Sanjuandegiko festak 2024

Musikaren ateak zabaltzera dator Trikifree

Erredakzioa 2024ko mai. 30a, 09:00

Aurtengo festen egitarauan herritarrek ez dute trikitilari gazteen txapelketarik aurkituko. Lehiaketa kutsua alde batera utzi, eta emanaldi berezia prestatu dute XJ Auzolanean taldeak eta Trikigirok: Trikifree. Sormenez eta berrikuntzaz beteriko hitzordua izatea espero dute.

Hutsik egiten ez duen hitzordua izaten du trikitiak Sanjuandegiko festetan. 2013az geroztik, XJ Auzolanean taldeak eta Trikigirok elkarlanean antolatu izan dute Trikitilari Gazteen Txapelketa. Aurten, txapelketak hamargarren urtea beteko lukeenean, ordea, berrikuntza nagusi batekin iritsiko da trikitiaren festa.

Izan ere, txapelketa izatetik emanaldi izatera igaroko da aurtengo jaietako hitzordua. Horrela aurreratu dute antolatzaileek, formatuak aldaketa baten beharra zuela arrazoituta: "Duela bederatzi urte hasi ginen gazteen trikiti txapelketa antolatzen, eta azken urteotan ikusi dugunez, nahiz eta Azpeitian osasuntsu eta gogor heldu dion, formatu hori gainbehera joan da Euskal Herrian. Gero eta txapelketa gutxiago antolatzen dituzte, eta parte-hartzaileak ere gutxituz doaz. Horren aurrean zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, susperraldi bat eman", azaldu du Haritz Garmendia Trikigiro elkarteko kideak.

Horrela, buruari eragin, eta formatu berritzaile batekin probatzea erabaki dute: Trikifree.

Baina zer da Trikifree?

Guztira zazpi bikotek parte hartuko dute emanaldian, "horietako asko aurreko txapelketetan egon izan direnak, gainera", eta zortzi minutu izango dituzte aurrez prestatutako sorkuntza bat eskaintzeko. Antolatzaileen asmoa da sormena ardatz gisa hartuta, kultur sortzaile batek dituen dimentsio desberdinak aztertzea; beraz, telebista pantaila bat edota musika instrumentu desberdinak erabiltzeko aukera izango dute. "Soinuak eta panderoak egon beharra izango dute, baina gainontzeko guztia libre izango dute. Batzuek, agian, aspaldiko kanta bat berreskuratuko dute; beste batzuek, gustuko trikiti pieza joko dute; eta akaso egongo dira beste musika tresna batzuk erabiltzeko hautua egiten dutenak ere. Ez dakigu zer irtengo den, baina trikitia mundura libre zabaltzea izango da, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntzekin", adierazi du Garmendiak.

Aurrez inon egin edo probatu gabeko formatua dela onartu du Trikigiroko kideak. "Ezin dugu jakin zer irtengo den, nola joango den, baina lanketa baten ondorioa izan da. Azkenean ezagutzen ditugu Trikifree emanaldiko parte-hartzaile guztiak, gazteak dira gehienak, eta esperimentatu nahi genuen. Proba bat da, denak animatuak ikusi ditugu formatu berrirako, eta ea ondo irteten den, aurrerantzean ere horrela jarrai dezan".

Trikitia "anitza" dela uste du Garmendiak, eta aniztasun hori baliatu nahi izan dute formatu berria proposatzeko orduan. "Aniztasun horren baitan askatasuna emango zaie parte-hartzaileei nahi dutena egiteko, free edo askatasun hori gustuko dutenera zabal dezakete, azken joera diren musika estiloetara, adibidez. Ateak irekita dituzte, baina, aldi berean, gure galbahetik pasatu beharko dute, euskaraz eta trikitiaren aberastasunarekin. Izan ere, trikitia barrutik ezagutuz gero, ez da forma batekoa bakarrik, forma ugari ditu, eta formatu honetan trikitiaren forma klasikoa gazteen ikuspegi berriekin uztartu nahi dugu".

Elkarlana

Trikifreek zer emango duen ez dago aurreikusterik, baina argi dago trikitiaren eta Sanjuandegiren arteko harremanak orain artean bezain estua izaten jarraituko duela. "Zerbait aitortzeko badugu, XJ Auzolanean taldearen laguntza da. Azpimarragarria da jasotzen dugun babesa; kide gazteek txapelketetan parte hartu izan dute, aurtengo bikote bat ere festa batzordetik dator… Urte luzez izan dugu harremana, eta harreman horrekin jarraitzeko modu egokia izan daitekeela uste dugu aurtengo formatua. Ea horrela den!", amaitu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide