Aurreko urteetako arrakastaren ostean, III. Hanburgesa eta Garagardo Dastaketa egin dute gaur Azpeitian, udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako harakinen elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatari elkarteen bilkurak antolatuta. Era berean, Gipuzkoako III. Hanburgesa Artisau Lehiaketa jokatu dute, eta etxean gelditu da aurtengoan txapela: epaimahaiaren arabera, Ermela urdaitegiaren hanburgesa izan da onena. Guztira, hemeretzi lehiakide aurkeztu dira txapelketara; Arrasateko Agirre-Etxe sailkatu da bigarren, eta Ibarrako Tolosa harategia hirugarren.
Lehiakideek beren hanburgesa haragia aurkeztu dute lehiaketara, eta hanburgesak baloratzerakoan, epaimahaiak "jakien itxura, testura, kolorea, zaporea, produktuen konbinazioa eta bertakotasuna" hartu ditu kontuan. Epaile lanak sukaldaritzan eta harategi esparruan aritzen diren hainbat kidek egin dituzte. Hain zuzen, honako hauek izan dira epaileak: Zigor Iturrieta sukaldari eta aurkezlea, Mailu Odriozola Ederto-Harakel elkartearen ordezkaria, Mikel Uria sukaldaria eta Julen Berrondo Mendizaliek tabernako sukaldaria.
Dastaketan jende ugari
Lehiaketari lotuta, herritarrei zuzendutako hanburgesa eta garagardo dastaketa izan da Azoka Plazan, 18:00etatik aurrera. Hanburgesak lehiaketan parte hartu duten harategietako haragiarekin egin dituzte, baina hanburgesaren ohiko aurkezpena izan dute, "ogi artean eta norberaren gusturako gehigarriekin" banatu dituzte. Janaren osagarri moduan, edariak ere eskaini dituzte, tartean, garagardo bereziak. Izan ere, ohiko garagardo eta ardo aukerez gain, inguruko ekoizleek eginiko garagardoa dastatu ahal izan da. Euskal Herriko bost ekoizleren garagardoak eskaini dituzte: Basabe, Mitika, Xorta, Boga eta Zampano. Gainera, "aho gozagarriekin amaitzeko", izozkiak dastatzeko aukera ere izan da, Getariako Dona Doniren eskutik. Kanpoko eguraldi tristeak jende ugari erakarri du Azoka Plazara, eta dastaketaren bueltan, jende ugari elkartu da.
Aurten, gainera, berrikuntza bezala, musikak lagundu du hanburgesa eta garagardo dastaketa; izan ere, 20:30etik 00:00etara 80ko hamarkadako musika festa eskaini dute Azoka Plazan.