Futbolaren eta pilotaren artean aukeratu behar izan zuen bere garaian Unai Marrerok (Azpeitia, 2001), itsuan. Ondo asmatu zuela dirudi, bai ondo ere. Lana gogor egiten duenari bere saria heltzen omen zaio, eta eskolako taldean gelakideekin hasi zen ume hura Realaren talde nagusiko atezainetako bat da egun.
Espainiako Kopan egin zenuen debuta Realeko lehen taldearekin, iazko azaroan. Buñol taldearen aurkako partidan izan zen, eta hasieratik jokatu zenuen. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Umetatik amestu izan dut orain bizitzen ari naizen guztia. Espainiako Kopan egin nuen debuta lehen taldean, eta egia esan, oso momentu polita izan zen niretzat. Bizitza osoan gogoratuko dudan momentu horietako bat izan zen, zalantzarik gabe.
Hilabete batzuk geroago, berriz, Espainiako Ligan debutatu zenuen, Alavesen aurkako neurketan. Hain zuzen, Alex Remirori txartel gorria atera zion epaileak, eta orduan atera zinen zelaira. Nola gogoratzen duzu une hori?
Egia da ezustekoa izan zela Ligako debuta, esan bezala, Remiro atezainari txartel gorria ateratzearen ondorio izan baitzen. Halere, aulkian nagoen momentutik badakit horrelako zerbait edozein egunetan gerta daitekeela, eta edozein unetan sar naitekeela jokatzera. Beti egon behar da prest. Hasiera batean urduritasun puntu hori edukitzea normala da, baina lehen esan bezala, momentu horiek bizitza osorako dira, eta oso polita izan zen, zentzu guztietan.
Zuen aurkako penaltia ere adierazi zuen epaileak Ligan debuta egin zenuen egun hartan. Zer pasatu zitzaizun burutik orduan?
Momentu horretan pentsatu nuen penalti hori gelditzea sekulakoa izango zela, baina zoritxarrez ez zen horrela izan. Denok dakigu oso zaila dela penalti bat gelditzea. Hala eta guztiz ere, nik oso pozik amaitu nuen partida hura, egindako debutagatik.
Hurrengo asteburuan partida garrantzitsua zuen Realak, Athleticen aurkako derbia, hain zuzen. Hori ere zuk jokatu zenuen. Zer sentitu zenuen maila eta garrantzi horretako partida bat jokatuta?
Egia esan, niretzat beste edozein partida jokatzea bezalakoxea izan zen. Jakitun gara denok euskal derbi batek duen garrantziaz, eta denok ezagutzen dugu, baita ere, San Mames zelaia nolakoa den. Horrez gainera, zeresan handia eman zuen lehen taldean jokatzen hasi berria zen gazte batek San Mamesen derbia jokatzeak.
Aste osoa igaro nuen neure buruari behin eta berriz errepikatzen beste partida soil bat zela, eta nire eguneroko lanarekin jarraitu nuen, zetorkigunari garrantzi berezirik eman gabe. Azken finean, zelaitik kanpo sortu ziren espekulazio guztietatik alde egin nahi nuen, urrun mantendu, eta nirean zentratu, hori baitzen garrantzitsuena. Nire betiko errutinarekin jarraitu nahi nuen egun haietan, bestela aztoratu egingo nintzen. Kontzentratuta pasatu nuen astea, buru-belarri lanean.
Zoritxarrez, dagoeneko dakizuen bezala, ez genuen irabazterik izan. Ez genuen, orokorrean, oso partida ona jokatu. Esperientzia bezala oso partida polita izan zen, eta asko ikasi nuen jardunaldi hartatik.
Gaur egun, zer moduz ikusten duzu zeure burua Realaren talde nagusian?
Egunero daukadan guztia ematen saiatzen naiz entrenamenduetan, eta orokorrean, taldean. Batik bat neure buruarengan zentratuta nago, eta une oro ari naiz gauzak hobetzen saiatzen. Pixkanaka joan naiz mailaz igotzen, eta esan beharra daukat maila batetik bestera aldaketa nabaritzen dela. Horretara ere egokitu egin behar du batek. Bere garaian, maila baxuagoetan jokatzen nuenean, itxura ona eman nuen, eta horregatik nago gaur egun nagoen tokian, baina Realeko lehen taldean egotea merezi dudala erakutsi nahi dut. Atezaina naizela erakutsi nahi dut, eta hori nire gain bakarrik dago. Garrantzi handia ematen diot eguneroko lanari.
Ume bat zinenean hasi zenuen atezain ibilbidea zure herriko taldea den Lagun Onaken.
Haurra nintzenean hasi nintzen futbolean, baina pilotan ere jokatzen nuen, eta oso gustuko nuen kirol hori ere. Ez dut guztiz ondo gogoratzen, baina infantil edo kadete mailara iritsi nintzenean utzi nuen pilota. Izan ere, une horretan kirol bakarra aukeratu beharra geneukan, eta futbolean jarraitzea erabaki nuen.
Ikasberriko taldean hasi nintzen, eskola kiroleko eta lagunarteko partidak jokatzen. Ikasberri uzteko unea iritsi zenean, Lagun Onak taldean hasi nintzen jokatzen, kadete mailara iritsi nintzen arte; kadete mailako bigarren urtean nengoela jaso nuen Realaren deia.
Zehazki, 2016an fitxatu zintuen Realak. Nola gogoratzen duzu dei hura?
Imajinatu! Futbola gustuko duen edozein gipuzkoarrek jasoko lukeen bezala jaso nuen Realaren dei hura. Oso pozgarria izan zen niretzat, eta ilusio handiarekin heldu nion hasiera-hasieratik erronka berriari. Deia jaso eta berehala amarekin eseri nintzen gaiaz hitz egitera, eta horrelaxe galdetu nion: "Zer ama, joan egin beharko dugu, ezta?".
Erantzuna bi aldiz pentsatu beharrik izan ez bazenuen ere, aldaketa handia da 15 urteko nerabe batentzat herriko talde batean jokatzetik Realera jokatzera joatea.
Aldaketa handia izan zen niretzat, baita konpromiso handia ere. Egia da kanpotik denak erraza ematen duela, eta badirudi futbol munduan dihardutenen bizitza ederra dela, baina bere alde txarrak ere baditu. Esaterako, nik garai hartan nire lagunekin jokatzen nuen, beraiekin igarotzen nituen egunak eta asteburuak. Ondo pasatzen genuen eta kito. Realaren deia jaso nuenean, ordea, dena aldatu zen. Bi gauza guztiz ezberdin dira herriko taldean egiten den futbola eta goi mailako futbola.
Nolakoa izan zen lehenengo urte hura?
Hasieran pixka bat kostatu egin zitzaidan ordura arteko bizitza alde batera utzi eta berrira egokitzea. Halere, nahiko azkar ohitu nintzen, eta gauzak nola funtzionatzen zuten ikusi nuenean, dena hobetzen joan zen. Urtez urte joan naiz, gaur nagoen lekura heldu arte.
Pixkanaka-pixkanaka mailaz igotzen joan zara, eta hori ez da kirolari guztiek lortzen duten zerbait. Zein esango zenuke izan dela gakoa?
Guztiek esaten dutena esaten ari naizela dirudi, baina gakoa lana da; lana eta lana, zalantzarik gabe. Lanik gabe ez dago ezer lortzerik. Dena ematen duen mutil bat naiz, bai futbol zelaiaren barruan, eta baita bertatik kanpo ere. Ez zait damutzea gustatzen. Astean zehar lana gogor egiten ez badut, eta ondoren asteburuko emaitzak onak ez badira, kontziente naiz akatsa nirea dela. Lana egiten duen batek askoz ere aukera gehiago ditu emaitza onak lortzeko, eta hain zuzen, hori da nire esku dagoena.
Horrez gain, zelaian disfrutatzea ere ezinbestekoa dela deritzot; egiten ari zarena egiten disfrutatzen ez baduzu, alferrik ari zara. Nik asko disfrutatu dut maila baxuagoetan egon naizenean, eta orain ere gauzak horrela jarrai dezan saiatzen ari naiz. Hori izan da gakoa, lana egitea eta bideaz disfrutatzea.
Goi mailako atezain izatera iristean neska-mutil askoren ametsa bete duzula esan daiteke. Marrerok ere umetako ametsa bete duela esan dezake?
Marrerok umetan zuen ametsetako bat bete duela esan dezake, noski. Halere, betetzea gustatuko litzaidakeen amets asko ditut oraindik, eta horien bila noa orain. Hau guztia amets bat da, zalantzarik gabe, nagoen tokian egotea ez baita txantxetako gauza, baina nik gehiago nahi dut. Bizitzan zehar disfrutatu egin nahi dut, egiten dudana egiten dudala ere. Zoriontsu izan nahi dut.
Zer diote ingurukoek honen guztiaren inguruan?
Familiak eta lagunek beti babestu izan naute, eta hartu ditudan erabaki guztietan ondoan izan ditut. Gurasoek ez didate inoiz ezer inposatu, libre utzi naute, nire erabakiak neuk har nitzan. Asko eskertzen diet horrela jokatu izana; azken finean, hau da benetan gustatzen zaidana eta urte luzez egin nahi dudana. Pertsona batek zerbait egiten disfrutatzen badu, iritsi behar duen lekura iritsiko da, baina bideaz goza dezala behintzat.
2027ra arte luzatu duzu Realarekin duzun kontratua. Nola heltzen diozu erronka berriari?
Eguneroko lanean zentratuta nago, eta ez dut etorkizunean pentsatu nahi. Etorriko da etorri beharrekoa, eta nik dena emango dut bitartean, orain arte egin dudan moduan. Nire esku dagoen guztia egingo dut honek horrela jarrai dezan.
Motzean
Atezain bat? Thibaut Courtois.
Taldekide bat? Jon Ander Olasagasti.
Entrenatzaile bat? Imanol Alguacil.
Aurkari gogor bat? Real Madril.
Zelai bat? El Molinon.
Amets bat? Egiten dudana egiten dudala ere, disfrutatzea.
Nor miresten duzu futbolean? Mikel Aranburu.
Eta zelaitik kanpo? Amama.
Zein da zure jarraitzailerik sutsuena? Ama.
Zerk pozten dizu eguna? Irribarre egiteak.
Eta zapuztu? Triste egoteak.
Zaletasun bat futboletik kanpo? Esku pilota.
Eman dizuten aholkurik onena? Bere garaian atezainen entrenatzailea zen batek eman zidan inoiz eman didaten aholkurik onena, edo niri barruan geratu zaidana, behintzat: "Ez utzi inoiz inori esaten zerbait ezin duzula egin".