'Papera, kartoia, guraizeak', ikusgai

Maialen Etxaniz 2024ko api. 22a, 16:25

Pello Ulazia artistaren erakusketa da Kartoia, papera, guraizeak. Izen bereko liburuarekin osagarritzen da proiektua. Kartoizko figurak, aldizkari zatiekin-eta osatutako collageak eta poesia uztartzen ditu Ulaziaren lanak. Maiatzaren 5era bitarte egongo da ikusgai. 

Ikusgai dago Pello Ulazia artistaren Kartoia, papera, guraizeak erakusketa. Joan zen ostiralean ireki zuten Doi erakusketa programaren barruan antolatutako esposizioa, eta zabalik izango da maiatzaren 5era bitarte, Foru Ibilbideko udal erakustokian eta Sanagustin kulturgunean.  

Pello Ulaziak (Mutriku, Gipuzkoa, 1966) 2020ko martxoan konfinamenduarekin etxean hasi eta Dinamoa sormen gunean garatu duen proiektu artistikoaren emaitza da Kartoia, papera, guraizeak. Bi urtez lanean aritu ondoren, Ean (Bizkaia) jarri zuen lehen aldiz jendaurrean erakusketa Ulaziak. Zumaiako Oxford aretoan eta Beran (Nafarroa) ere ikusi ahal izan dute erakusketa, eta Azpeitian jarritakoa izango da, proiektua "errematatzeko" pausalekua. Kartoizko figurak, aldizkari zatiekin-eta osatutako collageak eta poesia uztartzen ditu Ulaziaren lanak. Horretarako askotariko erreferentziak baliatu eta moldatu ditu.

Erakusketaren osagarri da joan zen astean aurkeztu zuten izen bereko liburua. Han azaldu zuen egileak proiektuaren funtsa: "Proiektu guztiaren ideia nagusia da gu geu ez garela subjektu soilak, gu geu garela gu geure etxe batean babestuta gaudelako, ingurune batean... guztiaren harremanaren ondorio bat garela". Ideia horretatik tiraka sortu du proiektua Mutrikuko artistak, eta haren lanetan hainbat elementu ikus daitezke, bata besteari lotuta, bata bestearen barruan...

Sormenari ikusgarritasun gehiago emateko, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izateko, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzeko, eta bide batez, Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera emateko gogoz eta asmoz sortu du Doi erakusketa programa Kulturaz kooperatibak.

(Argazkiak: Kulturaz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide