Material iragankorrez sortutako artea betikotzeko, liburua

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 18a, 14:41

Xabier Gantzarain eta Pello Ulazia Sanagustin kulturgunean, gaur goizean, Ulaziaren liburuaren aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Bihar irekiko du Pello Ulaziak Kartoia, papera, guraizeak erakusketa Foru Ibilbideko udal aretoan; Kulturazen Doi egitasmoaren barruko bigarrena izango da. Gaur, pandemia garaian hasi zuen proiektu artistikoa jasotzen duen liburua aurkeztu du Mutrikuko artistak. Ale kopuru mugatua du argitalpenak eta, besteak beste, Azpeitiko erakusketan jarriko du salgai.

Bihartik maiatzaren 5a arte ikusgai izango da Foru Ibilbideko udal aretoan Kartoia, papera, guraizeak erakusketa, Pello Ulaziak (Mutriku, Gipuzkoa, 1966) 2020ko martxoan konfinamenduarekin etxean hasi eta Dinamoa sormen gunean garatu duen proiektu artistikoaren emaitza. Bi urtez lanean aritu ondoren, Ean (Bizkaia) jarri zuen lehen aldiz jendaurrean Ulaziak Kartoia, papera, guraizeak, 2022ko uztailean; Zumaiako Oxford aretoan eta Beran (Nafarroa) ere ikusi ahal izan dute erakusketa, eta egileak gaur Sanagustin kulturgunean esan duenez, bihar Azpeitian hasiko den erakusketa izango da, nolabait, proiektua "errematatzeko" pausalekua.

Proiektua errematatze eta "biribiltze" horretan garrantzitsua bihurtu den elementua aurkeztu dute gaur Sanagustinen Ulaziak eta Kulturazeko Xabier Gantzarainek: Kartoia, papera, guraizeak liburua. Kartoia eta papera dira erakusketa osatzen duten artelanen material nagusiak; material iragankorrak eta luzera irauteko desegokiak. Material iragankorrez sortutako artea nolabait betikotzera dator, hain zuzen, liburua. "Erabili ditudan objektuak ez dira batere iraunkorrak, denborarekin, hezetasunarekin eta abar hondatzen joaten dira. Horregatik iruditu zitzaidan interesgarria liburua egitea, material horiek argazkietan jasotzeko, eta proiektua bera testuinguru batean kokatzeko ere bai: ideia, diskurtsoa, lanen nondik norakoa...", azaldu du Ulaziak. Asier Gogortza argazkilariarengana jo du Mutrikuko artistak liburua egiteko: Gogortzarenak dira argazkiak, diseinua eta maketazioa. "Liburua bera artelana" dela nabarmendu du Gantzarainek, Ulaziaren zein Gogortzaren lana goraipatuz. Kulturazek Gogorzari eta haren lanari Dapa bildumako ikus-entzunezkoetako bat eskaini ziotela ere ekarri du gogora Gantzarainek (2023ko ekaineko Dapa da Asier Gogortzarena).

Gantzarainek aipatutako liburuaren artelan izaeraren ideian sakondu nahi izan du Ulaziak: "Liburu-katalogo bat izan gabe, nahi nuen liburuaren konfekzioan materialari, formari eta guztiari arte kutsua ematea". "Serie mugatu" gisara aurkeztu du liburua egileak: 150 ale plazaratu ditu, "numeratutakoak", eta diseinu berezia izateaz gain, ale bakoitza bere kutxatxo edo "etxetxoan" sartuta joango da; kutxatxoak banan-banan egiten ari da Ulazia.

Donostiako Hontza liburudendan, Bilboko Zirikan eta Mutrikuko Sabina dendan ez ezik, bihartik aurrera Foru Ibilbideko erakusketan ere erosi ahal izango da Kartoia, papera, guraizeak liburua.

Geu, etxea, matrioxkak

2020ko martxoan pandemiarekin ezarri zuten konfinamendurik gabe Kartoia, papera, guraizeak proiekturik ez litzatekeela izango aitortu du Ulaziak gaur; ez, behintzat, hartu duen norabidearekin eta itxurarekin. Konfinamendu hark eragindako gogoetak eta hausnarketak daude proiektuaren muinean, eta horiek aletu ditu Mutrikuko artistak. "Proiektu guztiaren ideia nagusia da gu geu ez garela subjektu soilak, gu geu garela gu geure etxe batean babestuta gaudelako, ingurune batean... guztiaren harremanaren ondorio bat garela", azaldu du Ulaziak, eta proiektuan esanguratsua den kutxaren kontzeptuarekin lotu du ideia: "Kutxa batean beste kutxa bat sartzen da, eta horren barruan beste bat, matrioxka bat izango bagina bezala; gure gorputza, etxea, ingurumena...".

Kartoizko figurak, aldizkari zatiekin-eta osatutako collageak eta poesia –"poema espazialak"– uztartzen ditu Ulaziak erakusketan, bateko, besteko, baten eta bestearen erreferentziak baliatuta eta moldatuta; eta liburuan ere elementu berberak ageri dira. Iñigo Martinez Peña filosofoak idatzi du hitzaurrea, "Pelloren lana gaur egungo bizimoduarekin lotuta testuinguruan jarriz", Gantzarainen esanetan; eta Ulaziak berak idatzitako beste testu bat ere jaso du liburuan, inguruaren eraginaren ideia horretan sakonduz: "Ez gara pertsona isolatuak, paisaia kultural bateko partaideak gara, eta dauzkagun kezka artistikoak, filosofikoak edota politikoak partekatzen ditugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide