Gelditu dira inprentaren makinak

Maialen Etxaniz 2024ko eka. 25a, 09:00

Angel Mari, Inazio eta Arantxa, Martinez inprimategiko bulegoan, lantegiaren historiari lotutako askotariko tresnekin eta materialekin. Eskuetan, Buztintzuriko Errebaleko inprentaren kokalekuaren argazkia. (Maialen Etxaniz)

Martinez inprimategiak ateak itxi ditu betirako. 1856an ireki zuten, eta hamarkada luzez biziraun du, belaunaldi artean lanari jarraituz. Inprentaren sektorean izandako aldaketak eta teknologia berrien garapena gertutik ezagutu ditu Martinezek. 167 urte beteta, iritsi da erretiroa hartzeko garaia, eta atzera begira jartzekoa. Inprimategiaren azken geltokian jaso dute Uztarriaren bisita azken belaunaldiko hiru anai-arrebek, 2024ko maiatzeko aldizkariko erreportaje honetarako.

Inprimatzearen artea, inprimaketa lanak egiteko tailerra, inprimatzeko teknika... Horrela definitzen dute inprenta hitza hainbat hiztegik. Baina hori baino gehiago da Martinez sendiarentzat. Besteak beste, "eskola, lana eta familia". 2023ko abenduan itxi zuten Martinez inprimategia, eta inprentarik gabe gelditu da Azpeitia.

Familia-inprenta izan zen Martinez. Jasotako agiri guztien arabera, 1856. urtean ireki zuten. Azpeitiko Udal Artxibategian badaude Martinez inprentari lotutako dokumentuak, tartean, Pablo Martinez zenak inprenta irekitzeko egindako eskariarena. Artxiboko iturrien arabera, 1854an eskatu zuen Pablo Martinezek inprenta irekitzeko baimena Azpeitiko udaletxean. Imanol Elias historialariak aurkitu zuen dokumentazio hura, eta hark jakinarazi zien gaur egungo belaunaldikoei. Gainerakoan, inprenta kostuengatik egindako ordainketen agiriak dituzte jasota Udal Artxibategian, kontu liburuetan, baina ezer gutxi gehiago. Urte eta historia askoko inprenta da Martinez, eta, agian, horregatik, ez dago dokumentazio askorik jasota. Dena den, ahoz ahoko transmisioak iraun du.

Pablo Martinezek ireki zuen inprenta, eta haren seme Jose Antonio Martinez Cartonek jarraitu zuen lanarekin. Jose Antonioren ondorengoek, Inazio eta Justo Martinez Olaetxeak, hartu zuten lekukoa, eta Inazioren seme-alabek, Antonek, Arantxak, Inaziok –Inixio-k– eta Angel Marik –Tino-k– borobildu dute mende eta erdi iraun duen istorioa. Martinez-Sarasua dira inprentaren azken belaunaldia. Anton 2020an hil zen, bizitza osoa inprentan aritu ostean. Gainerako hirurek, Arantxak, Inixiok eta Tinok, Martinez inprimategiaren azken lokalean hartu dute Uztarriaren bisita, oroitzapenez betetako materialez eta lanez inguratuta.

Tipoak eta molde tipografikoak. (Maialen Etxaniz)

"Informazio askorik ez daukagu, transmisioa eten egin baitzen. Aitona gazterik hil zen, gure aita umea zenean. Ondorioz, etena egon zen belaunaldi arteko transmisioan. Gure aitak ez zekien gauza askorik etxeko inprentaren historiaz, eta guri ere justukoa iritsi zaigu. Saiatu gara arrastoa ateratzen, eta dakiguna dokumentu zaharretan aurkitutakoa da", esanez hasi dute elkarrizketa. Baina urte luzez bidea urratu duenak badaki zerbait.

Martinez inprimategiak Azpeitiko hainbat lekutan izan du tailerra historian zehar. Erreferentziarik zaharrenak Buztintzuriko Errebalean zegoen inprentarenak dira, eta argazkiren bat edo beste ere badaukate gordeta. Geroagoko erreferentziarik, berriz, ez dute aurkitu. "Guk Erdikalean ezagutu genuen inprenta, baina entzun izan dugu aurretik Enparan kalean ere egon zela. Dena den, ez daukagu hori baieztatzen duen agiririk", azaldu dute hiru anai-arrebek. Antonek, Arantxak, Inixiok eta Tinok Erdikalean ezagutu zuten inprenta. "Familiako inprenta zen, eta eguneroko ogia ateratzeko egiten genuen lan bertan".

Lanean trebatuta

"Gure aitak eta haren anaia Justok egiten zuten lan Erdikaleko inprentan. Gerora, aita gelditu zen tailerrarekin, eta gu harekin hasi ginen lanean", gogoratu dute. Haien aita Inaziok ez zuen ikasketarik, baina ondo ezagutzen zuen inprentako langintza. "Oraindik harrigarria egiten zaigu gure aitak lan hura nola egiten zuen pentsatzea; batere ikasketarik ez zuen hark", diote. Lanean ikasitakoa seme-alabei erakutsi zien Inaziok, eta haiek ederki harrapatu zuten ofizioaren martxa.

Anton eta Inazio Martinez, semea eta aita, lantokian. (Utzitakoa)

Haien aitak ez bezala, azken belaunaldikoek arte grafikoez zertxobait ikasteko parada izan zuten. Anton Urretxura bidali zuen aitak, han ikas zedin. Graficas Lepazpin aritu zen lanean. Inixio Arte Grafikoak ikastera joan zen Bilbora, eta tipografian trebatu zen. Batez ere, moldeen, tipoen eta konposaketen inguruan aritu zen. Ondoren hasiko zen offsetarekin. Arantxa 15 urte zituela hasi zen inprentan. "Aitari laguntzeko hasi nintzen lanean. Orduan ez zitzaigun beste zerbaitetan lanean hastea bururatu ere egin", aitortu du. Hark ez zuen grafiken industriarekin lotutako ikasketarik egin, baina lanean trebatu zen. Angel Mari beranduago hasi zen lanean. Irunen ikasi zuen offseta, eta 1986an hasi zen ofizialki lanean. Aurrez, baina, ibilia zen etxeko inprentan askotariko lanak egiten.

Ez dakite noiz ireki zuten Erdikaleko inprenta, baina badakite 1986an utzi zutela, Landetara lekualdatzeko, espazio falta tarteko: "Beheko solairuan zegoen inprenta, eta goikoan denda geneukan. Inprenta Landetara eraman genuen arren, denda irekita mantendu genuen beste hainbat urtez".

Tipografiaren artea

Arte grafikoen mundua zabala da, eta sektore horretan "ikaragarri" aldatu dira egiteko moduak. Martinez-Sarasua belaunaldikoek ondotxo dakite hori. Gaur egungo edozein gaztek ezin pentsa dezake nolakoa zen inprentaren industria duela hamar hamarkada. Ez da erraza irudikatzen. Garai hartako moldiztegietan egiten zen lanak ez du zerikusirik gaur egungo inprentetan egiten denarekin, eta are gutxiago, kopistegietakoekin. Artisau lanetik asko zuen tipografiaren eta inprentaren arteak. Tipoen garaietan, hizkiak banan-banan gordetzen ziren kaxetan, ondoren molde tipografikoetan muntatzeko. Molde tipografiko zein xafla horiek tintaz estaltzen ziren, besteak beste, zilindro itxurako makinekin. Hizkiak tipoekin nola, irudiak grabatuekin egiten zituzten. Tipo mugikor gehienak berunezkoak ziren; urteen poderioz, baina, tipoak nahiz grabatuak plastikoan egiten hasi ziren.

1887an Martinezen inprimatutako dotrinarako liburuxka. (M. Etxaniz)

"Inprentako lanak asko zuen teknikotik, eta matematikak ezinbestekoak ziren. Une oro erabiltzen genuen matematika. Hizkien arteko tartea kalkulatzeko, moldeetan zenbat hizki sar zitezkeen kalkulatzeko... ia lan guztietarako. Pazientzia handia eskatzen zuen lanak, baina orduan denborak ez zuen gaur egun duen zentzu bera. Orduan lasaiago egiten zen lan", gogoratzen dute. Materialek ere ez zuten gaur egungoekin zerikusirik. Gaur egun ohikoa da kolore guztietako paperak edukitzea. Lehen, berriz, ez zen horrelakorik. "Noiz edo noiz jarri izan genuen papera eguzkitan, ilundu eta bestelako kolorea har zezan", kontatu dute barrez, beste hainbat bitxikeria gogora ekarriz.

Askotariko lanak egiten zituzten Martinezen: "Liburuxkak, taloitegiak, fakturak, ezkontzetarako eta jaunartzeetarako oroigarriak, ordainagiriak, festetarako egitarauak, kartelak, gutunazalak, kartak... Orain egiten ez diren gauza asko!". Berezko uztako produktu bat ere kaleratu zuen Martinezek urte luzez: egutegia. Azpeitiarekin lotura zeukan gai bat hartuta sortzen zuten egutegia, herritarrek nahiz argazkilariek utzitako argazkiekin. Harrera bikaina izan zuten egutegi haiek, baina kostu kontuak tarteko, argitaratzeari utzi zioten.

Landetako lantokira lekualdatu zirenean hasi ziren gauzak aldatzen. "Tipoak utzi, eta offsetean hasi ginen orduan. Eskariak bestelakoak ziren. Aldaketa ez zen egun batetik bestera iritsi, progresiboa izan zen. Tresna berriak iritsi ziren inprentaren industriara, eta horietara moldatu ginen. Urte gutxiren buruan, ordura arte erabilitako tresnek ez zuen ezertarako balio", azaldu dute. "Gure aitarentzat ikaragarrizko aurrerapena izan zen makina berrien sorrera. Hark erabiltzen zituen makinak erabat eskuzkoak ziren. Besteak beste, pedal bidezko makina erabiltzen zuen, eta kaxak, burdinezko xaflak, moldeak eta berunezko tipoak oinarrizko elementuak ziren harentzat. Hilero Euskal Herriko itzulia egiten zuen aitak, pedalari eman eta eman", gogoratzen dute, barrez.

Hiru anai-arrebak, gordetako materiala begiratzen. (M. Etxaniz)

1990eko hamarkadan eta 2000ko lehen urteetan Martinez ez zen izan Azpeitiko inprenta bakarra. Zubi inprimategiak ere urte ugari egin zituen zabalik, eta bi enpresetarako beste lan zegoen sasoi hartan. Zubik formatu handiagoan egiten zuen lan. "Formatu txikiko inprenta zen Martinez. Gurean egin ezin ziren gauzak egiten zituzten Zubin, formatu handiko inprenta baitzen. Hamarnaka langile zituen hark. Gurea, berriz, inprenta txikia zen, familiakoa. Geneukan lan egiteko modua ere horrelakoa zen, beti familiaren bueltakoa, eta bukatu ere horrela egin dugu", diote martineztarrek.

Aldaketa eta gainbehera

2005ean utzi zuten Landetako lokala, Juan XXIII auzuneko tailerrera lekualdatzeko. Hara mugitu zirenean, pare-parean lehertu zitzaien 2008ko krisi ekonomikoa. "Erabateko beherakada" nabaritu zuten eskarietan. "Ordurako, asko jaitsita zegoen lana tresna digitalen ondorioz, baina 2008. urtearen bueltan ikaragarrizko beherakada nabaritu genuen eguneroko lanean. Udatik bueltan, tailerrera etorri eta eskaririk iristen ez zela konturatzen hasi ginen. Ez zegoen apenas produkziorik. Oso urte zailak izan ziren", gogoratu dute hiru senideek. "Bezeroek denetarik eskatzen zuten, baina askoz ere kantitate txikiagoetan. 10.000 gutunazal egitetik 500 egitera igaro ginen denbora gutxiren buruan".

Egoera ekonomiko zailari gehitu zitzaion inprenta digitalaren etorrera. "Juan XXIII.eko tailerrean egin genuen jauzia inprenta digitalera. Ordura arte offsetean egiten genuen lan gehienbat. Baina une batetik aurrera, eskaerak txikiagoak zirenez, errentagarriagoa zen digitalean lan egitea. Prozesu digitalak produkzioaren barruko pauso guztiak mozten ditu, eta, ondorioz, kostuak murrizten ditu", kontatu du Arantxak. Gaur egun, prozesu digitala da gehien erabiltzen dena inprentetan, eta horrek zer pentsatu ematen die martineztarrei. "Martxa honetan, laster, inprentetan ez da eskurik zikinduko; ez da tintarik ukituko", diote. "Auskalo zein izango den hurrengo asmakuntza; edozer espero daiteke jada", pentsatu dute, ahots goran.

Inprentako altzari zaharra. (M. Etxaniz)

Zailtasunak zailtasun, eta aldaketak aldaketa, ez zuten etsi 2023a iritsi arte. Urte horretan hartu zuen erretiroa anaia gazteenak. "Argi geneukan guztiok jubilatu arte eutsi behar geniola inprentari, eta horrela izan da. Hemen hasi ginen lau anai-arrebok, eta hemen amaitu beharra geneukan", azaldu dute. Azken urteetan lankide eta bidelagun izan dute Olatz Machado.

Azken urteak "gogorrak" izan dira Martinez anai-arrebentzat, "okerragoa baita lan faltan egotea, sobera lan edukitzea baino". Inprenta ixteko ordua iritsi zenean, askotariko sentipenak izan zituztela aitortu dute. "Poza eta tristura" sentitu ditu batak, eta "pena baino, poza gehiago", besteak. "Gure lan ibilbidea inprenta honetan hasi eta bukatu da; hemen dago gure bizitzaren zati handi bat", adierazi dute. "Gaur egun lan mundua nola dagoen ikusita –epe motzeko lan kontratuekin, erabat prekarioak diren lanaldiekin–, zortedunak izan garela esan daiteke. Hauxe izan da gure bizitza, eta gure lankideak beti izan dira familiakoak. Hori zoragarria da", ondorioztatu du Arantxak.

Mende eta erdiren ostean moztu da 167 urteko soka. Etenak, ordea, badu bere arrazoia: "Garaiak ez du baimentzen inprentarekin jarraitzea. Seme-alabak hemen sartuz gero gaizki pasatuko lukete, inprenta txikiek ez baitute etorkizunik". Azken hilabeteetan lokala husteko lanetan ibili dira, eta Martinezek ateak itxi dituen arren, gorde egin dituzte arte grafikoen historiari lotutako hainbat altxor. Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan ikus daitezke, esaterako, XIX. mendeko hogeigarren hamarkadan Bartzelonan egindako Minerva makina eta horri lotuta, Martinez inprimategian ehundik gora urtez tipoak sailkatzeko erabilitako Chevalete armairua, haren tiradera altzari eta guzti. Ondare garrantzitsuak direla iritzita, gordetzea erabaki zuten. Bi aukera baloratu zituzten, Valentzian (Herrialde Katalanak) inprentari eskainitako museora eraman edo Azpeitian utzi. Azkenean, tren museoari eman zioten dohaintzan. Martinez inprimategia Urolako Trenbidearen ohiko hornitzailea izan zen. Gipuzkoako inprenta zaharrenetarikoa da Martinez, eta arte grafikoei lotutako ondare berezia utzi du Azpeitian. Martinez itxi den arren, Antonen semeek inprentari lotutako lanetan jarraitu dute. Balio dezala erreportaje honek ondorengo belaunaldiek jakin dezaten inprenta etxeko inprimagailu digitala baino askoz gehiago dela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide