Sanjuandegiko festak gerturatzen ari direla eta, Itaia hasi da jaietarako antolatzen eta eraso matxistei "aurre egiteko" tresnak prestatzen. Urola Erdiko Itaiak iaz jarri zituen aurrenekoz etxeratze kolektiboak martxan Sanjuandegiko festetan, eta aurten ere horiek antolatzeko asmoa dute. Dena den, aurrenik herritarren iritziak jaso nahi dituzte baita etxeratze kolektiboez xehetasun gehiago azaldu ere. Beraz, galdetegi bat ireki dute, eta batzar irekia antolatu dute azalpenak emateko, galderei erantzuteko eta jendearen iritziak jasotzeko.
Itaiaren arabera, festa giroan "emakumeen aurkako jarrerak normalizatu" egiten dira, eta horri aurre egitea ezinbestekoa dela uste dute: "Urtero errepikatu ohi dugun moduan eta urtero berresten den moduan, festa giroan eraso matxistek inpunitatea irabazten dute. Hau da, testuinguru horretan emakumeon aurkako jarrerak normalizatu egiten dira. Hori horrela izanik, behar-beharrezkoa dugu indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak garatzen joatea eta emakume langileon arteko babesa antolatzea". Bide horretan kokatzen dituzte etxeratze kolektiboak, "erasoak saihesteko eta etxera seguru itzultzeko tresna gisa".
Galdetegia dagoeneko ireki dute, eta honako lotura honetan dago eskuragarri. Asanblada irekia, berriz, maiatzaren 27an, 19:00etan, egingo dute Azoka Plazako aretoan. "Bertan, etxeratze kolektiboak zer diren eta nola funtzionatzen duten sakonago azalduko dugu. Beraz, informazioa eskuratu nahi izanez gero edota esku bat botatzeko prest egonez gero, asanbladara bertaratzeko deia luzatzen dugu", azaldu dute.