Klik!

Irudien atzeko lanetan, maisu

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 28a, 15:45

Argazkien edertasuna antolatu egiten da gehienetan. Irudiaren berezko ederraren atzean daude teknika eta prestaketa. Jakintza eta zaletasuna uztartzen ditu Jon Olaizolak bere lanetan, eta aurrez imajinatutako argazkia atera arte ez du amore ematen. Orain arteko bideaz eta ikusten ez den lanaz mintzatu da 2024ko martxoko Uztarria aldizkariko Klik! atalean.

Argazkizale eta argazkilari

Jon Olaizola (Azpeitia, 1995) afizioz aritzen da argazkiak egiten. Txikitatik gustatu izan zaio argazkiak egitea, baina ez zuen afizio bezala hartu duela sei urte lagun batek utzitako kamera probatu zuen arte. Orduan erosi zuen lehen kamera, "sinplea". Askotariko ikastaroak eta formakuntza saioak egin ostean egin zuen jauzia, eta orduan hasi zen gaur egun duen kamerarekin lanean. Tresna bat ona izanagatik, nola erabili jakitea ezinbestekoa dela uste du. Paisaiak harrapatzea du gustukoen. Mads Peter Iversen, Fran Mart eta Alyn Wallace ditu erreferente.

Kontraargia eta silueta

Olaizolari argazkiak antolatzea gustatzen zaio, eta ez horrenbeste inprobisatzea. Paisaiak lasai egoteko aukera eskaintzen diola dio, eta hori da gehien atsegin duena. "Argazkiak nola atera pentsatzea gustatzen zait, eta paisaiek horretarako aukera eskaintzen didate. Aurrez erabakitako lekura joan eta han egon naiteke, argazkia atera arte. Batzuetan ez da irteten, baina beti dago itzultzeko aukera". Goiko hau Zumaian ateratakoa da, superilargia zegoen gau batean. Paisaiarekin ez ezik, ilargiarekin eta perspektibarekin jokatu zuen, 400mm-ko objektiboa erabilita.

Abiadura eta konstantzia

"Argazki ona da istorio edo sentimendu bat kontatzen duena, eta aldi berean arreta bideratuko duen subjektu bat duena; izan arbola bat, pertsona, eraikina... Horretarako trikimailuak daude, hala nola begirada eta enkoadraketa", dio Olaizolak. Goiko irudian, tximista da objektu nagusia. Etxetik atera zuen argazkia, baina aurrez pentsatuta. "Tximinista askoko gaua aurreikusten zenez, balkoian jarri nintzen tenporizadorearekin. Ia bi ordu eman nituen han". Teknikoki, hamabost segundoko exposizioarekin ateratako irudia da.

Herrikoak, ezinbesteko

Goiko irudia Loiolako basilikan atera zuen Olaizolak urtarrileko arrats batean, ilunabarra baino lehen. "Esan beharrik ez dago ni oso azpeitiarra naizela, eta bereziki gustatzen zait Azpeitiaren ikur diren gauzei argazkiak egitea" dio, barrez. Loiolako basilikaren irudia kutuna duela dio: "Korrika nindoan batean ohartu nintzen eguzkia Loiola aldetik ezkutatzen zela. Orduan otu zitzaidan argazki hau egitearen ideia". Horretarako kontuan izan zituen eguzkiaren norabidea, ordua, baldintza klimatikoak eta irudia egiteko angelua. Horretarako erabiltzen diren tresna zehatzekin egin zuen kalkulua. "Hauxe nahi nuen, irudi minimalista, lainorik gabea eta kontraargian; zortez, lortu nuen".

Faroe irletara eta beste edonora, baina kamerarekin

Bidaiatzea maite du Olaizolak, askotan bakarrik, betiere kamera lagun. Faroe irletara joan zeneko irudia da hau. Helmuga ezaguna da kamerazaleentzat. Irudian, Kallur itsasargia ageri da. "Erliebez oso leku aberatsa da, baina ez dago ia biztanlerik. Horrek arriskutsu egiten du. Argazkia egiteko amildegia igaro behar izan nuen, bakar-bakarrik. Hara joaterako banekien argazki hau atera nahi nuela", kontatu du azpeitiarrak.

Astronomiaren zale

Goiko lehen irudia Kanaria uharteetako Palman (Espainia) ateratakoa da. Txilerekin batera, zerurik garbienetakoa duen lekua. Roque de los Muchachos izeneko behategian dago irudiko Grantecan, munduko teleskopiorik handiena. 50mm-ko objektiboarekin ateratako irudia da, eta Esne Bidea ikus daiteke. "Horretarako joan nintzen Palmara. Ikaragarria da hango zeruak eskaintzen dituen aukerak", dio Olaizolak. Azpikoan, Orion ikus daiteke. Sakonetatik ateratako irudia da, eta teknikoki badu berezitasuna, jarraian egindako irudi askoren batura baita.

Xoxote, begipuntuan

Azpeitiar bezain Azpeitizalea da Olaizola, eta Xoxoten argazkiak egitea atsegin du. Han egin zuen iaz Zirkunpolarra, lau orduko time-lapse batekin eta 800 argazkiz osatuta. Goiko irudi hau ere Xoxoten ateratakoa da, eta herriko argiek dute protagonismoa. Bertan, herriko mugimendua ikus daiteke, baita zeruko izarrak ere.

Gaztelugatxetik, National Geographic-era

Bakiotik (Bizkaia) atera zuen Gaztelugatxeko argazki hau Olaizolak. Olatu handiko egun batean joan zen itsasadarrera, teleobjektiboa hartuta. Bazuen argazkia egiteko lekuaren berri, beste argazkilariren bati aurrez ikusita. Beraz, Google Earth eta Maps aplikazioetan arakatu zuen, aurkitu arte. National Geographic Travelek nabarmendu zuen Olaizolaren lana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide