Sanjuandegiko festak 2024

"Sanjuandegiko festek bizia ematen diote auzoari, eta hori da garrantzitsuena"

Erredakzioa 2024ko mai. 24a, 09:00

EƱaut Kerejeta eta Iosu Merino.

Hilabeteetako isileko lanaren ondoren, berriz ere Mantangorri ikur duten festez gozatzeko aukera izango dute azpeitiarrek. Aurtengo egitarauak jasotzen dituen berrikuntzak eta nabarmentzekoak zeintzuk diren azaldu dute XJ Auzolanean taldeko Eñaut Kerejeta eta Iosu Merino kideek

Festak berrikuntzekin datozela aurreratu duzue. Zer nabarmenduko zenukete?

EÑAUT KEREJETA: Aurtengo egitaraua, orokorrean, urteroko antzekoa da. Egia da, ordea, urtero jasotzen ditugula auzotarren, herritarren eta eragileen aldetik proposamenak, gu beti horiek entzuteko prest izaten baikara. Horrela, aurten, adibidez, zumba saioa arratsaldean eskaintzeko ideia helarazi zigun Regla Hernandez irakasleak, umeak zein adinekoak bilduko zituen saio parte-hartzailea nahi zuela egin. Igande arratsaldean herria kirolen aurretik tarte bat genuela ikusirik, hor sartzea erabaki genuen.

IOSU MERINO: Bestetik, Trikifree emanaldia izango dugu berrikuntza gisa. Trikiti txapelketen formatu tradizionaletik irten, eta berrikuntza batzuekin iritsiko da eta formatu berri batean. Polita izango delakoan gaude.

Sanjuandegiko kanta moldatuta ere atera duzue.

E.K.: Aurtengo spotak Mantangorriren bilakaerari errepasoa egiten dio, urte hauetan guztietan auzoaren alde lanean ibili diren guztiak omenduz, eta horretarako Sanjuandegiko kanta birmoldatu dugu, Laket taldearen eskutik. Horretaz gain, beste sorpresa bat ere gordeta daukagu, eta herritarrei gustatuko zaiela uste dugu.

Makina bat bider entzungo den abestia izango da, beraz, aurtengo jaietan.

E.K.: Seguruenez, bai.

Urtero bezala, Ume Egunarekin hasiko dira festak. Zer nolako harrera izan du?

I.M.: Duela bi aste zabaldu genuen izena emateko aukera, eta 300 haur inguruk eman dute izena. Aurten, begirale kopuruan izan dugu hazkunde nabarmena, izan ere, gutxi gorabehera 70 izango dira, eta animatu diren gazteei eskerrak eman behar dizkiegu. Egunari dagokionez, urteroko antzekoa izango da, goizean gurasoek umeak utziko dituzte eta jolasak egingo dituzte, ondoren bazkaria izango da, eta amaitzeko mago baten ikuskizuna. Ea eguraldi ona egiten duen eta egunaz goza dezaketen. Sei eguneko egitaraua izango dute herritarrek, ekitaldiz beteta.

Lan handia al da hori guztia prestatzea?

I.M.: Lan ikaragarria da, batik bat, denbora aldetik; ezin dugu bi hilabete lehenago hasi antolaketan, askoz lehenago egin behar izaten ditugu gauzak. Kontzertuak lotzea izaten da zailena.

E.K.: Bai, kontzertuak lotzen, adibidez, azaroan hasi ginen. Urtero legez, ezezko dezente jaso ditugu, eta urtarrilean hasi ginen zehazten. Gero, egitarauaz gain, aparteko lan asko izaten dugu; egitarauan zer dagoen begiratzen joaten gara, eta festak gerturatzen ari diren heinean, egin beharreko eskaerak egiten ditugu.

Lagun asko al zarete lan horiek guztiak egiteko?

I.M.: Aurten inoiz baino gehiago izan gara. Orain arte hamar lagun inguru aritzen ginen, edo gutxiago; baina, aurten, 15-16 urteko gazte ugari sartu dira taldean. E.K.: Festak antolatzeko bilera irekia egiten dugu urtero, eta aurten hamar gazte berri azaldu dira. Guretzat pozgarria da hori; izan ere, festetarako laguntzaz gain, atzetik erreleboa dagoela ikusi dugu.

Sanjuandegiko festek azken urteetan hartu duten indarra eta ospea ikaragarria da. XJ Auzolanean taldea horren jakitun da, ezta?

E.K.: Harrera ona beti izan dute festek, baina egia da azkenaldian gero eta gehiago ari garela antzematen. Azpeitian bertan ere erreferentziazko festak dira, eta jende askok esaten du auzo bateko jaiak izateko oso onak direla. Herritik kanpo duten oihartzuna ere handia da: Donostiatik edota Gasteiztik etortzen da jendea, batzuek autobusak ere antolatzen dituzte etortzeko. Gero eta jende gehiago eta gero eta urrutiagotik etortzen da.

Posible al da horrelako arrakasta duten festak hobetzea?

I.M.: Zaila da, batik bat, horrelako ospea hartzen dutenean. Auzo bat izanda, gainera, egitarauaren aldetik ekitaldiak mantentzen saiatzen gara, ahaleginik handiena kontzertuak lotzen eginda. Iaz, adibidez, nik inoiz ikusi dudan jenderik gehiena bildu zen auzoan, karpa leporaino beteta. Guk geuk ere izugarrizko lan pila izan genuen dena aurrera eramaten. Izugarrizkoa izan zen! Beraz, gauzak horrela daudela, eusten saiatu behar gara.

E.K.: Egitarauaren aldetik ahalik eta anitzena eta zabalena izan dadin saiatzen gara: umeentzat, helduentzat, kirola, kultura, musika… Sanjuandegikoak ez dira parrandarako jaiak soilik, auzoari bizia ematen dion festak dira, eta hori da garrantzitsuena.

Festen aurretik eta festa egunetan lan asko izaten duzuela aurreratu duzue, baina gozatzeko tarterik hartzen al duzue?

I.M.: Esan ohi den bezala, ahal dena…

E.K.: Hartzen dugu tartea horretarako ere, ez nahi bezainbeste, baina tira...

I.M.: Aprobetxatzen dugu ditugun tarteak.

E.K.: Azkenean, parrandan egonda ere, burua erne izaten duzu, beti gertatzen baita zerbait. Hala ere, asteazkeneko bertso afaritik hasten gara gozatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide