Noiz hasi zinen josten?
14 urterekin hasi nintzen josten ikasten Azkoitiko Arantxa Urkia jostunarekin. 19 urterekin, berriz, jantzigintzako titulua atera nuen Maria Jesus Tapiarekin Bilboko Adrada akademian.
Jostea gustatzen zitzaizulako hasi al zinen ikasten?
Ez, eskolan ikasten segitzeko gogorik ez, eta zerbait egin behar nuelako hasi nintzen josten ikasten, eta gustatu egin zitzaidan. Beti gustatu izan zaizkit Sissi enperatrizaren soinekoen marrazkiak eta. Josten arrastorik ez nuen 14 urterekin, baina, orain, ikasi izanaren batere damurik ez dut, asko gustatzen zaidalako. Nire zaletasun handi bat da jostea.
Gaur egun josten irakatsi ere egiten duzu, ezta?
Bai, bi urte dira josten irakasten hasi nintzela. Josten ikasi nuenean, hamar urtez jostun batekin jardun nuen lanean, baina, gero, ezkondu eta haurrak izandakoan, laga egin nuen lana. Ondoren, Azkue dendan hasi nintzen arropen konponketak egiten, eta lan hori utzitakoan, dendan aritu nintzen lanean. Baina hamar-hamabi urteren ondoren, langabezian gelditu nintzen. Orduan, nire adinean zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen, lanen bat egin nahi nuelako. Etxean hitz egin nuen senarrarekin eta semearekin, eta semeak josten irakasten hastera bultzatu ninduen. Pauso hori eman izanaz oso gustura nago; lanbidea dut orain.
Zerk bultzatzen du jendea josten ikastera?
Josten ikastera gogo eta interes handiarekin etortzen dira, eta denek gauza bera diote: terapia dela beraientzat. Ez dira etortzen jantzi bat konpontzea edo moldatzea nahi dutelako bakarrik, hemengoa erlaxatzeko unea edota terapia da beraientzat. Orain arte besteentzako josten jardun dut, baina inoiz ez dut irakatsi. Beraz, besteei irakasten hastea niretzako ere ikasketa izan da, eta ez da erraza zuk dakizun hori besteei irakastea, baina gustura nago. Nire kontura lanean hasteak bizipoza eman dit. Lehen pentsatzen nuen, "lanik gabe zer egin behar dut? Etxean gelditu? Pasieran egin?". Etxekoek animatu naute neure kabuz hastera, eta negozioari izena etxekoak kontuan hartuta jarri diot. Etxeko hiruron izenak biltzen ditu: semearena, nirea eta gizonarena.
Jendeak azkar ikasi nahi izaten du ala badu pazientzia?
Pazientzia handia hartzen dute ikasteko. Batzuk larritzen dira zerbait ondo irteten ez zaienean, baina gustura ibiltzen dira.
Josten ikasten duten denak emakumeak al dira?
Bai, nirekin ikasten ari diren guztiak emakumeak dira, eta gehienak jubilatu berriak, nahiz eta adin guztietako ikasleak etortzen diren. Josten ikasiz, lasai egoteko eta jendearekin biltzeko aukera dute, eta batzuei kontzentratzen ikasteko ere balio die, horretarako beharra duten pertsonak ere badaudelako. Josi, elkarrekin hitz egin... elkatruke horrek gustura sentiarazten ditu, eta horrek balio die.
Zer da zuk josi duzun gauzarik bereziena?
Mozorroak. Amaia taberna zeneko Karinentzako mozorro bereziak josi izan ditut; hark jantzi dituen mozorro arraroak eta originalak nik jositakoak dira. Gustatzen zait sormena lantzea jantziak sortzerakoan.
Zeure buruarentzako zeuk josten al duzu?
Lehen bai, baina orain ez. Ez daukat denborarik; orain josten irakatsi bakarrik egiten dut. Egunero 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara aritzen naiz josten irakasten, eta ez daukat neuk josteko denborarik. Ordu asko dira jostundegian pasatzen ditudanak, baina gustura nago.
Zer jostea gustatzen zaizu gutxien?
Igoal, kremailerak.
Zuk ikasi zenuenetik, asko aldatu al da jantzigintza?
Azkenean dena berdina da, berdin josten da, aldatzen dena patroigintza da. Josteaz gainera, batzuek patroiak egiten ere ikasi nahi izaten dute, eta hori irakasten ere jarduten dut.