Helduaroan, ikastea aukeran

Nerea Uranga 2024ko mai. 8a, 10:00

Asjid, Amraoui, Diaw, Arotzena, Cazorla, Talib, Ezbah Zahid, Masoad eta Ezzah Zahid Azpeitiko Helduen Eskolan. (Nerea Uranga)

Urola Kostako Helduen Eskolak Zarautzen, Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian ditu 18 urtetik gorakoentzako eskolak. Ikasle gehienek Bigarren Hezkuntzako gradua lortzea dute helburu.

Badira 18 urtetik gora izan eta ikasteko nahia, beharra, sortu zaienak, edota lanean hasi ala lanbidez aldatu nahi dutenak. Oro har, baina, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua behar izaten dute nahi horiek betetzeko. Helduen Hezkuntzak (HH) oinarrizko prestakuntza eskaintzen du, alfabetatzetik hasi eta Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortu arte. Urola Kostako Helduen Eskolak lau eskola ditu eskualdean: nagusiak, Azpeitian eta Zarautzen, eta beste biak, Azkoitian eta Zumaian. Bigarren Hezkuntzako graduatua lortu ondoren, Batxilergoa edo Erdi Mailako Heziketa Zikloa egiteko aukera lortzen dute ikasleek.

Urola Kostako Helduen Eskolaren kasuan, "profil ugaritako" ikasleak ibiltzen dira: badira bere garaian ikasgairen bat gainditu gabe utzi eta orain titulua eskuratzeko berriro ikasten hasi direnak, lana eta ikasketak uztartuz; beren jatorrizko herrialdean ikasketak egin, eta horien homologazioa lortu arte ikasten hasi direnak nahiz lanpostuz aldatu nahi eta horretarako graduatu titulua behar dutenak. Hala azaldu du Urola Kostako Helduen Eskolako irakaslea den Maritere Arotzena azpeitiarrak.



Talde txikietan egiten dute lan, eta "arreta pertsonalizatua" eskaintzen dutela nabarmendu du Arotzenak: "Horrez gainera, orientatzaile bat ere badago eskolan, eta hark aurrera begira egin nahi dutenerako aukerak azaltzen dizkie ikasleei". Eskolak, berriz, astelehenetik ostegunera eta arratsaldez izaten dira, 15:00etatik aurrera.

DBHko lehen eta bigarren mailen baliokidea den GIIIko M1-M2 ikasten ari diren Azpeitiko Helduen Eskolako taldearekin eta Arotzena irakaslearekin bildu da hedabide hau. Ikasleetako batzuk honakoak dira: Azpeitian bizi diren Estrella Cazorla (Malaga, Espainia, 1976), Ramata Diaw (Senegal, 2006) eta Aymen Masoad (Pakistan, 2003); Azkoitian bizi diren Aleena Asjid (Pakistan, 2004), Bekkay Amraoui (Maroko, 1987) eta Maryam Talib (Pakistan, 1996); eta Zestoan, Arroagoian, bizi diren Ezbah Zahid (Pakistan, 2004) eta Ezzah Zahid (Pakistan, 2003). Horietako gehienek diote Helduen Eskolara jo dutela Batxilergoa egin nahi dutelako gero, eta ondoren, medikuntzako edota osasungintzako unibertsitate ikasketak egitea gustatuko litzaiekela. Diawk, ordea, "hegaldietako laguntzaile" lana egitea nahiko luke.

Estrella Cazorla eta Ramata Diaw Helduen Eskolan. (Nerea Uranga)

"Ikasteko aukera ona da"

Cazorlaren eta Amraouiren kasuak bestelakoak dira. Cazorlak soziosanitarioko ikastaro bat du eginda, eta Helduen Eskolan hasi aurretik, adinekoak zaintzen eta eraikinak garbitzen egiten zuen lan. Osasun arloan lan egiteko Laguntzaile Klinikoa titulua atera nahi du, ordea, eta horretarako nahitaezkoa duen Bigarren Hezkuntzako graduatua izateko hasi zen berriro eskolan. Egun, garbitzaile lana eta ikasketak uztartzen ditu. "Ikaskide ditudanak ni baino gazteagoak dira, eta beti azpimarratzen diet ikasketetan ahalegintzeko eta aurrera egiteko, merezi duelako eta gero damurik ez izateko", azaldu du Cazorlak. Gustura dabil Azpeitiko Helduen Eskolan; honela dio: "Eskolako orientatzaileak ere lagundu dit, nik egin nahi dudan bidean zer aukera ditudan azalduta. Eskolan banakako jarraipena egiten digute, eta lagungarria da hori. Egun, ia lan denetarako Bigarren Hezkuntzako graduatua eskatzen dute, eta hori eskuratzeko Helduen Eskola aukera ona da".

Amraouik unibertsitatera arteko ikasketak eginda ditu Marokon. Orain dela urtebete pasatxo etorri zen Azkoitira bizitzera, eta ordutik ikasketak homologatzeko ahaleginak egin ditu, Mekatronika ikasi nahi duelako gero; orain lortu du homologazioa. Bitartean, Helduen Eskolara joaten da, besteak beste, gaztelania ikasteko. "Hizkuntzetan oso abila da Bekkay, eta hurrengo bere erronka euskara ikastea izan behar duela esaten diot nik", gaineratu du Arotzenak.

Asjidek eta Talibek hitz egiten dute euskaraz, eta hala diote: "Gaztelaniaz baino euskaraz gehiago dakigu, eta herritarrekin euskaraz hitz egiten dugunean maitatuagoak sentitzen gara". Cazorla eta Amraoui ez beste guztiak euskaltegira ere joaten dira euskara ikastera. "A ereduko eskolak ematen ditugu Helduen Eskolan, baina Azpeitiko Udal Euskaltegikoekin harremanetan, B1 azterketarako prestatzen ere jardun gara. Aurreko astean egin zuten idatzizko azterketa, eta ahozkoa prestatzen hasiko gara orain".



Lan munduan aurrera egiteko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortzeko ikasketak eskaintzeaz gainera, alfabetatzeko eta hezkuntza ez arautuko ikastaroak –euskara, gaztelania, ingelesa eta informatika– ere eskaintzen dituzte Urola Kostako Helduen Eskolan.

Baliabide gutxirekin, baina ahal dutenetan, irteerak eta jaiak ere egiten dituzte, Arotzenaren arabera: "Aurreko astean Guggenheim museora joan ginen, beste batean Tabakalerara... San Tomas egunean, berriz, kulturartekotasun festa egin genuen eskolan, eta oso ondo pasatu genuen". 

Arotzenak dio Helduen Eskolaren inguruan informazioa jaso nahi duten guztiek "lasai" jo dezaketela Zarauzko, Azpeitiko, Zumaiako edota Azkoitiko helduen eskoletara. Datorren ikasturterako matrikula epea ekainean zabalduko dute.

Urola Kostako Helduen Eskola

- Informazio eskatzeko? Astelehenetik ostegunera 15:00etatik aurrera eta ostiraletan goizetan deitu daiteke Urola Kostako Helduen Eskolaren ikastetxeetara. Honakoak dira eskoleko telefonoak: Azkoitia, 943-85 03 99; Azpeitia, 943-81 22 03; Zarautz, 943-13 00 13; eta Zumaia, 943-14 31 27.

- Eskaintza. 18 urtetik gorakoentzako da. Hezkuntza arautuan, alfabetatzetik Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua arteko mailak, eta hezkuntza ez arautuan, euskara, gaztelania, ingelesa eta informatika.

- Ikasturteak eta mailak. Irailetik urtarrilera eta otsailetik ekainera dira ikasturteak; bakoitzean maila bat egin daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide