Manex Beristain: "Pixkanaka ari gara heriotzari leku bat egiten"

Kerman Garralda Zubimendi (Gipuzkoako Hitza) 2024ko api. 5a, 11:11

Manex Beristain.

Bikotekidea hil zitzaion Manex Beristain Agirreri (Azpeitia, 1977), eta hitza izan du dolua pasatzeko ihesbide. Azken galdera amari ipuin ilustratua argitaratu zuen urrian, Mirari Sagarzazu marrazkilariarekin batera. Ama hil zaion Ekain izeneko 9 urteko haur baten larrutik kontatu du istorioa, eta, Beristainek dioenez, horixe egin zaio zailen.

Nolakoa izan da Azken galdera amari idazteko prozesua?

Ipuinak bi zati ditu, eta aurrenekoa heriotza bati buruzko kontakizun bat da. Pixka bat zaila egin zait 9 urteko ume baten larrutik kontatzea: zein hiztegi erabiliko lukeen ume horrek, nola adieraziko lukeen momentu bakoitzean zer sentitzen duen, zer emozio… Baina zailagoa egin zait bigarren zatia. Izan ere, Ekainek bere amarekin amesten duen momentua deskribatzen dut bertan. Laguntza ere izan dut horretan, ni ez bainaiz idazle profesionala.

Idaztea izan duzu terapia?

Asko lagundu dit. Hausnarketak papereratzean, nolabait, distantzia jartzen diozu barruan sentitzen duzun horri guztiari.

Dolua gainditu daiteke, beraz.

Erabat, zalantzarik gabe. Egiten dudan aurkezpen bakoitzean, nire minaren zati bat bertan uzten dut, eta geroz eta arinago sentitzen naiz. Minak pisu handia har dezake lekurik ez badiozu egiten hain gustuko ez ditugun baina beharrezkoak diren emozioei: beldurra, tristura, amorrua… Mirari, nire semeen ama, beste era batera kokatu dugu egunerokotasunean, eta semeei begiratzen diedanean ikusten dut zer-nolako tresnak jasotzen ari diren bizitzari modu arinago batean aurre egiteko. Asko lagundu digu horrek, eta uste dut jendeari ere baliagarria izan dakiokeela. Are gehiago, ikusi dut jendea min handiekin etortzen dela aurkezpenetara, eta uste dut aurkezpenak asko lagundu diela korapiloak askatzen.

"Gure inguruan heriotzaren bat gertatzen denean, sortzen dituen emozio guztiei lekua egin behar zaie; sentitu eta hitz egin".

Irakurri elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide