Sanjuandegiko festak 2024

Ez naiz Sanjuandegikoa, baina…

Ainhoa Alberdi 2024ko mai. 28a, 09:00

Ainhoa Alberdi.

Ainhoa Alberdi herritarrak Azpeitia Gukak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkarirako idatzitako edukia da honako hau.

Ni ez naiz Sanjuandegikoa, baina bertakoa sentitzen naiz. Lanaz gain, lagunak han ditut, eta eguneroko bizitza ere han egiten dut. Horregatik, Sanjuandegiko festak oso bereziak dira niretzat. Jende gutxik jakingo du, baina Sanjuandegiko festak San Joan jaietan egin ohi ziren. Urrestillako eta Oñazko festekin bat egiten zutenez, ordea, eta beste festen arduradunek eskatuta, ekainaren hasierara mugitu zituzten.

Ordutik, ekainaren lehenbiziko asteburuan jai giroan murgiltzen da auzoa. Gehien gustatzen zaidana da Sanjuandegiko festek udari hasiera ematen diotela; herritar guztiak gogoz ikusten ditut, gustura, eta lana egiten dudan tabernako barraren atzetik poztasun hori nabaria izaten da.

"Besoak zabalik hartuko ditugu, eta ziur nago oso ondo pasatuko dutela"

Nabaria da, era berean, azken urteetan auzoko festek izan duen bilakaera. Duela 40 urte baino gehiago, festak ospatzen hasi zirenean, diru laguntzarik ez zegoen, eta auzotarrak etxez etxe joaten ziren laguntza eske. 40 urte geroago, Sanjuandegiko festak herritarren gustukoenetarikoak bihurtu dira, gero eta ekitaldi gehiagorekin eta euskara oso presente dela.

Urtez urte, gero eta indar handiagoa hartzen joan dira auzoko festak. Hori guztia festa batzordearen lanari zor zaio, eta eskertzekoa da. Izan ere, badakit astean behin biltzen direla, auzoarentzat eta auzotarrentzat ahalik eta ekintza ederrenak antolatzeko helburu bakarrarekin. Festak prestatzerakoan, adin tarte guztietako herritarrak izaten dituzte kontuan, eta ezkutuko lan asko egiten dute, inork nahi ez dituen lan gogorrak ere bai; adibidez, txosnen muntaketa. Bejondeizuela!

Ezin dut ahaztu festan aktiboki parte hartu nuen urte hura ere. Duela hamabi urte izan zen. Sanjuandegi beti izan dut auzo kutuna, eta nire afizioak ere baditut, herri kirolak, adibidez. Hala, betiko amets bati heltzea erabaki nuen: auzoko festetan zerbait berezia egitea. Hasiera-hasieratik laguntza handia jaso nuen lagunen eta festa batzordeko kideen partetik. Harri jasotze erakustaldia prestatu nuen denbora luzez (sasoia ere gaur egungoa baino hobeagoa nuen), eta saioa egin nuen festen baitan. Oso gustura egin nuen zerbait izan zen, eta oso pozik gelditu nintzen emaitzarekin. Oso egun polita izan zen, niretzat behintzat, eta inoiz ahaztuko ez dudan oroitzapena da.

Urtez urte, gero eta indar handiagoa hartzen joan dira auzoko festak

Mantangorriren festen inguruko pena bat ere badut: Zumaian edo Beasainen bezala repetiziorik ez egitea, edota bi asteburuko festak ez izatea Sanjuandegikoak.

Txantxak alde batera utzita, eta amaitzeko, azpeitiarrak eta inguruko herrietako bizilagunak festez gozatzera gonbidatu nahi nituzke. Dozenaka ekitaldi aurkituko dituzte, asteburuan zein aste barruan, helduentzat, umeentzat, kultur arlokoak, kirol ekitaldiak… Besoak zabalik hartuko ditugu, eta ziur nago oso ondo pasatuko dutela.

Ez naiz Sanjuandegikoa, baina…

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide