek, eta neskek ez zuten kirolerako aukerarik. "Iraurgi SBko jokalari gazteek eskoletara jo zuten neska-mutilak saskibaloira erakartzeko. Jose Luis Zubizarreta Xubi eta Pello Aizpuru etorri ziren gure ikastetxera; gelara sartu, azalpenak eman eta saskibaloira nor animatzen zen galdetu zuten. Gelako neska batzuek eskua altxatu eta izena eman zuten; nik ez. Ikaskideen aldean ni neska altua nintzen, eta altueragatik konplexu handia nuen. Señorita Rosalia irakaslea ohartu zenean saskibaloirako izenik ez nuela eman, behartu egin ninduen izena ematera. Etxean kontatu nuenean, irakasleak hori esan bazuen egin egin beharko nuela esan zidaten".
Ikastetxez ikastetxe eta mailaka osatutako taldeekin saskibaloi txapelketa antolatu zuten Iraurgikoek, eta Esklabetako bere mailakoekin hasi zen Rezola jokatzen; Xubi zuten entrenatzailea. "Partida guztiak irabazten genituen, eta beti finalera iristen ginen. Xubik ondo erakutsi zizkigun oinarriak". Hala ere, bere konplexuarekin jarraitzen zuen Rezolak, eta saskibaloian gozatu baino sufritu egiten zuela dio. "Finalak herriko plazetan jokatzen ziren, Azkoitikoan ala Azpeitikoan. Azkoitian jokatzen genuenetan, joko eremuaren bueltan biltzen zirenengandik izugarriak entzuten nituen altua nintzelako eta saskiratze asko egiten nituelako: jirafa, gigante eta halakoak oihukatzen zizkidaten".
Seigarren mailatik aurrera, herrian txapeldun gelditu, eta Oriokoen aurka jokatzera joan ziren. "Han ohartu nintzen neska altuak bazeudela, eta lehen aldiz partida galdu egin genuen. Gainera, aurreneko aldiz, Xubik zoriondu egin ninduen ondo jokatu nuelako", gogoratu du. 12-13 urterekin, saskibaloi selekzioetako bost urtetako ibilbidea hasi zen Rezolarentzako; Gipuzkoakoarekin, Euskadikoarekin eta Espainiakoarekin jokatu zuen azpeitiarrak. Euskadiko selekzioarekin Katalunian mundu mailako saskibaloi txapelketa bat ere jokatu zuen: "Amerikarren, ingelesen, frantsesen eta abarren kontra jokatu genuen, hamabost egun iraun zituen lehian".
Selekzioan zebilen bitartean, Iraurgiko nesken talde bakarrarekin ere jokatzen zuen Rezolak, Xubi entrenatzaile zuela. "Iraurgin jubenilekin jokatzen hasi nintzen, eta gero egokitu zitzaidan zaharragoekin eta gazteagoekin jokatzea ere. Garai hartan, Azkoitian jokatzen genuen, oso ondo ibiltzen ginen eta jende asko joaten zen gure partidak ikustera". Xubirekin entrenamendu pertsonalak ere egiten zituen: "Entrenamenduak ondo-ondo prestatuta ekartzen zituen Xubik; nik garai hartan adina entrenatutakorik ez da izango". Donostiako talderen batera jokatzera joateko aukera ere sortu zitzaion, baina ez zion heldu Rezolak. "Erreta nengoen, eta utzi egin nuen saskibaloia. Bergarara joan nintzen ikastera".
Handik urtebete ingurura, Iraurgiko nesken talde bakarraren segida kili-kolo zegoela eta, Santi Etxaniz Pattana-k konbentzituta, taldea entrenatzen hasi zen Rezola, baita nesken beste talde bat eratu eta entrenatzaile eta jokalari ere bigarren talde horretan. Gero, ordea, berriro kanpora joan zen ikastera, eta Iraurgiko nesken taldea entrenatzeari utzi zion. Tartean, baina, Xubirekin mutilen talde bat entrenatzen jardun zuen, eta beste bakar batzuk ere bai.
Saskibaloi entrenatzaile zebilela, Karmelo Etxegarai Ikastolako kirol koordinatzaile hasi zen Rezola –hamabi urte egin zituen–, eta ohartu zen, neska-mutilei saskibaloiaren oinarriak irakasteko teknifikazio eskolaren beharra zegoela. Iraurgi SB klubari proposatu, eta abian jarri zuten, bost laguneko talde baten ardurapean. "Teknifikazioan ere jendea behar da haurrei saskibaloia irakasteko, eta handik eta hemendik, jokalariak-eta animatuz, boluntarioak lortu izan ditugu".
Garai gaziak eta gozoak
Joseba Otaegik (Azpeitia, 1968) saskibaloian hasi aurretik Lagun Onaken jokatzen zuen futbolean: "Jubenil aurrekoetan jokatzen nuen futbolean, baina jubeniletarako ez ninduten aukeratu. Orduan, Xubik saskibaloian jokatzea nahi al nuen galdetuta hasi nintzen Iraurgin". 1984an hasi zen Otaegi saskibaloi klubean jokatzen. Horrez gain, entrenatzen, zuzendaritzan eta klubaren hainbat ekitaldi antolatzen aritu da.
Otaegi Iraurgin hasi zen garaian, mutilen hiru talde eta nesken bakarra zeuden. "Jubeniletan Betharramdarretan jokatzen genuen, eta juniorretan Azkoitian jokatzen hasi ginen. Xubi entrenatzaile zela, talde polita osatu genuen". Iraurgiko talde nagusiak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatzen zuen garaiak ere bizi izan zituen, eta oso oroitzapen onak ditu bizipen haietaz. "Seniorretan, Izarraitz frontoian entrenatzen eta jokatzen genuen. Hotz egiten zuen, baina giro ederra genuen. Geuk egiten genuen dena: saskiak atera, joko eremua markatu... Urte bikainak izan ziren: frontoia jendez betetzen zen, eta partidak politak eta ederrak izaten ziren. Entrenatzaileak Josu Arregi Txapao, Ramon Aranburu eta Xubi izan genituen. Herriko jokalariak ginen gehienak, baina Bigarren Mailara igo ginen urtean, kanpotik fitxatuta Luis Oyono etorri zen, baita zumarragar bat eta bizkaitar bat ere. Orduan, Bigarren Maila maila handia zen gu bezalako talde batentzako".
1998. urtera arte jokatu zuen Iraurgin Otaegik. "Azken urteetan, jendea kluba uzten joan zen eta taldeak mantentzeko justu genbiltzan. Horregatik, bi-hiru urtez entrenatzaile aritu nintzen, eta zuzendaritzan ere sartu nintzen". Klubaren egoera pattala ikusita, bilera egin zuten kluba bertan behera utzi edota lan egiteko modua aldatzea erabakitzeko. "Jendea eta harrobiko lana falta ziren. Aurrera eginda, saskibaloi eskola sortzea erabaki genuen; Gipuzkoan aurrenetakoa". Behin eskola martxan jarritakoan, mailaz maila nesken eta mutilen taldeak osatzen joan dira. "Izarraitzen bizitako garai ederrak gainditu egin dira azken urteetan, maila hobean dabil Iraurgi, jendea joaten da Iraurgiren partidetara, jende asko dabil klubean boluntario eta haur piloa dabil saskibaloian. Xubik klubeko lana utzi du, baina lanak aurreratuta utzi ditu, jende gaztea sartu da elkartean, eta jokalari gazteen gurasoek ere parte hartzen dute antolaketan".
Gutxiago, baina klubari lotuta segitzen du Otaegik. "Zuzendaritzan ez nago, baina bilera batzuetan parte hartzen dut, eta laguntza behar izaten denean han izaten naiz". Garbi du Otaegik, lagun asko eman dizkio saskibaloiak, eta tristurak baino poz gehiago.
Maitane Gurrutxagari (Azpeitia, 1991) ere "poz asko" eta lagunak eman dizkio saskibaloiak. Eskola kirolean hasi zen saskibaloian jokatzen, 10 urte ingururekin. "Altua nintzen nire adineko besteekin alderatuta, eta animatu egin nintzen saskibaloian ibiltzera". Lehen Hezkuntzako seigarren mailan zebilenean, Donostiara Gabonetako saskibaloi txapelketan jokatzera joateko deia jaso zuen Iraurgitik. Urtebete barru berriro jaso zuen deia, eta Gabonetako saskibaloi txapelketatik bueltan, saskibaloiko teknifikazio eskolaren antzeko bat jarri zuten martxan Iraurgikoek, eta igandeetan egiten zituzten entrenamenduak. Hala, Iraurgi SBko ibilbidea hasi zuen Gurrutxagak. "Kadeteetan hasi nintzen Iraurgin jokatzen, Xubi entrenatzaile genuela".
Jokatzeari 2016. urtean utzi zion azpeitiarrak. "Lehen Mailara igo ginen urtea egin nuen, eta hurrengo urtean, mailaz jaitsi eta jokatzeari utzi nion. 2015ean unibertsitateko ikasketak bukatu nituen, lanean hasi nintzen, eta denboraz gaizki moldatzen nintzen. Kadeteetan hasitako lauzpabost jokalari bukaeraraino elkarrekin ibili gara; saskibaloiak lagun asko eman dizkit".
Entrenatzaile ere ibili da Gurrrutxaga Iraurgin, bai jokalari zen garaian, baita jokatzeari utzitakoan ere. Gaur egun, saskibaloi eskolan dabil entrenatzaile, eta aurten, zuzendaritzan sartu da: "Gauzak barrutik eta kanpotik desberdin ikusten direla ohartu naiz. Hala ere, esango nuke klubak emakumeen alde beti egin duela. Mailaz igotzea lortu genuenean, zalantzak izan nituen klubak mailaz igotzeko erronkari aurre egingo zion, diru asko suposatzen zuelako. Erronkari heldu egin zion, ordea".
Klubak aurrera egiteko eta talde guztiak mantentzeko, boluntarioen lana berebizikoa dela dio Gurrutxagak. "Taldeek entrenatzaileak behar dituzte, umeak partidetara eramateko jendea behar da, partidek ere antolaketa handia eskatzen dute. Horrek guztiak boluntarioen lana eskatzen du", nabarmendu du.