Iaz egin zuten bezala, Urola Erdiko Itaiak eta XJ Auzolaneanek etxeratze kolektiboak antolatu dituzte elkarlanean Sanjuandegiko festetarako. Horrela, maiatzaren 31n, ostiralez, eta ekainaren 1ean, larunbatez, eskainiko dute zerbitzua. Orduak oraindik zehaztu gabe dituzten arren, iazko eredua jarraitzeko asmoa dute, eta egunean bizpahiru txanda egingo dituzte.
Joan den urtean abian jarritako ekimena da etxeratze kolektiboena, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin dute: "Agian ez zuen sekulako jendetzak parte hartu, baina ekimenak jakinmina sortu zuen herrian, eta harrera ona izan zuen. Ohitura falta ere badago horrelako zerbitzu bat erabiltzeko, azkenean, etxerako bidea egiteko errazagoa baita lagunekin egitea edo familiako norbaiti deitzea, ezezagunekin egitea baino. Iazkotik ikasi duguna hori da hain zuzen ere, gurasoengana iritsi beharra dugula", agertu du Itaiako eta XJ Auzolaneaneko kide den Onintza Kerejetak.
Gurasoengana iristeko asmoz, hainbat bide jorratu dituzte aurten, hala nola inkesta bat zabaldu dute gaiaren inguruan dagoen interesa ezagutzeko eta ekimenaz informaziorik baduten jakiteko, eta herriko portaletan kartelak jarri dituzte informazioarekin. Gainera, batzar irekia egin dute informazioa helarazteko eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko asmoarekin. "Jendeak ekimena gertuagokoa senti dezan, ezinbestekoa iruditzen zaigu horien parte hartzea", azaldu du Itaiako eta XJ Auzolaneaneko kideak.
Antolatzaileen ustetan, etxeratze kolektiboen beharra benetakoa da tamalez. "Gure bizipenetatik eta gazteekin hitz egindakotik abiatuta, festetan beldur gehien etxerako bidean sentitzen da. Une horietan seguru sentitzeko modua dira etxeratze kolektiboak, nahiz eta jakin badakigun ez direla irtenbidea. Hala ere, eskaini beharreko aukera zela ikusten genuen, eta modu horretan, etxera seguru joango direla bermatu".
Protokoloa
Txosnagunerako protokoloa ere prestatu dute. "Badakigu jai giroan indarkeria matxista kasuek gora egiten dutela: ukituak, iruzkin lizunak, etxera bidean jarraipenak... Hori dela eta, erasoen aurkako protokoloa jarriko dugu berriro martxan", azaldu du Kerejetak.
Besteak beste, telefono zenbaki bat jarriko dute eskuragarri Sanjuandegiko festek irauten duten bitartean: 688 69 93 70. "Edozer gauza gertatuz gero, telefono horretara dei dezakete, eta gertatutakoaren aurrean jarraitu beharreko pausoak ematen hasiko ginateke. Hala ere, ez genuke nahi protokoloa aktibatzeko arrazoirik izatea; festak ondo eta gertakaririk gabe igarotzea da beti helburu nagusia", adierazi du Kerejetak.