Joxean Agirre: "Karikatura egiteko joera dugu, eta horrela zaila da politikoki zuzena izatea"

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 27a, 10:00

Joxean Agirre idazlea, joan den astean, Zarautzen, 'Gizon barregarriak' bere azken lana esku artean duela. (Aritz Mutiozabal)

Gizon barregarriak eleberria da Joxean Agirre idazleak argitaratu duen azken lana. Hainbat gai landu ditu liburuan; besteak beste, intriga eta sexualitatea. Dioenez, eskarmentuak eman dio estilo propioa eraikitzeko modua.

Hainbat lan idatzitakoa da Joxean Agirre idazlea (Azpeitia, 1949). Elkar argitaletxearekin argitaratu ditu liburu gehienak, Xabier Mendiguren editorea lagun. Kazetari lanetan ere aritu da, Gara egunkarian. Gizon barregarriak eleberria argitaratu du orain gutxi, eta «zahartzaroa, gaztaroa eta adina» ditu hizpide lan horretan. Komando izandako baten atrako absurdoa eta bahiketa simulakroa tarteko direla, antropologia ikasten ari den neska baten inguruan garatu du istorioa. Askotariko gaiak jorratu ditu liburuan, umore zirtolariz betiere. Bere azken liburua izan dadila eskatu dio bere buruari, nahiz eta ez dakien hala izango ote den.

Gizon barregarriz osatuta al dago gizartea? 

Gaur egun asko diren arren, oraindik badaude gizon klasikoak, beren buruaz seguru daudenak. Gizon estilo bat da maskulinitateari buruz zalantzak dituena. Kontakizun honetan bada pertsonaia indartsu bat, eta narratzailearen emaztea da pertsonaia hori. Hark ematen dio izenburua liburuari. Gizonezkoei koadro barregarri bat egiteko esaten die, ea horrela zahartzaroarekin arduratuta dagoen epailea beldurtzen duten eta adina aringarri moduan erabiltzen duten. Ez dakit asko garen, baina nik uste dut gero eta gehiago garela, ikuspegi feminista batetik begiratuta barregarri gisa definitzen gaituelako emakume horrek. Eleberrian bi umore mota daude: bata, aipatu dudan emakumearena, femeninoa, gizonezkoen parodia egiten duena; eta bestea, narratzailearena, nobela osoari umore ukitua ematen diona, sotila bezain ironikoa. 

Eta politikoki zuzenak ez diren euskal idazle gutxi al daude? 

Pentsatzen dut dezente izango direla. Ni, behintzat, horrelakoa naiz. Artea ez da ukatzea, ez da gauzak dauden bezala ikusi nahi ez izatea edo gauzak datozen bezala ez onartzea. Nik askotan erabiltzen dut Felix de Azua ultraeskuindarraren esaldia, zera dioena: literatura modernoa gertuago dagoela karikaturatik argazkitik baino. Guk joera dugu karikatura egitekoa, eta karikatura egiten baduzu, zaila da zuzena izatea. Uste dut idazle guztiek dutela politikoki zuzena ez izateko joera. 

Irakasle erretiratu bat eta antropologiako tesia egiten ari den ikasle gazte bat eraman dituzu liburura. Lolitaren figura ekar dezake gogora? 

Ez du inolako antzekotasunik Lolitaren figurarekin, ezta Miranderen Haur besoetakoa-rekin ere. Neska hau oso indartsua da, anbizio handikoa, baserritarra, eta jendea liluratu egiten du, ez bakarrik eleberriko bi gizonek. Bata, soziologiako irakaslea eta komando burua, eta bestea, narratzailea eta literaturako irakaslea. Azken finean, narratzaileak nahasten du emakumea sexuari buruzko literatur lan hori egiteko. 

Anais Nin, Katherine Millet eta Christine Angot aipatzen dituzu eleberrian. Horrelako euskal nobela bat izateak hautsak harrotuko lituzkeela adierazi zenuen aurkezpenean. 

Nobelan dauden hiruzpalau harietako bat da sexuari buruzko azterketarena. Aipatu ditudan hiru egile horiek ezberdinak dira, eta bakoitzarena istorio bat da. Nik buruan neukana da Katherine Milleten liburua posible zela Parisen; izan ere, 1914ko giroan, artearen munduan, bikote aldaketak egiten zituzten. Aldiz, hemen, Milletenak bezalako benetako aitorpen gordinik, nekez. Literaturan beti dago aitorpen puntu bat, baina gezurrarekin kamuflatuta. Baina emakumeen kasuan, aitorpen gordinak izaten dira, eta euskal literaturan ere badira: Eider Rodriguezen eta Miren Agur Meaberen lanetan, esaterako. Nik planteatzen nuena zen ea posible ote den sexuari buruzko horrelako kontakizun bat egitea gurea bezalako herri txiki batean, eta, egia esan, ez dut uste posible denik. 

Alde feministatik, sudurluze gisa har zaitzaketela uste duzu? Gizon batek idatzi beharrean emakume batek idatzi beharko lukeelako, alegia. 

Emakume izan banintz eta hori erreala izan balitz, hau da, sexu esperientzia horiek kontatuko banitu, ez nindukete sudurluze moduan hartuko. Baina gizonezko izanda, joko literario gisa landu dut; bestela, ez legoke istoriorik. Egia esan, joko handia eman dit gaiak bukaerara arte luzatzeko. Feminista ikuspegitik ez dago ezer nire alde, ezta kontra ere. Izatekotan, irakurleren batek Milleten liburua erosi eta irakurriko balu, hori nire alde izango litzateke. Sexualitatearen gaur egungo ikuspegiaren alderik politenetako bat hori da: Milletena bezalako liburu bat gizonezko batek egin dezake? Emakume batek egin dezake? Emakume batzuek lortzen dute, eta horrek zer ondorio eta ordain ekar ditzake?

(ID_13815263) (/EZEZAGUNA) sat@kopyleku.com_20240422_172247_0001
Joxean Agirre idazlea. Kazetari aritu zenean, autoz joaten zen elkarrizketak egitera, eta, gidatzen ari zen bitartean, koaderno batean hartzen zituen burura zetozkion hainbat ohar, begiak errepidean iltzatuta zituela. Irudian, Agirre, autoa gidatzen, kazetaria zen garaian. Utzitakoa
 
Beste harietako bat da uniformatuen lurrinena. Nola bururatu zitzaizun gai iraultzaile hori?

Usainak modu literarioan funtzionatzen du, baina era berean erabiltzen dut memoria historikoa lantzeko modu bezala. Norbaitentzat txorakeria bat izango da, baina iruditzen zait usainek funtziona dezaketela modu literarioan. Erreferentzia batzuk banituen aurrez: Gara-n lan egiten nuenean, soldata borobiltzeko Ikastola aldizkariko erreportajeak eta elkarrizketak egiten nituen beste kide batekin batera. Beti harrigarria egiten zitzaidan Arabako eta Nafarroako ikastola jakin batzuetan, fraideak edo mojak egondako eraikinetan, egoten zen usaina. Ildo horretan, jakin badakit guardia zibilen kuarteletan ere usaina egongo dela; ez naiz inoiz bertan egon, baina konbentzituta nago. Badut liburu bat etxean, Berako [Nafarroa] alkate izandako Josetxo Goiarena, eta bertan hainbat pasadizo daude jasota; pare batetan kontrabandista batzuk agertzen dira usain horrekin, guardia zibilen presentzia atzematen dutenak.

Hirugarren haria, berriz, narratzailearen eleberria litzateke. 

Bai. Narratzaileak Ibaetako [Donostia] kafetegian neska gaztearekin partekatzen duen nobela absurdoa da. Bere garaian, atxilotu zutenean, haren euskarazko nobela bat aurkitu zuten. Goizetan, egurtu egiten zuten, eta arratsaldean, gaztelaniara itzultzen zuen nobela hori. Itzulpena nahiko gogorra denez, guardia zibil gazte baten eta neska baserritar baten arteko erromantze arraro bat asmatzen du narratzaileak. Hala, Xeherezade gogora ekartzen duen nobela dela esaten dio neskak, eta idazten jarrai dezala eskatzen dio, baina ez du idazten. Ideia hori aspalditik neukan buruan, Jon Arretxeren Intxaurrondo lana irakurri nuenetik. Hasieran pentsatu nuen nobela bat egin nezakeela, baina iruditu zitzaidan euskal gatazkari buruzko beste lan bat izango zela, eta bere horretan utzi nuen. Orain, eleberri honetarako ongi egokitzen zela ikusi, eta berreskuratu egin dut.

Umore zirtolaria darabilzu lanean intriga eta sexualitatea jorratzeko. Estilo propio bat sortu duzula esan daiteke? 

Adinean aurrera joan ahala, estiloa zorrozten joaten zara. Hasieran izaten da etapa bat imitazioz funtzionatzen duzuna: bizpahiru idazle ikaragarri gustatzen zaizkizu, eta horiek bezala idazten saiatzen zara. Gero, zenbat eta gehiago irakurri, zure influentziak estaltzen joaten zara. Ideia bera izan liteke estilo propio bat. Norbaitek esan zidan ahots baten erradiografia dela nobela. Inportantea da nork bere ahotsa entzutea goizetan idazten hasi baino lehen, eta horrek gidatzea, nahiz eta mistiko samarra dela dirudien. 

Idazleak liburua amaitu eta argitaratzen duenerako denbora bat pasatzen da. Horrek esan nahi du jada baduzula beste zerbait esku artean? 

Hori hala da. Liburua amaitzen duzunean, une horretan lantzen ari zarena albo batera utzi, eta lehengora bueltatu behar duzu, memoria freskatu. Gizon barregarriak bukatu nuela badira hilabete mordoxka bat, eta orain beste proiektu batekin ari naiz. Neure buruari esaten diot azkena izan dadila, baina ez dakit hala izango den. Batzuetan pentsatzen dut, neure kontsolamendurako, lan berria argitaratzen dudanerako 77-78 urte inguru izango ditudala, eta hemendik hiru urtera Xabier Mendiguren editorea ere hortxe-hortxe ibiliko dela jubilatzeko. Hura jubilatzen bada, nik ere derrigorrez erretiratu beharko dut, haren lanari lotua joan delako nire ibilbidea. Erraza da esatea, baina gero ez dakizu zer gertatuko den. 

MOTZEAN

Idazteko leku aproposena?  
Etxean, ordenagailuaren aurrean, eta han aspertutakoan, ibilian, mendian.  
Non idazten duzu: koadernoan ala ordenagailuan?  
Etxean, ordenagailuan; handik kanpo, edozein paper puntatan.  
Sortzea ala berridaztea nahiago?  
Gauza beraren bi alderdi dira. 
Liburuak irakurtzean, idazle ikuspegitik irakurtzen dituzu?  
Bai, tamalez.  
Eta artikuluak, kazetari senez?  
Gero eta gutxiago.  
Zer da zuretzat idaztea?  
Nire izaerarekin oso ondo datorrela sentitzen dudan jarduera bat.  
Literatura unibertsaleko zein liburu idaztea gustatuko litzaizuke? 
Garaikide batzuen lan txikiren bat irakurri eta pentsatu izan dut: «Niri bururatu izan balitzait...». Baina oso gutxitan gertatu zait hori. Egile handien aurrean, miresmena da nagusitzen den sentimendua. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide