Joxe Takolo beka bi proiekturen artean banatuko dute aurten. Hain zuzen, Ainhoa Caporossi zumaiarrak aurkeztutako Kamineros boulder proiektuak eta Joseba Iztueta gabiriarraren, Ibon Mendia iruindarraren eta Unai Cobos ordiziarraren Izenik gabeko dorrea proiektuek jasoko dute Azpeitiko Udalaren eta Euskal Mendizale Federazioaren beka.
Elkarren artean oso desberdinak diren proiektuak dira biak, baina udalak azaldu duenez, berdinketa teknikoa egon da bi proposamenen artean, eta beka bien artean banatzea erabaki du batzorde teknikoak.“Izenik gabeko dorrea proiektu indartsua, teknikoa eta zailtasun handikoa da”, esan du Ion Oteiza Azpeitiko Kiroletako Batzordeburuak. Kamineros boulder, berriz, bailarari begira "balio handikoa" iruditu zaio batzorde teknikoari: “Oso interesgarria da proiektua, boulderrean ez dagoelako bideko eskaladan adinako informaziorik".
Kamineroseko boulderrak, liburura
Caporossik Zumaia eta Getaria arteko Kamineros eremuko boulder eskalada blokeen krokis-liburu zehatza egingo du. Sorkuntza eta Diseinua gradua ikasi zuen Ainhoa Caporossi zumaiarrak, eta zientzien ilustrazioan espezializatu da. Mendi korrikalaria izateaz gain, mendiko eskia, alpinismoa eta eskalada ere egiten ditu. Hori dela eta, bere "bi pasioak" uztartuko ditu onduko duen liburuan.
Zumaiarrak azaldu duenez, "blokeak irekitzeko ahalegin handiak egin diren arren, dokumentazio aldetik hutsuneak daude". Horrenbestez, falta den hori osatzeko asmoz egingo du lan Caporossik, baliagarri izango dela iritzita: "Krokis-liburu zehatz eta eguneratu bat lagungarri izango da, bai eskarmentu handiko eskalatzaileentzat, bai kirol honetan hasi berriak direnentzat”. Caporossik, argazkiak erabili beharrean, eskuz egindako marrazkiekin irudikatuko ditu krokisak. “Proiektuari balio estetikoa gehitzeaz gain, bloke bakoitzaren edertasun naturala eta berezitasuna nabarmentzen lagunduko du horrek”, azaldu du. Euskaraz sortuko du liburua.
Blokeak ireki dituzten eskalatzaileekin lankidetzan aritu nahi du zumaiarrak, besteak beste, Esther Cruzekin, Eneko Carreterorekin, Xabi Uribeondorekin, Iban Urbietarekin eta Abel Armendarizekin. Proiektuan parte hartu nahi dutenentzat “ateak zabalik” utzi ditu.
Bideak irekitzera, Pakistanera
Izenik gabeko dorrea proiektua, berriz, Pakistanen egingo dute Iztuetak, Mendiak eta Cobosek. Horien helburua da hirugarren linea bat irekitzea Nameless Tower mendiaren ipar aurpegian. Zerbait "teknikoa eta berria" nahi zuten hiru kirolariek, eta "ezin egokiagoa" iruditu zaie Nameless Tower. Pakistaten dago, eta 6.300 metrora ez da iristen. Ibon Mendiak osaba du Mikel Zabaltza alpinista, eta haren bidez izan zuten mendiaren berri. “Bertan, bide bat baino gehiago daude, baina Mikel Zabaltzak, Antonio Aquerreta eta Fermin Izcok ireki zuten lehen bidea ipar aurpegian, eta Intsumisoa izena jarri zioten. Gerora, errusiar talde bat bakarrik pasa da handiek. haiek ere bide berri bat ireki zuten paretaren erdira arte, baina handik gailurrera Intsumisoa bidetik iritsi ziren", azaldu du Joseba Inzuetak. Hori dela eta, beka jaso duten hirukotearen helburua da beste bide bat irekitzea. "Gure planteamendua, beraz, pareta horretan bertan, independentea den linea berri bat irekitzea litzateke, hirugarren bat”, zehaztu du Inzuetak.
"Oporraldi nahiko gogorra" aurreikusten dute Iztuetak, Mendiak eta Cobosek, eguzkirik ia ez dutelako ikusiko. Ekainaren 21ean ateratzea dute buruan, eta 45 egun egingo dituzte han. "Denbora aldetik nahikoa izan behar luke, baina eguraldia ere ezegonkorra izango da, eta ea zenbat laguntzen digun".