Atzera begira

Data zehatza jakiteko, baina nahikoa motibo ospatzeko

Ihintza Elustondo 2024ko mai. 16a, 09:13

Josefina Lazkano, Juanjo Agirre, IƱigo Agirre eta Esther Iturbe, dendako sarreran. (Utzitakoa)

Erraz esaten da, baina ez dira izango asko 100 urte bete dituzten saltokiak Azpeitian. Oztopoak oztopo izanagatik, herriaren babesari esker, mende beteko ibilbidea osatzera heldu den horietako bat da Erdikaleko Agirre oparidenda. Gaur egungo arduradunak atzera begira jarri dira 2024ko apirileko Uztarria aldizkarian.

Erraz esaten da, baina ez dira izango asko 100 urte bete dituzten saltokiak Azpeitian. Erosteko ohitura berriek eraginda, denda batek baino gehiagok itxi dituzte azken urteetan ateak, eta beste asko ahal duten moduan ari dira aurrera egiten, beren xumetasunean. Horren adibide da Erdikalean kokaturiko beti-betiko denda bat. Erakusleihoa apain-apain, atea zabaldu orduko umorez hartzen dituzte bisitan datozenak gaur egun dendaren ardura duten Iñigo Agirre (Azpeitia, 1956) eta Esther Iturbe (Azkoitia, 1963) senar-emazteek. Oztopoak oztopo izanagatik, herriaren babesari esker, mende beteko ibilbidea osatzera heldu den saltokietako bat da Agirre oparidenda.

Urteurrenak ezinbestean atzera begira jartzeko garaia izaten dira, baina hara hor bitxikeria: ez dakite zehazki zein den Agirre oparidendak 100 urte beteko dituen eguna. Iñigo Agirre, dena den, datu horren bila ari da buru-belarri. "Ez dakigu noiz betetzen dituen dendak 100 urte; ez gara gai izan datu hori lortzeko. Oraindik horren atzetik nabil. Oñatiko artxiboa, Azpeitiko Udalekoa, Tolosakoa... arakatu ditut, eta ez dugu lortu behar genuen informaziorik". Arrastoa aterako duen esperantza ez du galdu, ordea. "Merkataritza Erregistroan esan zidaten begiratuko dutela, eta ea horrek fruiturik ematen duen". Erronka txiki bat ere jarri dio bere buruari Iñigok: saninazioen bueltarako egun handia zein den jakiteko esperoan da.

Egun jakinik gabe, zergatik ari dira bada ospatzen 100. urtemuga? Horrek ere badu bere azalpena. "Gogoratzen naiz, duela bi edo hiru urte, gure dendak zenbat urte zituen galdetu zidatela, eta 100 egitera gindoazela erantzun nuela. Bertan merkatarien elkartekoek jaso egin zuten datu hori, eta 2024rako prestatu zuten ospakizuna". Merkatarien elkartekoek dena prest zutenez, aurrera egitea erabaki dute Agirrenekoek. Eta, beraz, bitxikeriak bitxikeria eta datuen faltan, 100. urteurrena ospatzen ari dira Agirrenekoak; esamoldeak dioen gisan, izena jartzen zaiona hala izaten baita. Dena den, Iñigok nabarmendu du "kakotx arteko ospakizuna" izango dela.

Iraganera so egin du Iñigok, egungo egoerara nola iritsi diren azaltzeko. "Denda nire amama zenak, Soledad Perez Arsuagak –Soledad Potxolo ezizenez– hartu zuen eskualdatzean; Luxio Alberdi zenaren anaiari hartu zion, Justo Alberdiri. Altzari denda zen orduan, eta ondoren, loteria tokatu zitzaion Soledadi, eta eraikin osoa erosi zuen hark". Gaur egun Agirre oparidenda kokatzen den eraikin guztia, alegia. Bere izenean jarri zuen orduan Soledad Perez zenak negozioa; Iñigok nabarmendu du ez zirela asko izango sasoi hartan negozio bat martxan jartzera ausartzen ziren emakumeak. "Ez zen normala garai hartan emakume baten izenean egotea negozio bat. Eta eskerrak hala egin zuen, bestela gaur ez ginatekeen hemen egongo".

Izan ere, Iñigo Agirreren attitte –Soledaden senarra–, Bonifazio Agirre Odriozola, Oranda baserrikoa jaiotzez, arotza izan zen, eta ez zitzaizkion proiektuak nahi bezala atera. "Aroztegia zeukan beste batzuekin batera, Artzubi aldean edo, eta Urolako trenaren geltokietarako hainbat arotz lan egin omen zituzten. Horregatik edo ez dakit zergatik, porrot egin zuen negozioak, eta eskerrak amama Soledadek bere izenean jarri zuen negozioa, bestela, hura ere kendu egingo zioketen". Dena den, saltokia mantentzeko gai izan zen Iñigoren amama zena. "Urolako trena 1926an inauguratu zuten, eta hemendik bi urtera beteko dira 100 urte inauguraziotik".

Aroztegiak porrot eginda, arotz tailerra jarri zuen Iñigoren attitte Bonifaziok, orain gutxi arte Ederti izan dena; hura ere erosi egin zuten. Ordura arte altzari denda izan zen gaur egun Agirre oparidenda dena, eta orduan hasi ziren lehen aldaketak egiten saltokian. Ordutik, aldaketa ugari bizi izan ditu dendak: "Lehenengo altzari denda izan zen; gero, etxeko gauzak saltzen hasi ziren; ondoren, burdindegi antzeko zerbait ere izan zen, eta ehorztetxea ere bai". Almacenes Agirre izena zuen negozioak. Hara non, hildakoekin ere lan egin izan duten Agirrenekoek. "Attitte Bonifazio zenak zenbait hildakoren kutxak egiten zituen Ederti izan zen hartan; zizelkatu eta margotu ere berak egiten zituen. Nik ezagutu nuen hori", dio Iñigok.

Iñigo Agirre eta Esther Iturbe, dendaren arduradunak. (Intza Trula)

Denborak aurrera, ordea, amama Soledad eta attitte Bonifazio hil egin ziren, eta Iñigo Agirreren aita zen Krispin Agirre Perezek eta bere anaia Inazio Agirre Perezek hartu zuten dendaren ardura, beren emazteekin. "Gero, iritzi ezberdinak izan zituzten bi anaiek, eta banatu egin ziren. Arotz tailerrarekin, hildakoen kutxak egiten ziren negozioarekin, osaba Inazio gelditu zen, eta gu gelditu ginen hemen [egungo Agirre oparidendan]", oroitu du oinordekoak. Eta halaxe, gurasoengandik seme-alabengana igaro zen denda, Iñigo Agirreren eta haren emaztearen eskuetara iritsi den arte.

Bitxikeriak, hainbat

Egunez egun gertatu ohi dira ezustekoak eta bitxikeriak edonoren bizitzan, eta pentsaezina da 100 urteko ibilian zenbat halako gertatuko zitzaizkien. Hildakoen kutxekin gertatutakoak oroitu ditu Iñigo Agirrek. "Sekulako istorioak kontatzen zituen gure aita zenak. Orduan ez zegoen gaur egungo ehorztetxerik eta horrelako ezer. Azpeitiko hildakoen kudeaketa eramaten zuten haiek, eta Azkoitikoena ere bai, beste pertsona baten bitartez. Orduan autorik ez zen, ezta furgonetarik ere, eta batzuetan Urbanuen bidaltzen zituzten hildakoen kutxak Azkoitira". Hori izaten zen normaltasuna, baina egun batean korapilatu egin zitzaizkien kontuak: "Gure aitak kontatzen zuen, egun batean ez dakit zer gertatu zela, autobusik ez zela, eta zalantzan egon zela hildakoen kutxa bizkarrean hartuta edo karroan eraman Azkoitira; eta hildako kutxa hartu, eta eskuzko karretilla batekin eraman zuen Azpeititik Azkoitiraino". Gorputza barruan zela? "Ez, noski; gorputza Azkoitian zegoen", kontatu du barrez.

Inazio Agirre gelditu zen negozio harekin, eta gerora, eskualdaketak egin eta gaur egun Carmona dena bilakatu da. Denborarekin, gaur egun Agirre oparidenda denak altzari denda izateari utzi zion, eta hainbat arlori aterpe eman zion espazioa bilakatu zen: "Nire gurasoena zen garaian, josteko akademia bat egon zen; gero, etxerako bestelako gauzak saltzen hasi ziren –lanparak, emakumeentzako bitxiak, poltsak, alfonbrak...–; lista de bodas deitzen zirenak ere bai; eskolarako materiala; ontziteria...". Gerora, 1974. urtearen bueltan, obra egin zuten dendan, eta gaur egun duen itxura hartu zuen. Orduan hartu zuen gaur egungo izena ere: Agirre oparidenda. "Gero, 1982an, aita hil zen, eta guk jarraitu genuen negozioarekin. Gero, Josefina amak laga zuen, Juanjo anaiak ere bai, eta gaur egun Esther nire emaztea eta ni arduratzen gara dendaz", esan du Iñigok.

Bere haurtzaroko lehen oroitzapenak saltokiari lotutakoak ditu Iñigok: "Lehengusuak-eta hemen ibiltzen ginen jolasean, hemezortzi eskailera gora aurrena, eta hemezortzi eskailera behera gero". Gaur egun, etxeko dekorazioari lotutako saltokia da Agirre, eta askotariko tresnak aurki ditzakete herritarrek bertan. Dena den, bada urtean zehar batek baino gehiagok itxaroten duen kontu bat ere: Gabonetan jarri ohi duten erakusleihoa. Eguberrietako jaiotzarentzat irudiak, argiak, etxerako apaingarriak... jarri ohi dituzte hutsik egin gabe urtero erakusleihoan, eta jende ugari bertaratu ohi da hari begira egotera. Erakusleihoko kristalean "hatz marka ederrak" egoten direla aipatu du Iñigok barrez, baina "baita mukiak ere".

100 urte historian behin baino ez dira betetzen, eta ospakizunetarako tartea egingo dutela nabarmendu dute senar-emazteek. Dena den, Iñigoren amak 98 urte ditu, eta hura ospakizunzalea den arren, osasunak horretarako aldartea ematen dionean egingo dutela aipatu dute. Gainera, Iraurgi saskibaloi klubari estuki lotutako familia da Agirrenekoena, eta haren 50. urteurrenarekin bat egiten du saltokiaren mendeurrenak. Kointzidentzia horrek beren urteurrena "are bereziagoa" egiten duela aipatu du Iñigok.

Halako ibilbidea osatzeko sekretua zein izan den galdetuta, "herritarren eta lagunen babesa" ezinbestekoak izan direla adierazi du Iñigok, baina Alde Zaharrak ez daukala "lehengo bizirik" ere nabarmendu du. "Lehentasunak aldatu dira, eta zoritxarrez, bestelako salmenta eredu batzuek hartu dute indarra", dio. Dena den, beren xumetasunean negozioari eusteko gai izan direla azaldu du, eta hor jarraituko dutela ahal duten bitartean. Herritarrentzako mezu bat ere badu: "Sartu eta galdetu herriko dendetan zer aukera dagoen, eskatu aurrekontu bat, eman aukera bat, askotan sorpresak hartzen direlako, eta gainera, Internet bidez ez delako eskaintzen herriko dendetan eskaintzen den gertutasuna. Eta herrian erosita, herrian bertan geratzen direlako etekinak".

Beste ehun urte betetzea espero al duten galdetzean, ordea, argi dio Iñigok: "Garbi dago ezetz. Ez dut erraza ikusten oinordekorik izatea. Guk ahal dugun bitartean jarraituko dugu, eta hortik aurrera, ikusiko dugu. Baina oinordekorik ez badago, Alde Zaharreko denda askori gertatu zaiona gertatuko zaigu, zoritxarrez".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide