"Egoitza harrera" hitzak oso urrun geratzen dira ikastetxe bateko jolastokiko hiztegi arruntenetik; ohikoagoa da beste batzuk entzutea, hala nola "adingabeen zentroa" edo "harrera etxea", jatorri gutxiesgarriagoa edota karitatezkoagoa izan dezaketenak. Izan ere, gizarte arloan aritzen ez diren pertsonek zailtasun handiak dituzte horrelako baliabideetan dauden eta bat-batean herriko ikastetxeetan eta parkeetan agertzen diren "haur horiek" non bizi diren ulertzeko. Are gehiago, taldeetan agertzen eta desagertzen direnean, bat-batean iritsi eta gauetik goizera joaten baitira; eta hori, jakina, nahasgarria da.
Horregatik da garrantzitsua informazioa. Izan ere, informaziorik gabe, ezinbestean, isolamendua eta batzuetan errezeloa ere eragiten duen misterio kutsua elikatzen dugu; edo, agian, pena ere bai, eta horrek ez du normalizazioa laguntzen. Haur horiek ikustean sortzen zaigun jakin-minezko begirada segurtasun eta ulermen begirada bihurtzea da, hain zuzen, informazioaren helburua. Informazioak egoitza harrera zertan datzan aztertzeko eta azaltzeko aukera ematen du, modu erraz eta irisgarrian. Hori, gainera, ezinbestekoa da horrelako biztanleria kaltebera integratzeko, lagun eta ikaskide bihurtuko direnen integrazio hori arindu eta, batez ere, erraztu egin baitaiteke guraso gisa eman dezakegun laguntzari esker.
Etxe "normala"?
Lehenik eta behin, egoitza harrerako sarean dauden haurrak lasai asko "normalak" direla esan dezakegun etxeetan bizi dira. Adjektibo hori azpimarratzen dut, berez normaltasuna, gaur egun, ez delako existitzen; edo beste era batera esanda, aniztasuna delako gaur egun normala dena. Galdera hau egingo nuke: zer da familia normal bat? Haur horiek guztiek, jatorrian, familia bat dute, maite dituen familia bat; baina, zoritxarrez, hainbat gorabehera tarteko, beren familiek ezin izan diete lagundu bizitzako etapa batzuetan. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) babes neurri bat hartzen du, eta horrek inondik ere ez du esan nahi haur horien jatorria desagerrarazten denik, modu batera edo bestera familiekin harremanetan jarraituko baitute. Babes neurri batek haurrak aldi batez egoitza baliabide batean bizitzea dakar, familia egoera konpontzen den bitartean edo harrera familia bat bilatzeko beharra aurreikusten den bitartean. Kasu bakoitza desberdina da, baina guztietan, neurria adingabearen ongizatea lehenetsiz hartzen da. Haur hori hazteko eta eboluzionatzeko leku egoki batean egon behar dela ezartzen da. Eta puntu honetan garrantzitsua da azpimarratzea haurrak ez duela ezer txarrik egin baliabidean egoteko, eta haren familia dela larritasun handiko zailtasunetan dagoena.
Beraz, egoitza harreran dauden haurrak "normalak" badira, haien gurasoak ere normalak dira; haien inguruabarrak eta arazoak dira ezohikoak.
Haur horiek bizi diren etxeetan errutina batzuk dituzte, beste edozein familiarenak bezalakoak; kasu honetan, beste edozein familia ugariren errutinak bezalakoak. Ugaria, zortzi eta hamar haur artean bizi ohi direlako egoitza harrerako etxeetan, etxebizitzaren edukieraren arabera, hamar eta hamabost pertsona arteko profesional taldeekin batera. Profesionalok hainbat titulazio dituzten; gizarte hezitzaileak, gizarte integratzaileak, gizarte langileak edo psikologoak dira gehienak. Horrelako baliabideetan lan egiteko ezinbestekoa da prestakuntza espezifikoa izatea, horrelako etxe baten egunerokotasunak helburu bat baitu: "esperientzia traumatikoa erreparatzea". Horretarako, funtsean, egunerokotasuna izaten da bidea, hau da, egitura, errutina, afektua, segurtasuna... Horregatik da hain garrantzitsua denok batera gosaltzea, bazkaltzea eta afaltzea, gauetako loa ipuin batekin laguntzea, kantatzea, orraztea, janzten irakastea, hortzak garbitzea, nola jaikitzen diren eta zerekin egin duten amets galdetzea. Eskolara eramatea eta musu batekin agurtzea, irteeran jasotzea eta txokolatezko bokata bat ematea.
Komunitateak sendatzen eta erreparatzen du
Errutinak erreparatu egiten du, baina batez ere afektuak erreparatzen du, lehentasuna haur horrek duela ulertzen duen figura heldu batekiko loturak. Baliabide horietan lan egiten duten pertsonen helburua da helduak konfiantzazkoak direla erakustea; komunitate gisa, helburu hori lortzen laguntzea guztion erantzukizuna izan beharko litzateke, baita ikastetxeena ere.
Baliabide horietan bizi diren eta gure ikastetxeetara joaten diren haurrek batzuetan lotsa senti dezakete eskolak amaitzean bostetan jasotzen dituenari buruz argi eta garbi hitz egiteko. Batzuetan ez diote inori esan nahi non bizi diren, edo galdetzen dietenean ea nor den beraiekin datorren <em>hori</em>, "zaintzen nauena" esaten dute. Helduen aldetik zaila da alderdi horri heltzea, baina hori egiten hasten bagara eta bizitza horien errealitatea "normaltasunean" integratzen hasten bagara, erantzun horien bidegurutzeak konpontzen has gaitezke. Horregatik, agian gurasoei eta ikasleei beraiei hitz egiten hasi behar zaie familia mota desberdinei buruz, eta "egoitza familiak" zerrenda horretan sartu behar dira.
Egoitza familia
Egoitza familiak familia trantsiziozkoak direla esan daiteke, epe baterako izaten direlako –batzuetan hilabete batzuk eta beste batzuetan urte batzuk–. Egoitza familiaren eginkizun nagusiak zaintzea eta babestea dira, loturaren, afektuaren eta gertutasunaren bidez bizitza esperientzia osasuntsu bat eskainiz, haur horiek egonkortzeko, modu egokian eta zoriontsuan haz daitezen. Familia mota hori ez da hainbeste bereizten beste familia batzuengandik; edo bai, etxe bakoitzean arau eta errutina batzuk daudelako, ordu batean ala bestean jaten delako, ordainsaria dagoelako edo ez dagoelako, telebista gauetan edo asteburuetan bakarrik ikusten delako... Egoitza familiak barre egiten duten familiak dira, negar egiten dutenak eta haserreak izaten dituztenak, elkar maite dutenak eta adiskidetzen direnak. Beren akatsetatik egunez egun ikasten duten familiak dira, eta ondo egindakoak ospatzen dituzte, elkarri kilimak egiten dizkiote. Jatorrizko familiak beren seme-alaben bizitzan ahal den neurrian integratzen saiatzen diren familiak dira egoitza familiak; horregatik, harremanak eta bisitak sustatzen dituzte, eta hartu-eman horiek batzuetan lagunduak izaten dira eta beste batzuetan ez. Familia horiek aukera sorta zabala eta askotarikoa dute, beraiekin bizi diren haur guztiak bezain zabala eta askotarikoa.
Beraz, kontzeptu horiekin ohitzen eta hitz horiek gure hiztegian txertatzen hasten bagara, errespetuzko errealitate bat sortuko dugu, haurtzaroko esperientzia traumatikoa erreparatzearen helburu garrantzitsu hori lortzen laguntzeko; haurrok gure herriaren parte bihurtuz, beste edozeinen pare; pixkanaka uler dezaten sentiberatasun horrekin hartzen eta begiratzen dituen leku bat dutela. Ez dira harrerako haurrak, ezta pentsatu ere; egoitza familiako haurrak dira, eta guraso eta irakasle gisa dugun erantzukizuna da inguratzen gaituen munduaren aniztasunak etxe horien errealitatea ere, kolore zoragarriz betetako errealitatea, barne hartzea.
Sinatuta: ama bat.
(Erredakzioan itzulia)