Norberaren aldartearen atzean askotariko faktoreak daude. Azpeitian bada nerabeen autoestimua eta ongizatea lantzeko tailer bat. Ez da ekoizpenera bideratutako tailerra, emozioen kudeaketa da lantzen dutena. Azpeitiko Udalak antolatutako ikastaroen barruan, gazteei zuzendutako saioak eskaintzen ditu Saioa Garmendia terapeutak. Basazabal jauregian elkartzen dira hilean behin, eta bi ordu inguruz aritzen dira askotariko ariketen bitartez lanketak egiten. Saio horietako batean jaso dute Uztarriaren bisita. Kazetariak ariketa bat proposatu die: borobilean jarrita, hark egindako galderak erantzun dituzte gazteek eta tailerraren gidariak. Modu horretan, guztiek izan dute erantzuteko eta elkar entzuteko aukera. Zirkuluaren barruan dago eskuz esku erabili duten harizko mataza ere.
Garmendiaren aburuz, nerabeen adinean "oso garrantzitsua da autoestimu ona edukitzea", horrek eragina duelako haien bizitzako "eremu askotan": "Autoestimuak segurtasuna eta konfiantza ematen die. Beraz, gazteen indarguneak zeintzuk diren identifikatzea eta emozioak kudeatzeko tresnak eskaintzea da helburua. Finean, gazteak "indartuta" ateratzea da saioen xedea.
Gazteei saioetara zergatik animatu diren galdetutakoan, bat etorri dira gehienak: "Beharra dagoelako". Batzuek besteek baino argiago dute erantzuna. Gordin mintzatu da partaideetako bat: "Iruditzen zait gure adinean jende askok gaizki pasatzen duela autoestimuaren kontuarekin. Segurtasun eza ohikoa da, eta esango dudanak erradikala eman dezakeen arren, jende askok jotzen du suizidiora sentipenen gestio txarraren edo autoestimu faltaren ondorioz". Arrazoia eman dio Garmendiak, eta nabarmendu du horren adierazlea dela gazteen suizidio tasa handitu izana. Beste partaide batek adierazi du "garrantzitsua" dela "gauza hauetaz" hitz egitea, eta ez dela ohikoa horrelako espazioak edukitzea. "Eskolan, esaterako, apenas lantzen den gaia da ongizatearena edo autoestimuarena, eta uste dut interesgarria dela gai horiek lantzea", dio beste batek. Hezkuntza eremuan "behar besteko garrantzirik" ez zaiola ematen iritzi dute beste batzuek.
Lagunartean sentipenak biluzten al dituzten ere galdetu die kazetariak, eta adierazi dute hitz egiten duten arren, ez dela gauza bera lagunekin hitz egitea edo "gaiaz dakien" norbaitekin aritzea. Era berean, adierazi dute ez zutela erreparorik izan saioetan izena emateko garaian. "Saioa [Garmendia] ezagutzen genuen aurrez, eta lagunartean horrelako saioetara animatzea ez da horren zaila".
Bizitza, kanpora begira
Gaur egungo gazteak "kanpora begira" bizi direla uste du Garmendiak. "Besteek zer esango eta pentsatuko dutenaren menpe bizi dira. Besteen onespenak kezkatzen ditu. Hori ez da nerabeei bakarrik gertatzen zaien zerbait, guztiok bilatzen dugu besteen onespena, nolabait. Baina nerabeen kasuan bada beste aldagai bat, sare sozialen gehiegizko erabilerarena".
"Azalkerian oinarritzen den gizarte batean" bizi garela pentsatzen du tailerraren gidariak, eta gazteak bat datoz horretan. Garmendiak dio gizarte honetan onartuak sentitzeko "perfekzioa lortzea helburu" bihurtu dela, eta nabarmendu du horrek "nekea eta frustrazioa" sortzen dituela. Ideia zehatz batean jarri du azpimarra: "Perfekzioa ezin da lortu".
Haren iritziz, sare sozialek une oroko erakusleiho gisa funtzionatzen dute. "Dena ondo egin beharrak presioa eragiten die, eta era askotako presioak dituzte. Lagun ona izatearena, ikasle ona izatearena, seme-alaba ona izatearena... Badirudi gauza guztietan izan behar dutela onenak, eta, gainera, erakutsi egin behar dutela sare sozialen bidez. Hori ezinezkoa da", dio Garmendiak.
Arrazoia eman dio gazteetako batek: "Egia da hori. Une oro sentitzen dugu presioa. Alde batetik, gure itxuraren inguruko presioa dago. Izan ere, sare sozialek erabat normalizatu dute itxura jakin bat duten nesken eta mutilen irudia. Badirudi guztiok izan behar dugula patroi berekoak. Bestetik, ondo bizi garenaren itxura eman behar dugu. Inork ez du erakusten bere bizitzaren alde eskasa. Erakutsi behar da nora joan zaren oporretara, zer plan egin dituzun, zein zoriontsua zaren...". "Badirudi jendeak bizitza perfektua duela, eta horrek eragina du gugan", gaineratu du beste batek.
Autozaintza hiru multzotan banatzen du Garmendiak: zaintza fisikoa, mentala eta emozionala. Zaintza fisikoari garrantzi "ikaragarria" ematen zaiola dio, baina beste biak erabat baztertuta daudela. "Hiru arloetan ondo ez baldin bagaude, ez gaude ondo".
Pandemiaz geroztik ongizateko saioak ohikoagoak dira, edo bai behintzat ezagunagoak. Hori dela eta, nerabeek pentsatzen dute "normalizatu" dela horrelakoetara joatea. Dena den, hezkuntza formalean ongizate gaiak gehiago landu beharko liratekeela pentsatzen dute. Bat dator Garmendia: "Terapeuta izateaz aparte, ama ere banaiz, eta nire begiekin ikusten dut gazteek jasaten duten presioa arlo akademikoan. Orain agian ez da horrenbesterako, baina garai batean ohikoa zen matematikako, kimikako eta bestelako lanak etxera eramatea. Baina nork galdetzen zien ikasleei zer moduz zeuden? Ezin dira lanak ondo egin, norbera ondo ez baldin badago". Zentzu horretan, ikasleek antzekoa pentsatzen dute. Dena den, emozioak ez ezik, "beste hainbat gai" lantzea ere sumatzen dute faltan.
Ikasketak, presio bide
Gazteei zer gaik kezkatzen dituen galdetuta, ia guztiek erantzun bera eman dute: ikasketek, familiak eta lagunek. Dena den, ondoez handiena eskolako kontuek eragiten dietela onartu dute. Ez dute askorik sakondu familia gaietan; gehiago nabarmendu dute, esaterako, gizartean onartuta sentitzearena, besteak beste, lagunartean. "DBH3n nago ni, eta dagoeneko unibertsitatean zer ikasi nahi dudan galdetzen didate. Badirudi dagoeneko jakin behar dudala zein bidetatik egingo ditudan ikasketak, eta gaur-gaurkoz ez daukat arrastorik. Horrek ikaragarri nekatzen du, eta estres handia eragiten digu", aitortu du batek. "Nik ez dakit zer ikasi nahi dudan aurrerago, baina behartzen naute dagoeneko erabakitzera. Gaurko erabakiak gerokoan eragingo duela dakit, eta horrek presioa ezartzen du gugan", dio besteak.
Ikasketek gazteei eragiten dieten nekearen eta estresaren aurrean, arnasketa kontzienterako tresnak eskaini dizkie Garmendiak. Haren aburuz, horrelako ariketek estresa kanalizatzen laguntzen dute, eta norberaren aldartea zertxobait lasaitzen.
Presioa kudeatzeko bideak nola, emozioak lantzeko espazioen beharra aldarrikatu dute ikasleek nahiz terapeuta arduradunak. Gainera, "espazio neutroen" beharra nabarmendu dute. Batzuen iritziz, psikologoarengana joatea ezinbestekoa da; beste batzuen iritziz, ondo egon zaitezke psikologoraarengana joan gabe. Dena den, pentsatzen dute emozioen gaian aditua denak bestelako ekarpena egingo duela ondo egotera begirako prozesuan.
Zuhaitz batekin parekatu dute pertsona. "Enborra gogor baldin badago, haize bortitzak edozein aldetatik jotzen duela ere, gogor helduko du zuhaitzak". Beraz, oinarriak sendotzen eta ondoezak arintzen jarraituko dute, elkar lotzen dituen harizko mataza eskutik eskura pasatuz eta elkarri entzunez.